Musika kazetaria

Javier Corral 'Jerry': «RRV beharrezko izan zen, baita bestelako musika entzuten genbiltzanontzat ere»

Euskal Rock Erradikalaren aurrekariak eta haren lorratzak aztertu ditu Corralek liburuan, eta garai berean inguruan zituen bestelako eszenetan izan zuen eraginari buruz ere egin du gogoeta 'Fiesta y rebeldía' liburuan.

 Javier Corral 'Jerry' musika kazetari eta 'Fiesta y rebeldía' liburuaren egilea, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javier Corral 'Jerry' musika kazetari eta 'Fiesta y rebeldía' liburuaren egilea, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko otsailaren 16a
04:00
Entzun

Orainaldi betean ditu belarriak Javier Corral Jerry musika kazetari, programatzaile eta idazleak. Horregatik, ia eten moduko bat da Fiesta y rebeldía liburuari buruzko elkarrizketa. Grabagailua martxan jartzerako, oraintxe bertan aktibo diren edo, are, hasiberriak diren taldeen erreferentziaz beteta doa haren jarduna, eta azken galdera amaitu, 80ko hamarkada berriz itxi, eta berehala itzuli da gai berera. Liburuko hitzaurrean ere onartu du kontraesan hori: «Euskal Rock Erradikala lehen jaunartzea bezain urrun geratzen zait eta!». Eta, halere, horixe izan du aztergai ia hiru urtez. Corralek argi baitu RRV indar handiko gertakaria izan zela, eta, onartu duenez, oraindik ere entzun daitezkeelako haren zipriztinak egungo taldeetan ere.

Liburua idaztea zer izan da gehiago, gogoratzea edo deskubritzea?

Biak. Ezagun nituen gauza batzuk gogoratu ditut, noski, baina, 70 elkarrizketa egin ostean, ez nekizkien gauza batzuk ere ikasi ditut. Baina, batez ere, aukera izan dut jende desberdin askoren iritziak biltzeko.

Hain zuzen ere, hain ezagunak ez diren iritziak ere biltzen saiatzea izan da erronketako bat liburuan.

Mugimenduko protagonistak nor diren nahiko argi dago, baina saiatu naiz harago joaten. Aurrekariak ere aztertu ditut, horregatik. Rockaren bidez, liburuak euskal musikaren historiaren continuum-a azal zezan nahi nuen. Ez Dok Amairu aipatu dut, eta kontuan hartu ditut musika elektrikoaren hasierako trantsizio garaiak ere, Errobirekin, Itoizekin; eta, horrez gainera, Oskorriri eta Izukaitzi buruz ere hitz egin dut. Bi taldeetan aritu zen Fran Lasuen musikaria elkarrizketatu dut horretarako. Jende horrek RRV nola jaso zuen ere jakin nahi nuen. Eta RRVren, esan dezagun kakotx artean, «disidente» izandakoen iritzia ere bildu nahi nuen. Euskal Herrian bizi arren, beste estilo batzuk lantzen zituzten musikariak ere elkarrizketatu ditut horretarako.

«Mugimenduko protagonistak nor diren nahiko argi dago, baina saiatu naiz harago joaten. Aurrekariak ere aztertu ditut, horregatik. Rockaren bidez, liburuak euskal musikaren historiaren continuum-a azal zezan nahi nuen»

Presentzia handia du Mikel Erentxun musikari donostiarrak, zeina, RRVren aparraldi betean, Duncan Dhu taldean baitzebilen.

Sasoi berekoak dira, bai, eta, are gehiago, ahaztua nuen, baina Kortatuk eta Duncan Dhuk manager bera izan zuten lehen-lehen urteetan. Baina, horrez gainera, Alfredo Romero ere elkarrizketatu dut libururako. Yo Soy Julio Cesar taldeko kidea izan zen Romero, eta Martxa eta Borroka kanpainan parte hartzeko proposamena jaso arren, nahiago izan zuten ez bat egitea. Eta Edu Basterra ere elkarrizketatu dut, bestetik; jazz-rocka eta rock sinfonikoa landu dituen musikaria delako Basterra, bilbotarra, eta, bat-batean, RRV heldu zenean horrek zer eragin zion ere jakin nahi nuelako. Errealitate sozial, historiko eta artistiko horiek guztiak bildu nahi nituen. Maiz egiten dugulako akats bera: maizenik norberak bizitako hori hartzen baitugu errealitate bakartzat.

RRV errealitate gehiagoren artean gertatutako errealitate bat izan zela esan nahi duzu.

Hori da. Pentsa, liburuan 1983a aipatzen dugu Euskal Rock Erradikalaren hasiera urtetzat, baina urte hartan bertan erabat komertziala zen hala Euskal Herrian nola [Espainiako] estatuan gehien entzuten zen musika.

«Kortatu eta Duncan Dhu sasoi berekoak dira, eta, are gehiago, ahaztua nuen, baina manager bera izan zuten lehen-lehen urteetan»

Eta une hartako bestelako errealitate horiek aztertzeaz gainera, gaur egungo musikariei ere galdetu diezu RRVri buruz.

1990eko hamarkadan gainbehera bat izan zen RRVren barruan kokatutako taldeen artean. Estilo berriak sortzen dira, eta bestelako eragin batzuk dituzten taldeak sortzen dira. Donostiako Buenavista guneak garrantzia hartzen du, esaterako: punk taldeak batzen dituen arren, talde horiek jadanik bestelako musika batzuetatik edaten dutelako. Getxo Sound deitutakoa ere azaltzen da, grunge-aren eta noise-aren eraginekin. Eta, soka horri jarraituz, gaur egungo beste hainbat musikari ere elkarrizketatu ditut: Anari, Porco Bravo, Verde Prato, Tatxers, bai eta Euskal Herriko azken fenomenoetako bat bilakatu diren Chill Mafiakoak ere.

Chill Mafia da liburuan gehien aipatu duzun egungo taldeetako bat. Zergatik?

Gaur egun RRVrekin gertatutako antzeko zerbait gerta ote daitekeen galdetuz gero, Chill Mafia da jendeak gehien aipatzen dituen taldeetako bat. Eta ni ados nago. Gauzen mamiak irauten duelako, baina forma aldatu egiten delako, eta, horregatik, gaur egun zerbaitek orduko espiritua gogora ekartzen badigu, ezinezkoa da orduko forma berarekin izatea.

Paradoxikoa ere bada Chill Mafiaren aipamena, halere. Zure ustez, gaur egun, talde horrek gorde dezakeelako orduko mugimenduaren espirituaren zerbait, baina, hain justu, hemendik gutxira desegitekoak direlako.

Taldea desegingo dute, bai, baina taldekideek jarraitu egingo dute. Nik 2022an elkarrizketatu nuen Beñat Rodrigo [Kiliki Frexko], eta, beraz, taldea 2021ean ezagun egin zela kontuan hartuta, ordutik honako hiruzpalau urte hauek dena izan dira haientzat. Kortaturekin ere hori pasatzen da. Maiz aipatzen da haren eragina, baina zenbat urte egin zituen aktibo? 1984an hasi ziren, eta 1989an amaitu zuten. Bost urte baino ez ziren izan haien kasuan ere.

«[Espainiako] Estatuko, Europako eta munduko beste leku batzuetan ere izan ziren antzeko gertakari batzuk, baina Euskal Herriko berezitasunen eraginez, mugimendu horrek hemen transzendentzia handiagoa izan zuen»

Liburuan airean dabiltzan galderetako bat zera da, RRV benetako mugimendu bat izan ote zen edo etiketa soil bat. Zuk zer uste duzu?

Mugimendu erabat naturala izan zen, eta, aldi berean, sortu zen Euskal Herriko hainbat lekutan. Are gehiago, nik esango nuke [Espainiako] estatuko, Europako eta munduko beste leku batzuetan ere izan zirela antzeko gertakari batzuk, baina, Euskal Herriko berezitasunen eraginez, mugimendu horrek hemen transzendentzia handiagoa izan zuen. Gauza asko elkartu ziren: industriaren krisia, punkaren agerpena, Francoren heriotza... Elementu horiek guztiek berez egin zuten bat, eta horrek eragin zuen mugimendu haren sorrera Euskal Herrian, baina besterik da horri izen bat jartzea. Hori gerora gertatu zen, 1983ko NATOren aurkako Tuterako kontzertuan. Norbaitek, nire ustez oso irizpide egokia erabilita, pentsatu zuen Euskal Rock Erradikala izenak bil zezakeela hori guztia. Begi bistakoa zirudien, baina norbaitek asmatu behar izan zuen.

Begi bistakoa zirudien, baina inori ez zitzaion askorik gustatu.

Inork ez duelako gustuko etiketatu dezaten. Eta, halere, gero guk geuk galdetzen dugu talde berri bat aipatzen digutenean ea zer egiten duen.

Mugimenduan baziren euskara hutsez zein gaztelera hutsez aritzen ziren taldeak ere. Liburuan gai linguistikoa ez da askorik lantzen.

Agertzen da, bai, eta Anjel Valdes musikariak oso ongi esplikatzen du hori, nahiz eta bera ez zen zuzenean RRVren parte izan. Berak esaten du gazteleraz kantatzen zutela garai hartako punk talderik benetakoenek; hain zuzen ere, 1970eko hamarkada amaieran eta aldirietan sortu zirenak. Eskorbuto, RIP eta Cicatriz. Gero Zarama hasi zen, Hertzainak ere bai, eta Kortatu ere euskarara pasatuz joan zen. Horrelakoa da gure herrialdea, ezta? Ez baita gauza bera 1960ko hamarkadan Bilbon edo Hernanin jaiotzea. Gaur egun, taldeak ele bitan, edo euskaraz, gazteleraz eta ingelesez ere aritzen dira; gaur egun, 20, 30 edo 40 urteko gazteen gehienak euskaldunak direlako. Ez dakit zer gertatuko den 30 edo 40 urte barru.

«Talderik arrakastatsuenetatik bakar bat ere ez da aberastu, arrakasta itzela izanda ere. Orain izan dute aukera koxka on bat egiteko, nostalgiaren indarrari esker»

Liburuan diskoetxeek emandako tratuaz kexu dira musikari gehienak.

Talderik arrakastatsuenetatik bakar bat ere ez da aberastu, arrakasta itzela izanda ere. Orain izan dute aukera koxka on bat egiteko, nostalgiaren indarrari esker, Simon Reynoldsek aipatzen zuen retromania horri esker. Baina hor badago beste kontu bat ere: kanten eskubide digitalena. Kanta horiek sortu zirenean ez zirelako existitzen, eta bertsio digitalek sortzen duten dirua ez da sortzaileenganaino heltzen. Oso tristea da hori.

RRVri epitafio bat jar diezaioten eskatu diezu liburuan elkarrizketatuei. Zein jarriko zenioke zuk?

Beharrezko zerbait izan zen. Hori esango nuke, bai. Beharrezko izan zelako baita eklektikoenak ginenontzat eta bestelako musika entzuten genbiltzanontzat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.