Literatura

Ruben Ruizek irabazi du Mikel Zarate saria

'Pellokeriak' ipuin bildumari esker eskuratu du haur literaturako saria Ruizek. Elkar argitaletxeak plazaratuko du.

Ruben Ruiz idazlea 'Beti mugan' eleberria aurkeztu zuenean.
Ruben Ruiz idazlea, 'Beti mugan' eleberria aurkeztu zuenean. ANDONI CANELLADA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko ekainaren 3a
11:32
Entzun

Ruben Ruiz (Gasteiz, 1973) irakasle eta idazlearen Pellokeriak ipuin bildumak irabazi du 2024ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. 3.000 euroko saria emango diote, eta Elkar argitaletxeak plazaratuko du liburua.

Hainbat ipuin laburrez osaturiko kontakizuna da Pellokeriak, eta denetan Pello izeneko mutikoa da protagonista. Askotariko gaiak agertzen dira ipuinetan, hala nola eskola, familia, bullying-a, zahartzaroa eta beste, eta denetan nabarmentzen dira umorea eta samurtasuna.

Hamaika lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Ruizek idatzitako ipuin sorta hautatu du epaimahaiak. Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak abiatu zuten sariketa, euskal kulturako sortzaile eta sustatzaile izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamalaugarren aldia bete du aurten. Garazi Kamio Anduaga kazetari, irakasle eta idazleak irabazi zuen iaz, Bikini nobelarekin.

Ruben Ruiz Gasteizen jaio zen, eta Basaburuan (Nafarroa) bizi da gaur egun. Irakaslea da lanbidez, eta hainbat libururen egilea, hala nola Anekdotak haur literaturako ipuin bilduma eta Beti mugan abenturazko eleberria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.