Badira ia 50 urte Gipuzkoako Foru Aldundia Abadia saria ematen hasi zela, euskararen normalizazioaren alde aritutakoak saritzeko —tarte batez bi urtean behin eman zuten, eta azken urteetan, berriz, urtero—. Aurtengo aldian, Ruper Ordorika musikariari (Oñati, Gipuzkoa, 1956) emango diote, lau hamarkadaz «euskaratik eta euskaraz» euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko. «Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbideari esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari», aipatu du Garbiñe Mendizabalek, Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. Halaber, euskal kantagintza beste eremu batzuetara zabaltzeko egindako lana ere nabarmendu nahi izan du.
«Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu eman dizkio euskarari», gehitu du Mendizabalek. Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaritzak euskal kultur erreferentzia nagusietakotzat jo du Ordorika, «plazaratu dituen proposamen esanguratsu eta berritzaile guztietan sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioarengatik». Saria emateko ekitaldia irailaren 12an izango da, Hendaiako (Lapurdi) Abadia jauregian.
Bakarka, kantuan
Martxoan kaleratu zuen bere azken lana: Bakarka bi. Bere ibilbideko hamabi kantu garrantzitsuenekin osatu zuen diskoa, Bakarka diskoaren (Elkar 2018) hariari jarraituz. 2013an hasi zen bakarka jotzen, giro intimoagoa lortu nahian. Hala ere, ez dio utzi taldean jotzeari. Txikitatik izan du harremana musikarekin, eta unibertsitate garaian Pott bandaren sortzaileetako bat izan zen.
Hautsi da anphora izan zuen lehen lana (Xoxoa-Elkar 1980), eta erantzun ona jaso zuen entzuleen artean. Bernardo Atxagaren Etiopia liburutik ateratako poemekin osatu zuen disko hura. Geroztik, dozenaka musikarirekin aritu da lanean, bai Euskal Herrikoekin, bai eta nazioartekoekin ere. Diskografia zabala ondu du berrogei urte pasako ibilbidean.
Mende laurdena
Datorren urtean 25. aldia izango dute Abadia sariek. Mendizabalen hitzetan, aurtengo aldiaren ondoren «beste etapa bat» hasiko du sariketak. Etapa horretan, hain zuzen ere, garrantzi instituzional handiagoa eman nahi diote: «Euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa eskainiz, hizkuntzari eta hiztun komunitateari berari eredu adierazgarriak eskaintzen dizkiegu». Hizkuntza Berdintasuneko Saila helburu horiei forma ematen ari da oraingoz.
Saria urtero ematen da orain, Anton Abadiak euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpena gogoan hartuta. Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea, Dionisio Amundarain, Karmele Esnal, Juan Zelaia, Juanba Berasategi, Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia, Ixa Taldea, Kike Amonarriz, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaia izan dira, besteak beste, saria jaso dutenetako batzuk.