Iragan BBK Live jaialdian ederki aritu ostean, kartelburu gisa itzuli zen ostiralean Bilbora Royal Blood. Hainbaten ustetan, Brightongo bikotea ez dago oraindik maila horretan; halere, eskainitako ikuskizunari erreparo gutxi jar dakioke. Aldaketa gutxi egon ziren uztaileko kontzertuarekin alderatuz gero —zenbait abestitan, bi koristaren laguntza eduki zuten—, baina, orduan bezala, oholtza sobera betetzeko gai izan ziren.
Rock bikoteez hitz egiteko orduan, berehala dator burura The White Stripes, The Black Keys eta halakoen itzala —Gurean ere baditugu batzuk: Niña Coyote eta Chico Tornado, Tutan Come On—; horiek ez bezala, guztia baxuarekin eta bateriarekin sortzen dute Mike Kerrek eta Ben Tatcherrek. Askok mesfidati begiratzen zioten Kerri, lortzen zuen soinuak antz handiagoa zuelako gitarra baten soinuarekin; esku artean zuen tresna baxu bat zela sinesgaitza zen askorentzat.
Bi diskoetako abestiak tartekatu zituzten, bi multzo nahiko ezberdindutan: hasieran How Did We Get So Dark lan berrikoak jotzeari ekin zioten, bukaerarako lehenbiziko diskoko abesti entzutetsuenak uzteko. Zuzenean, are nabarmenagoa da Queens of the Stone Ageren eragina, batez ere Kerrek baxua jotzeko duen moduagatik. Publikoak harrera ona egin zien abesti berriagoei ere, I Only Lie When I Love You dantzagarriaren kasuan bezala. Kontzertuak aurrera egin ahala, baina, berotuz joan ziren ikusleak ere, eta ikuskizunak goia jo zuen Figure It Out, Ten Tonne Skeleton eta Out of the Black segidarekin. Hustu egin ziren Tatcher eta Kerr, eta zaleek txaloka agurtu zuten haien emanaldia, ikusitakoarekin gustura geratuta.
Dantzaleku erraldoiak
BIME eta BBK Live jaialdietan pisua irabazi dute doinu elektronikoek azkeneko urteetan,eta horren ondorioa dira Basoa eta Gaua guneak sortzea. BECeko jaialdiko gune berezi bat daGaua gunea, eta bertan disko jartzaileak baino ez dira aritzen. Hori dela eta, jaialdietako toki kuttunak bilakatzen dira askorentzako.
Agertoki nagusietan ere doinu dantzagarriak nagusitu ziren ordu txikietatik aurrera. Metronomy, Kiasmos eta Orbitalek dantzan jarri zituzten bertaratutako guztiak; maisuki nahastutako musika argien joko zorabiagarriekin bikain uztartu zituzten, gainera.
Antzokiko epeltasunean
Kartel eklektikoa aurkeztu du ia beti BIME jaialdiak, ahalik eta publiko kopuru handienera iritsi nahian. Horrela, agertoki nagusietako burrunbatik urruti, Antzerkia gunean, kontzertu lasaiagoez gozatzeko aukera eskaintzen da. Askotariko eskaintza horri esker, 8.700 lagun bildu ziren BECera ostiralean.
Anari arduratu zen Antzerkia estreinatzeaz. Ostean, Mark Eitzel eta Bill Callahan aritu ziren, txukun. Jaialdietan ikusleak ixilik egotea zaila izan arren, esan daiteke orokorrean lagunarteko giroa sumatzen zela artisten eta ikusleen artean, errespetuzkoa. Einsturzende Neubaten berlindarrek beste maila batera igo zuten ikuskizuna; atmosfera ilun batekin inguratu zuten gunea, eta indartsu entzun zen haien ezohiko proposamena. Blixa Bargeld liderrak Nick Cavekin egin zuen lan hainbat urtez, eta tarteka australiarra gogorarazten zuen berak ere. Era berean, aipatu beharra dago material ezberdinez eginiko musika tresnek are bitxiago egiten zuela ikuskizuna.
Atzo, berriz, The Prodigy eta Franz Ferdinand izan ziren gaueko izar nagusiak. Biak ala biak BBK Live jaialdiko kartelburuak izandakoak dira; hala ere, milaka izan dira haien ikuskizuna ikustera joan zirenak. Hain zuzen ere, bi hamarkada bete dira Erresuma Batuko hirukoteak Fat Of The Land kaleratu zuenetik; haien lanik entzutetsuena da hori,eta hamar milioi ale bainogehiago saldu dituzte. Eskoziarrek, berriz, Always Ascending lan berria kaleratuko dute otsailean. Etxekoen kasuan, Delorean eta El_Txef_A musika jartzaile gernikarra ere aritu ziren atzokoan.
Royal Blood, dagokion koroaren bila
8.700 musikazale bildu ziren BIMEko lehenbiziko jardunaldian. Atzo, berriz, The Prodigy, Franz Ferdinanden eta BNQTren kontzertuak izan ziren jendetsuenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu