Emilio Majuelo NUPeko historia irakasleak La idea de historia en Arturo Campión (Eusko Ikaskuntza) saiakera liburua kaleratu zuen iaz. Horretan dio, besteak beste, Arturo Campion (Iruñea, 1854-Donostia, 1937) Sabino Arana baino lehenagotik zela nazionalista, «ikuspegi politikoa kontua hartuta». Campionen nazionalismoaren ideia, ordea, «diferentea» zen. Historia baliatzen zuen kultura bakoitzaren elementu integratzaile gisa, Wilhelm Von Humboldt eta Johann Gottfried Herder pentsalari alemaniarrek mende bat lehenago egin bezala. Politikaria izan zen, hortaz, Campion; baina baita idazlea, historialaria, filologoa eta joan den mendeko euskararen sustatzaile nagusienetakoa ere. Haren heriotzaren 75. urteurrena beteko da gaur.
Halere, jatorri frantsesa zuen Campionek. Haren aitona Napoleonen armadarekin heldu zen Iruñera, 1808an, eta Independentzia gerra amaituta, han gelditu zen eta burdin denda bat ireki. Chapitela kalean jaio zen Campion, 1854an. Familian ez zekiten euskaraz, baina hark gazterik ikasi zuen, eta hizkuntzak berak gidatu zuen haren bizitza. Lan gehienak gazteleraz osatu zituen arren, den-denei ondoko leloa ezartzen zien: Euskalerriaren alde.
Aurrena, Zuzenbide ikasketak egin zituen Oñatin, eta Madrilen lizentziatu zen, 1876an, Oñatiko Unibertsitateari unibertsitate estatusa kendu baitzioten Bigarren Karlistadaren ondoren. Foruak arriskuan zirenean, gai hori lantzen hasi zen, baina, batez ere, idazlea eta historialaria izan zen Campion. Izan ere, hizkuntza eta historia ziren, haren ustez, herriaren ardatzak.
Lizentziatu zen urte berean idatzi zuen aurreneko liburua. Consideraciones acerca de las cuestión foral y los carlistas en Navarra zen liburu haren izena. Baliogabetutako euskal instituzioen balioa defendatzen zuen, jarrera foruzale batean oinarrituta. Gainera, argi zeukan instituzioek baliogabetuta jarraitzen baldin bazuten euskal zibilizazioa desagertu egingo zela.
Hurrengo urtean ondu zuen euskaraz idatzi zituen bi liburuetako aurrenekoa: Orreaga. Hainbat euskalki baliatu zituen hori egiteko. 1881ean, berriz, Denbora Antxiñakoen Ondo-Esanak idatzi zuen. Garai bertsuan, Asociacion Euskara de Navarra elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Iruñean hainbat aldizkari eta egunkari sortu zituen.
Unamunoren laudorioak
Lehen nobela, D. Garcia Almorabid, 1885ean idatzi zuen. Dezente argitaratu zituen gerora, eta momentuan oharkabean pasatu ziren arren, Miguel Unamunok laudatu egin zituen. 1896an, berriz, Euskarianas kontakizun laburren bildumak kaleratzen hasi zen. Liburuki bakoitzak 500 bat orrialde zituen.
Politika ibilbideari dagokionez, hasteko zinegotzia izan zen Iruñean. Gero, 1893an, Madrilgo Gorteetako diputatu izateko aurkeztu zen Nafarroako hautagai integristen zerrendan, eta eserlekua lortu zuen. Senadore ere izan zen Bizkaiko ordezkari gisa. Euskaltzaindia sortzen ere lagundu zuen, eta euskaltzain oso izendatu zuten. Eusko Ikaskuntzako Ohorezko lehendakari izendatu zuten 1918an.
Sabino Aranaren aurretiko nazionalista
Arturo Campion politikari, filologo eta idazlearen heriotzaren 75. urteurrena beteko da gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu