«Ispilutxo, ispilutxo, guztietan fidelena, nor da erresumako emakumerik ederrena?». Galdera hori entzun, eta Edurnezuri etorriko zaie gogora bati baino gehiagori. Grimm anaiek 1812. eta 1857. urteen artean bildu zituzten ipuinetako bat da, eta, ordutik urte dezente igaro badira ere, haien eragina bizi-bizirik dago oraindik ere: ipuinaren moldaketa egin du Ander Berrojalbiz idazleak. Elurzuriren hiru heriotzak jarri dio izenburua, eta gaur aurkeztuko dute, Bilboko Azkuna zentroan. Lorazain eguneko ekintza esklusiboa izango da.
Berrehun urtetik gora igaro dira jada Grimm anaiek euren aurreneko ipuin bilduma argitaratu zutenetik, eta, hain zuzen, anaien eskuizkriburik zaharrenean aurkitu du sormen iturria Berrojalbizek: 1327. urtean. «Elurzuriren sagarrari berriro ere kosk egitera gonbidatuko dugu ikuslea, ipuina berrirakurtzera», adierazi du Maider Lopez Khontaira taldeko kide eta biola jotzaileak.
Alabaina, ez da lan erraza izan; idazleak ikerketa luze bat egin behar izan zuen aurrez: «Berrojalbiz urte luzez aritu da sorginkeriaren inguruan ikertzen, eta informazio asko dauka bilduta». Kasurako, Euskal Herriko sorginkeria epaiketa bat xehe agertzen duten agiririk zaharrenak aurkitu zituen, eta, dokumentu horretatik abiatuta, Akelarre. Historias nocturnas en los albores de la gran caza de brujas liburua ondu zuen (Akelarrea. Gaueko istorioak sorgin ehiza handiaren atarian; Pamiela, 2021). «Agiria irakurrita, pozoituriko sagarraren pasartea etorri zitzaion gogora, eta Grimm anaien eskuizkribuak ikertzeari ekin zion», Lopezen hitzetan. Izan ere, Berrojalbiz ohartu zen Grimm anaien bertsioa ez zetorrela bat Erdi Aroko historia iturriekin.
Azterketa horren emaitza da ikuskizuna. Denbora tarte jakin batean kokatu beharrean, obra «atenporala» dela aurreratu du Lopezek: «Denbora eta lekua ez dira zehatzak». Era berean, hiru diziplina uztartuko dituzte obra bakarrean: antzerkia, musika eta dantza. Biola jotzailearekin batera, Berrojalbiz arituko da biolina jotzen; Ainhoa Pineda izango da aktorea; eta Inalvis Etxebarria, berriz, dantzaria. Horiez gainera, Bela Bartok konpositoreak bildutako «doinu mestizoak» ere entzun ahal izango dira. «Natural suertatu zaigu hiru diziplinak nahastea; elkarri lotuta daude antzerkia, musika eta dantza», aitortu du Lopezek. Elena Bezanilla aritu da zuzendari lanetan, eta Joseba Sarrionandiak ekarri du testua euskarara.
Oro har, obra «tragikoa» dela aurreratu du Lopezek, eta, ondorioz, publiko helduari zuzenduta dagoela: «Ez dago ume batek irakurri edo entzun ezin duen ezer, baina, oro har, izenburutik hasita, helduentzat pentsatuta dago».
Bigarren ekoizpena
Khontaira taldeak ondu duen bigarren lana da Elurzuriren hiru heriotzak. Azaroan izan zen estreinaldia, Durangon (Bizkaia), eta gaur emango dute bigarrenez, Bilboko Azkuna zentroan, 19:30ean. Emanaldiez gainera, izen bereko liburua ere argitaratu du Pamiela argitaletxeak.
Sagutxo tuntuna haurrentzako ikuskizuna izan zen taldearen lehenengo ekoizpena. Loraldia jaialdian estreinatu zuten, 2019. urtean, eta musika klasikoa, txotxongiloak, dantza eta antzerkia uztartu zituzten. Pieza hori sortzeko, Dmitri Xostakovitx musikagile errusiarraren opereta bat hartu zuten orduan inspirazio iturri gisa.
'Lorazainentzat', doan
Loraldia jaialdiak 2017an jarri zuen martxan lorazain izateko aukera. Gaur egun, ia 2.200 lagun biltzen ditu komunitate horrek, eta, jaialdiak irauten duen bitartean, hainbat abantaila dituzte. Besteak beste, prezio bereziak sarreretan eta informazioa aurretiaz jasotzeko aukera. Lorazain Eguna, berriz, 2019tik aurrera antolatzen dute, eskertza gisa. Aurten, haientzat izango da espresuki Elurzuriren hiru heriotzak ikuskizuna: bazkide guztiek doako sarrera izango dute.
Bestalde, Sormenak etxeraekimena ere jarri dute abian aurten, lorazainen komunitatearentzat: Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak joan den urtean elkarrekin emandako Hautsi da anphora kontzertu sortaren zuzeneko grabazioaren diskoa oparitu diete lorazain guztiei.
Sagarrari hozkada, berriro ere
Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu