Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauría, Dupla, Nogen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade eta Dj Plan B. Horiek dira abenduaren 18an Atarrabian (Nafarroa) egingo duten 25. Hatortxu Rock jaialdian parte hartuko duten musika talde eta bakarlariak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «estilo eta jatorri desberdineko» artistak bildu dituzte egitarauan, eta gehienek lehenengo aldiz parte hartuko dute Hatortxu Rocken.
Jaialdirako sarrera guztiak agortuta daude, salgai jarri ziren egunean bertan agortu baitziren, ordu eta erdi eskasean.
Pandemiak sortutako etenaldiaren ostean, «ahalegin berezi bat» egitea pentsatu dute antolatzaileek, eta 2022ko udan bi eguneko topaketa berezi bat antolatuko dute, uztailaren 29 eta 30ean, Atarrabian.
Ekitaldi horretarako sarrerak azaroaren 1ean jarriko dituzte salgai, 20:00etan, www.hatortxurock.eus webgunean. Bi eguneko bonuak 55 euroko prezioa izango du, eta egun bakarrekoak, 30ekoa.