Euskal Rock Erradikalaren (RRV) semeak ere badira Itziarren Semeak, eta inoiz ezkutatu ez duten arren, Musikherria herri diskoetxearekin berriki kaleratutako Lehen lerroan bigarren diskoan inoizko argien esan dute. Radikals abestian bereziki. Ranciden Roots Radicals abestiaren doinuek jantzita, Kortatu, La Polla, Tijuana in Blue eta Hertzainak taldeen erreferentzia zuzena egin dute. «Gure adinak argi uzten du ez genuela RRV lehen lerroan bizi, 80ko hamarkadaren hasieran edo erdian jaioak gara, baina beti gustatu izan zaizkigu talde horiek, eta Itziarren Semeak sortu genuenean argi izan genuen gure musikak horren eragina izango zuela. RRV musika estilo bat baino gehiago izan zen, gizarte mugimendu bat ere», azaldu du Manex Altuna gitarristak.
Abestien hitzetan aldarri politikoek, gizarte salaketak, dibertitzeko gogoak eta nork bere buruaz barre egiteko ahalmenak bat egiten dute. Onintza Enbeitak (Gau luzeak), Oihana Bartrak (Neba-arrebak), Arkaitz Biainek (Mugi gerria) eta Ainhoa Mendibilek (Atera mingaina) lagundu diete hitzak taxutzen. «Demokraziarik gabeko herrietan askatasunaren alde dena eman dutenen omenezko abestiak dira».
RRVren soinuez dakien teknikaririk bada Euskal Herrian, Kaki Arkarazo da huraxe. Eta Bizkaiko golfoak (Musikherria, 2010) bezalaxe, Andoaingo Garate estudioan grabatu dute Lehen lerroan Negu Gorriak-eko kide ohiarekin. «Kontzertuetako diruarekin ordaindu dugu, eta oraingoan egun gehiagoz eta lasaiago ibili gara. Kakik ere denbora gehiago izan du abestiak konpontzeko eta nahasketak egiteko». Musikari andana pasatu da estudiotik kolaborazioak egitera. Doctor Deseoko Francis Diezek Gau luzeak kantuan abestu du.
Sands eta Strummer
Musika irlandarrak ere itzala du diskoko zenbait abestitan, Dropckik Murphysen A Few Good Men-ekin eginiko Batu gugana bertsioan, esaterako. Altuna Irlandan bizitzen izan zen denboraldi batez, eta hango taldeen diskoak maiz entzuten dituztela dio, «The Pogues eta antzekoak». Eta horrek Itziarren Semeen musikan eragin zuzena duela uste du. Halaber, duela 30 urte kartzelan hildako Bobby Sands IRA erakundeko militantearen omenezko abesti bat egin dute, Joe Strummer The Clasheko kide ohiaren Burning Light-en doinuak baliatuz.
Bertsio libre gehiago ere badira diskoan. Ranciden East Bay Night ezaguna Bilbi Night bihurtu dute, Bilbo Zaharreko parranda amaiezinak gogoan. Altunak dioenez, hasieran kezka ematen zien beste talde batzuen bertsioak egiteak, «baina konplexuak eta lotsak gainditu, eta egitea erabaki genuen. Guk estimutan dauzkagun hainbeste taldek egin izan dituzte, The Clash, Kortatu, Negu Gorriak eta bestek».
Itziarren Semeak hasi da diskoa aurkezteko kontzertuak ematen. Larunbatean, hilak 21, Pagolan (Nafarroa Beherea) izango da taldea, eta 28an Elizondon (Nafarroa). Ekainerako bi egun lotuta dauzka oraingoz, biak Gipuzkoan: 3an Azpeitian joko du, eta 4an Arrasaten.
RRVren semeak
«Askatasunaren alde dena ematen dutenen omenezko abestiek» osatzen dute Itziarren Semeen disko berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu