Sabicasen sorburua

Puntako hamaika flamenko artista bilduko ditu Flamenco On Fire jaialdiak Iruñean igandera bitarte. Agustin Castellon Campos 'Sabicas' gitarra jotzaile iruindarra omenduko dute aurten

Inigo Astiz
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Iruñeko Mañueta kaleko 7. zenbakitik hasita kiribil baten antzera doa mapan hedatuz Agustin Castellon Campos Sabicas gitarra jotzailearen bizitza (Iruñea, 1912- New York, 1990), Madrilerantz lehenik, umetan, Frantziara gero, 1936ko gerratik ihesi, Argentinara handik, Mexikora ondoren, eta, azkenik, New Yorkera. Flamenkoaren nazioartekotzea eta eraldaketa ulertzeko ezinbesteko izena da iruindarrarena, eta, artistaren heriotzaren 30. urteurrenean, urrats horien guztien abiapuntua Nafarroan dagoela gogoraraztea da aurtengo Flamenco on Fire jaialdiaren helburua. Zazpigarren edizioa izango du aurtengoa, atzo izan zuen hasiera Tuteran (Nafarroa), eta igandera arte jarraituko du orain Iruñean. Besteak beste, Vicente Amigo musikaria, Farruquito dantzaria, Pepe Habichuela, Chano Dominguez eta Los Chichos ikusteko aukera izango dute zaleek. Sabicas betierekoa leloa hautatu dute antolatzaileek zazpigarren edizio osoa izendatzeko, beste behin ere, haren kiribil osoa sorbururaino biltzen saiatzeko.

Emanaldi batzuk streaming bidez ikusteko aukera ere eskainiko du jaialdiak, www.baluarte.com orrialdearen bidez. Koronabirusaren eraginez jaialdiak egin dituen egokitzapenetako bat izan da hori. Mugatu egin behar izan dituzte, esaterako, eserleku kopuruak saio askotan, eta, horren ondorioz, amaituta daude emanaldi askotarako sarrerak. Eta, horregatik, emanaldi batzuk Internet bidez ikusteko aukera. Bost euro ordaindu beharko da ikustaldi bakoitzeko.

Iruñean, fisikoki, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: Baluarte jauregia, Gaiarre antzokia, Ziudadela eta kalea.

Baluarteko saioek bilduko dituzte jaialdiko izen nagusietako batzuk. Vicente Amigo gitarra jotzailea arituko da gaur, esaterako. Bihar, Farruquito dantzaria arituko da, Remedios Amaya abeslariarekin batera; Pitingo abeslariak larunbatean emango du kontzertua; eta, igandean, Chano Dominguez piano jotzaile ezagunak Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera eskainiko du saioa. Gaiarre antzokiak hartuko du jaialdiko beste emanaldi handietako bat. Javier Colina, Josemi Carmona, Antonio Serrano eta Borja Barrueta musikariek flamenkorik klasikoena eta berriena uztartuko dituen Veinte Veinte emanaldia egingo dute larunbatean. Ordainpekoak izango dira emanaldi horiek, eta www.flamencoonfire.org orrialdean erosi ahalko dira sarrerak.

Generoaren mugetan

Antolatzaileek flamenkoaren mugetarainoko bidaia baten pare irudikatu dituzte Ziudadelan antolatutako emanaldiak. Bateko zein besteko estiloak landuko dituzte bertan arituko diren artistek, erritmo garaikideak zein esperimentazioa ere jorratuz. Larunbatean eta igandean izango dira emanaldiak, eta hiru artista arituko dira taula gainean aldiro. Maria Pelae izango da larunbatean arituko den lehena, Los Voluble eta Raul Cantiz igoko dira gero, eta La Macanitak itxiko du gaua. Igandean, berriz, Labudú taldea hasiko da, Romeromartin igoko da ondoren, eta Los Chichos taldea izango da azkena.

Kalea izango da jaialdiaren beste gune garrantzitsuetako bat, baina aurtengoan, ezinbestean, maskarak jantzita, ikusleen arteko distantziak mantenduz eta sarrerak eta irteerak zorrotzago zainduz egingo dituzte emanaldiak. Sarrerak amaituta daude kasurik gehienetan. Udaletxeko plazan arituko dira, esaterako, Remedios Amaya, La Macanita, Pepe Habichuela eta Kiki Monge Serranito. San Jose plazatxoan izango dira Pedro Planillo, Kiki Morente, Jesus Carbonell eta Camen La Talegona; eta Kondestablearen jauregian izango dira, besteak beste, Antonia Jimenez eta Rafael De Utrera eta El Perla.

Sabicas izango da jaialdiaren ardatza, halere. Hari buruzko dokumental eta hitzaldi zikloa antolatu dute, horregatik, eta jadanik amaituta daude sarrera guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.