Gaurtik abian da Donostiako 84. Musika Hamabostaldia, eta egitarau zabala prestatu dute inaugurazio jardunaldirako. Nolanahi ere, gaurko egunak badu protagonista handi bat: Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa. Bi kontzertu joko ditu gaur eta bihar, Kursaal auditoriumean, 20:00etan. Harreman estua du Rotterdamgo taldeak jaialdiarekin, eta, ezagun zaharra da Donostian dagoeneko. Valery Gergievek zuzendu zuen 2004an Hamabostaldian, eta Yannick Nezet-Seguinek 2011n eta 2014an, eta 2018an egin zuen azken bisita jaialdira. Aurten, ordea, Lahav Shani izango dute gidari, zeina 2018tik baita haien zuzendaria. Bi programa oso desberdinen alde egin du apustu orkestrak oraingoan: Errusiako musikari keinu bat egingo diote gaur, Xostakovitxen eta Txaikovskiren lanekin, eta Beethovenen bederatzigarren sinfonia interpretatuko dute bihar. Hala ere, ez dira oholtza gainean bakarrik egongo: Pablo Ferrandez biolontxelo jolea izango dute bidelagun ostegunean, eta Donostiako Orfeoia eta lau ahots bakarlari ostiralean.
Herbehereetako orkestrarik handienetako bat da Rotterdamgoa. 1970eko hamarkadan bere «urrezko garaia» izan zuen, eta nazioarteko ospea lortu zuen Edo de Waarten gidaritzapean, zeina XX. mendeko zuzendari herbehereetar prestigiotsuenetako bat baita. Zuzendari ezagunak izan ditu buru ordutik, eta, 2018az geroztik, Lahav Shani zuzendari eta piano joleak betetzen du kargu hori. Shani pozik agertu da jaialdian parte hartzeko aukerarekin. Ospe handiko zuzendaria da mundu osoan, eta 2013an egin zen ezaguna, Bambergeko Orkestrak antolatutako zuzendari lehiaketa irabazi zuenean. Talde handiak zuzendu izan ditu, hala nola Los Angelesko Filarmonikoa eta Luzernako Sinfonikoa, baina Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin egin zuen debuta, 2016an, titulartasuna hartu baino bi urte lehenago. Municheko Orkestra Filarmonikora egingo du salto 2026an, zuzendari gisa.
Xostakovitx eta Txaikovski
Errusiako musika izango da protagonista Rotterdamgoek gaur Kursaalean eskainiko duten emanaldian, eta Xostakovitxen biolontxelorako lehenengo kontzertua izango dute abiapuntu. Instrumentu horretarako klasiko bat bihurtu da obra, eta konpositorearen piezarik ezagunenetako bat da. Espainiako biolontxelo jotzaile nabarmenetako batek emango dio bizia obrari, orkestrarekin batera: Pablo Ferrandezek. Madrilen jaio zen Ferrandez; 13 urterekin murgildu zen biolontxeloaren munduan, eta, geroztik, ez ditu eskuak soketatik askatu: «Obra hau oso intimoa da, baina energiaz beteta dago. Oso berezia da», adierazi du.
Pozik dago aurtengo Hamabostaldian eman zaion aukerarekin, eta hitz batzuk eskaini dizkio Rotterdamngo orkestraren zuzendariari: «Asko miresten dut Lahav, musikari eta pertsona gisa». Ferrandezek Madrilgo Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan eta Alemanian egin zituen musika ikasketak, eta hainbat lehiaketatan hartu du parte. Hala, 2015ean Txaikovski Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen eta horrek eman zion nazioartera salto egiteko aukera. Los Angelesko Filarmonikoan, Txekiako Filarmonikoan eta Londresko Errege Orkestra Filarmonikoan hartu du parte, eta, 2021az geroztik, Sony Classical diskoetxeko artistetako bat da.
Gaurko bigarren obra, Txaikovskiren seigarren sinfonia da, Patetikoa esan ohi zaiona (1893). Txaivkoskik idatzitako azkeneko sinfonia izan zen; buru-belarri aritu zen proiektuan, eta obra Errusiako Erromantizismoaren pieza handienetariko bat bihurtu zen denborarekin.
Beethovenen “maisulana”
Musika klasikoaren historiako obrarik garrantzitsuenetako bat interpretatuko du orkestrak, bihar: Beethovenen bederatzigarren sinfonia, hain zuzen ere. Berrehun urte beteko ditu piezak datorren urtean, eta haren garrantzia azpimarratu dute jaialdiko arduradunek. Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak adierazi duenez, «europar ereserki bat da», baita «melodiarik nazioartekoena» ere, haren ustez: «Mundu guztiarekin konektatzen duen melodia bat da, eta ulertzen da, hizkuntza ulertzen ez baduzu ere». Beethoven izan zen lehena bakarlariak eta koru bat pieza sinfoniko batean sartzen, eta horregatik bilakatu da obra hau, beste arrazoi batzuen artean, sorkari iraultzaile bat. Mezu bat helaraztea zen konpositorearen helburua, eta eredu da pieza, bai musikalki eta baita zailtasunak gainditzeari, bakeari eta batasunari dagokienez ere; izan ere, Beethovenek entzumena ia erabat galdua zuela estreinatu zen obra hori, 1824an. Friedrich Schiller poeta alemaniarraren Alaitasunaren oda txertatu zioten obrari gerora, eta horixe da Donostiako Orfeoiak bihar Kursaal auditoriumean kantatuko duena.
Donostiako Orfeoiak obra ugari landu izan ditu kontzertu sinfoniko koraletan, operan, zarzuelan, folklorean eta polifonian, eta Europako jaialdi handietan ere aritu izan da. 125 urte bete zituen iaz, eta kontaezinak diren aldietan kantatu du Beethovenen bederatzigarren sinfonia: «Oso berezia da guretzat obra hau. Orfeoiak koru misto gisa kantatu zuen lehen obra da», adierazi du Jon Urdapilletak, Donostiako Orfeoiaren zuzendari gonbidatuak. Hamabostaldiarekin duen harreman estua dela eta, 74 alditan hartu du parte abesbatzak jaialdian. Beethovenen bederatzigarrena interpretatzeko, lau ahots bakarlari batuko zaizkie Rotterdamgoei eta orfeoiari, gainera: Chem Reiss soprano israeldarra, Mathew Newlin tenor estatubatuarra, Carmen Artaza mezzosoprano donostiarra, eta Jose Antonio Lopez baritono espainiarra.