Agustin Castellon Campos Sabicas gitarra jotzailea jaio zela ehun urte bete dira gaur, eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Iruñeko Udalak datozen hilabeteetarako. Hasteko, datorren astean, hilaren 21ean, Norberto Torresek gitarristaren gaineko hitzaldi bat emango du Konestablearen Jauregian, Cibiboxean, eta hurrengo egunean Pablo Calatayudek Sabicasen gainean eginiko dokumentalaren pasarteak erakutsiko dute leku berean. Apirilaren 15ean, gitarristaren omenezko meza flamenkoa izango da Iruñeko Santa Maria katedralean.
Sabicas 1912ko martxoaren 16an jaio zen, Iruñean, ijito familia batean, eta 5 urte zituenerako gitarra jotzen hasia zen. 7 urterekin lehenengo kontzertua eman zuen, Gaiarre antzokian, eta 10 zituenerako Madrilera joan zen. Hain zuzen ere, Espainiako hiriburuan arrakasta handia lortu zuen, eta berehala bihurtu zen flamenko kantari askoren laguntzaile. Ordurako flamenko gitarrista laudatuenetako bat zen.
1936an, gerra piztean, Espainiatik alde egin zuen; aurrena Mexikora, eta ondoren AEBetara. New Yorken bizi izan zen urte luzez. Hango Carnegie Hall aretoan omenaldia egin zioten 1989an, hil baino urtebete lehenago.
Sabicas flamenko gitarrista omenduko du Iruñeko Udalak
Kontzertuak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte musikariaren mendeurrena oroitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu