Rubensen sortze prozesua erakusten duten zazpi zirriborro

Inigo Astiz
Bilbo
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Transformazioaren atarian dago Bilboko Arte Ederren Museoa. Astelehenean itxi zuten eraikin modernoa, eta, handitze lanek iraun artean, eraikin zaharreko aretoak baino ez dituzte izango zabalik. Muga horiekin ere erakusketak antolatzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Miguel Zugaza zuzendariak, eta Rubensen zirriborroekin atondutako aretoa aipatu du horren adibidetzat. Haren hitzetan, artistaren zazpi lanek «ganberako erakusketa txiki bat» osatzen baitute, baina erakusketa bat, edonola ere.

Europako artearen historian izenik esanguratsuenetako bat da Rubensena, eta Errenazimentu osteko sasoiko artearen adierazle nagusitzat dute adituek. Zirriborroak izanik ere, horregatik, erakusketako lanen garrantzia nabarmendu du Alejandro Bergara Madrilgo Prado Museoko 1700. urtera arteko Flandriako eta Iparraldeko Eskoletako Margolanen Kontserbazio buru eta Rubensen lanean adituak. Haren hitzetan, artistaren kalitatea ez ezik, haren lan prozesua ikusteko aukera ere ematen dutelako lan horiek.

Energia eta anatomia

Filipe IV.a Espainiako erregeak Madrilgo Torre de la Parada eraikinerako egindako enkarguaren parte dira Bilbon ikusgai diren zazpi zirriborroetako sei. 1636an 120 margolan egiteko eskatu zion artistari, baina, negoziatzen hasi, eta azkenean gai mitologikoa zuten 60 obra sortuko zituela adostu zuten. Epeak laburrak zirela eta lan karga handia zela argudiatuta, ordea, azkenean, Rubensek konposizioak eta gaiak asmatuko zituela erabaki zuten, eta beste pintore batzuk kontratatuko zituztela azken olio lanak margotzeko. Eta haritz oholen gainean Rubensek olio pinturaz margotutako formatu txikiko zirriborro horietako batzuk dira, hain justu, orain ikusgai daudenak. Apunte batzuk. Aski, halere, artistaren energia eta giza anatomiari buruz zuen jakintza sakona ikusteko.

Madrilgo Oinuts Errealen monasteriorako sortutako beste zirriborro bat ere badago aretoan, eta, haiekin guztiekin batera, bildumagile partikular batek utzitako XVII. mendeko Paulus Pontius artistaren hiru erreprodukzio grabatu ere zintzilikatu dituzte museoko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.