Ruperto Chapiren 'La revoltosa' zarzuela estreinatuko du Sasibillek

Donostiako elkarte lirikoak Chapik konposatutako obraren bertsio berri bat aurkeztuko du asteburu honetan, Viktoria Eugenia antzokian.

'La revoltosa' zarzuelako irudi bat. DONOSTIA KULTURA
'La revoltosa' zarzuelako irudi bat. DONOSTIA KULTURA
Garazi Karrera
2024ko irailaren 9a
16:25
Entzun

Sasibill Donostiako elkarte lirikoak Ruperto Chapi musikagileak 1897an konposatutako La revoltosa zarzuela estreinatuko du asteburu honetan, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian (Donostia). Jose Lopezek eta Carlos Fernandezek idatzi zuten, eta konpositoreak berak zuzendu zuen obra taularatua izan zen lehen aldian. Dena den, 25 urte bete berri dituen elkarteak aurkeztuko duen obra ez da jatorrizkoaren berdin-berdina izango, moldaketak egin baitizkiote.

Zarzuelak maitasun istorioa du oinarri, eta honelaxe aurkeztu du elkarte lirikoak: Mari Pepa neska «bihurri» eta «ipurtarinak» auzoko gizonak «aztoratzen» ditu. Horien artean da Felipe, protagonistaren zirika eta jolasarekin «jeloskortzen» dena. Haren ustetan, Mari Peparen «xarmari» aurre egin diezaiokeen bakarra da. Jendaurrean onartu ez arren, Mari Pepa eta Felipe, bata bestearekin txora-txora eginda daude. Herritarrak haserre daude protagonistaren jokabidearekin. Protagonistaren iruzurra agerian geratzean, Felipe eta Mari Pepak ordura arte onartzen ez zuten sentipena aitortzen dute: elkarrekiko maitasuna.

Belen Lopezek eta Antonio Torresek jokatuko dute bikotearen rola. Horiez gain, besteak beste, Alicia Montesquiuk, Haizea Muñozek, Amaia Iriondok, Koldo Torresek eta Markel Sainzek antzeztuko dituzte gainerako pertsonaiak. Arkaitz Mendozaren gidaritzapean izango dira musikariak; Cristina Guadaño da ballet dantzaren sortzailea, eta Josean Garcia arduratu da eszena zuzentzeaz. Halaber, Sasibill elkarte lirikoaren esku daude orkestra, abesbatza, eszenografia, jantziak eta atrezzoa. Era berean, Naroa Intxausti sopranoaren eta Jesus Zuñiga aktorearen parte hartze berezia izango dute estreinaldian. Azken bi horiek zarzuelaren atarikoa egingo dute.

Sasibill, 25 urtez

Josen Garciak 1999an sortu zuen Sasibill elkarte lirikoa, eta, harrezkero, 450 obra baino gehiago ekoitzi ditu. Euskal Herrian barrena ez ezik, Europan zehar ere ibili da elkartea; besteak beste, Berlingo Uferpalaisen (Alemania).

Sasibillekin batera ibili dira, esaterako, Juan Jose Okon, Jose Luis Egiluz, Monserrat Font, Tulio Gagliardo eta egungo zuzendaria den Arkaitz Mendoza. Abeslari lirikoei erreparatuta, besteak beste honako hauek parte hartuko dute: Milagros Martinek, Amparo Navarrok, Miren Urbieta-Vegak eta Andeka Gorrotxategik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.