Rotterdamgo Orkestrak abiarazi ditu Kursaaleko emanaldi sinfonikoak

Xostakovitxen eta Txaikovskiren obra bana jo ondotik, Beethovenen 9. sinfonia emango du gaur Kursaalean, 84. Musika Hamabostaldian

Orkestraren kontzertuetan ariko diren musikariak eta jaialdiko zuzendaria, atzo, Kursaalean. JON URBE / FOKU.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Abian da Donostiako 84. Musika Hamabostaldia, eta, inaugurazioko emanaldiez gain, beste protagonista bat izan du jaialdiaren hasierak: Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa. Atzo inauguratu zituen orkestrak Kursaaleko kontzertuak Xostakovitxen eta Txaikovskiren lanekin. Beethovenen bederatzigarren sinfonia joko du gaur, 20:00etan, eta Donostiako Orfeoia eta lau ahots bakarlari izango ditu bidelagun: Chem Reiss sopranoa, Mathew Newlin tenorra, Carmen Artaza mezzosopranoa, eta Jose Antonio Lopez baritonoa.

Orkestra aspaldiko ezaguna da jaialdian. Valery Gergievek (2004) eta Yannick Nezet-Seguinek (2011 eta 2014) zuzendu zuten aurretik, eta 2018an egin zuen azken bisita jaialdira. Aurten, ordea, Lahav Shani izango dute gidari.

Atzoko kontzertuan, Errusiako musikari egin zioten keinu Xostakovitxen eta Txaikovskiren lanekin, eta Pablo Ferrandez biolontxelo jolearen laguntza izan zuten Xostakovitxen biolontxelorako lehen kontzertua eskaintzeko. Instrumentu horretarako klasiko bat da obra, eta konpositorearen piezarik ezagunenetako bat da.«Obra hau oso intimoa da, baina energiaz beteta dago. Oso berezia da», adierazi zuen Ferrandezek. Rotterdamgo orkestraren zuzendaria «musikari eta pertsona gisa» asko miresten duela gehitu zuen.

Bigarren obra Txaikovskik idatzitako azken sinfonia izan zen, Patetikoa esan ohi zaiona: seigarren sinfonia (1893). Errusiako Erromantizismoaren pieza handienetariko bat bihurtu zen denborarekin.

Beethovenen «maisulana»

Musika klasikoaren historiako obrarik garrantzitsuenetako bat interpretatuko du orkestrak gaur: Beethovenen bederatzigarren sinfonia. Piezak berrehun urte beteko ditu datorren urtean, eta haren garrantzia azpimarratu dute jaialdiko arduradunek. Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak adierazi zuenez, «europar ereserki bat da», baita «melodiarik nazioartekoena» ere, haren ustez: «Mundu guztiarekin konektatzen duen melodia bat da, eta ulertzen da, hizkuntza ulertzen ez baduzu ere».

Beethoven izan zen bakarlariak eta koru bat pieza sinfoniko batean sartzen lehena, eta besteak beste horregatik bilakatu da obra hau sorkuntza iraultzaile bat. Mezu bat helaraztea zen konpositorearen helburua, eta eredu da pieza, bai musikalki eta baita zailtasunak gainditzeari, bakeari eta batasunari dagokienez ere; Friedrich Schiller poeta alemaniarraren Alaitasunarenoda txertatu zioten obrari gero, eta horixe da Donostiako Orfeoiak gaur kantatuko duena.

Abesbatzak ezin konta ahala bider kantatu du Beethovenen sinfonia: «Oso berezia da guretzat obra hau. Orfeoiak koru misto gisa kantatu zuen lehen obra da», adierazi du Jon Urdapilletak, Donostiako Orfeoiaren zuzendari gonbidatuak. Abesbatzak harreman estua du jaialdiarekin; 74 alditan hartu du parte dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.