'Sagastitarrak' lanarekin abizenaren eztabaida oholtzaratuko du Txalok

Gaur estreinatuko du Txalo konpainiak 'Sagastitarrak'. Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria dira antzezleak. Anton, aita, ez dator bat alabak hartu duen azken erabakiarekin

Ezkerretik hasita, Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. TXALO PRODUKZIOAK.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

Asko dira oraindik ere haur bat izan eta zein abizen jarri erabakitzeko garaian talkak eta eztabaidak izaten dituztenak. Batzuetan abizena galtzearen beldurragatik izan daiteke; baina ba ote du tradizioak, ospeak edo gizarte mailak zer ikusirik afera horretan? Horixe da, hain zuzen ere, Txalo konpainiak gaur Donostian estreinatuko duen antzezlan berriaren ardatza: Sagastitarrak. Gaur, bihar eta etzi izango da antzezlana Donostiako Antzoki Zaharrean; hiru egunetan 20:00etan. Sarreren prezioa 20 - 25 euro artekoa da.

 

Goi burgesiako familia bat dira sagastitarrak, eta ez da giro haienean, Ane alabak hartu duen erabaki berriarekin. Ekintzaile feminista da hura, eta umetatik jarri zioten abizenen hurrenkera auzitan jartzen hasi da. Ohikoena denez, aitarena darama aurrena eta amarena bigarrena, eta hori aldatu nahi du orain. «Patriarkatua ez dugu amaituko mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean», adieraziko du.

Anton Sagasti da familiako aita, gainontzekoak baino tradizionalagoa eta kontserbadoreagoa, eta ez du ulertzen alabak haren abizenen ordena aldatu nahia. Ane eta bere bikotekidea, berriz, ideologikoki aitarengandik urrunago daude.

Koldo Olabarrik, Ainhoa Etxebarriak eta Joseba Apaolazak osatu dute antzezlaneko aktore taldea, eta Begoña Bilbao konpainiako kidea arduratu da zuzendaritzaz. Lanaren egilea, ordea, Ramon Madaula da, jatorrizko obra katalanez baita: Els Brugarol.

Bilbaok hasieratik argi zuen Apaolaza izango zela aktoreetako bat, uste baitu genero horretan «oso ondo» moldatzen dela. Etxebarria eta Olabarri, berriz, «aurkikuntza» bat izan dira zuzendariarentzat. Etxebarria irratian eta telebistan aritua da, eta Olabarri, esaterako, Goenkale telesailean.

Madaulak etxean gertatutako egoera baten ondorioz erabaki zuen obra hau sortzea: alabak, behin, amaren abizena lehenengo jartzea zer iruditzen zitzaion galdetu zion, eta, berak «modernoa» zela uste bazuen ere, bere barnean zalantza moduko zerbait sortu zela kontatzen du.

Bilbaok esan duenaren arabera, trama katalanez eta euskaraz berbera da, baina, hasierako familiaren kokapena Katalunia zenez, nolabait Euskal Herriratu egin dute: «Enpresa aldatu dugu, esaterako, bertan ohikoagoa den eremu batera hurbiltzeko, eta berdin izen-deiturekin eta zuhaitz genealogikoarekin».

Politikak ere badu bere pisua: «Izenik eta alderdirik zehaztu gabe, baina bi alderdi ideologiko daude antzezlanean. Oro har, mundua ulertzeko bi era ezberdinek talka egiten dute: aita kontserbadorea da, tradizionalagoa, eta alaba eta suhia, berriz, ideologikoki ezkertiarragoak dira, antisistemagoak eta alternatiboagoak», zehaztu du Bilbaok.

Komedia da antzezlanaren generoa; beraz, barre egitea du helburuetako bat, baina zuzendariak adierazi du hausnartzeko bidea ere ematen duela: «Obrak, barre eragiteaz gain, zer pentsatua ere ematen du; komedia da, baina badu bere konplexutasuna».

Bilbora urrian

Gaurko estreinaldiaren aurretik, Urnietan (Gipuzkoa) egin zuten Sagastitarrak lanaren aurrestreinaldia, herenegun, eta «sentsazio oso onekin» agurtu zuten oholtza, zuzendariak kontatu duenez. Pozik azaldu da jende asko bildu zelako, eta publikoaren zati handi bat antzezlanaren hasieratik sartu izanak aho zapore ona utzi dio estreinaldiaren aurretik.

Ondoren, irailaren 23an Galdakaon (Bizkaia) erakutsiko dute lana, eta Bilbora helduko da gero antzezlana; urriaren 2an izango da azken hori, Arriagan. Jarraian, Pasaian (Gipuzkoa) izango dira, urriaren 15ean hain zuzen. Euskarazkoaz gain, gaztelaniazko bertsioa ere lantzen hasiak direla aurreratu dute: azaroaren 13an estreinatuko dute, Ribaforadan (Nafarroa), eta Leioan (Bizkaia) ere izango dira 18an. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.