Zinema

Roger Corman B saileko zinemaren ikonoa hil da

Ia 500 film ekoitzi zituen, eta, besteak beste, Francis Ford Coppola, James Cameron, Jonathan Demme eta Martin Scorseseren lana bultzatu zuen.

Quentin Tarantino eta Roger Corman Cannesko zinemaldian, iaz. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Quentin Tarantino eta Roger Corman Cannesko zinemaldian, iaz. SEBASTIEN NOGIER / EFE
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 13a
11:00
Entzun

Zinema independente eta merkearen lehenengo ikurra izan zen Roger Corman (Detroit, AEB, 1926-Santa Monica, AEB, 2024). Zuzendari eta ekoizle, lau sosekin lan egiten zuen, eta, bere autobiografian azaldu zuenez, harro zegoen inoiz ez zuelako dirurik galdu. Izan ere, lotsarik gabe birziklatzen zituen pelikula batean erabilitako materialak beste film batean erabiltzeko, eta zientzia-fikziozko ekoizpen sobietar batzuen eskubideak ere erosi zituen, haien gidoia aldatuta baina irudiak mantenduta, film berriak sortzeko. Esaterako, Mikhail Karyukovek eta Aleksandr Kozyrrek zuzendutako Nebo zovyot filmaren muntaketa berria Coppolak berak egin zuen eta Battle Beyond the Sun izenburuarekin estreinatu zuten AEBetan, 1959an. Corman joan den ostegunean hil zen, 98 urte zituela.

Cormanek literatura ingelesa ikasi zuen, baina oso gaztetatik jakin zuen zineman lan egin nahi zuela. Hala, gidoi bat saldu zuen Hollywooden, eta 1950eko hamarkadaren erdialdean zinema ekoizten hasi zen. Monster from the Ocean Floor (1954) izan zen ekoitzi zuen lehenengo lana, garaian B saileko zineman modan zegoen zientzia-fikzioari erabat lotutako lana.

Corman berehala bilakatu zen ekoizle ezaguna, eta, besteak beste, Coppolaren (Dementia 13, 1963), Peter Bogdanovichen (Targets, 1968), Scorseseren (Boxcar Bertha, 1972) eta Demmeren (Caged Heat, 1973) film batzuen atzean izan zen.

Baina zuzendari lanak ere egin zituen, beti genero popularrei lotuta. Munstroak edo izaki beldurgarriak protagonista ziren zientzia fikziozko lanak zuzendu zituen — Day The World Ended(1955), It Conquered the World (1956), Attack of the Crab Monsters (1957)—, baita westernak —The Oklahoma Woman (1956), Gunslinger (1956)eta zinema beltza ere (Machine-Gun Kelly, 1958). Eta komediaren, beldurrezko zinemaren eta dramaren artean mugitzen ziren hainbat filmen egilea ere izan zen: A Bucket of Blood (1959), The Little Shop of Horrors (1960)...

Cormanen zinema arrakastatsua zen, baina ez zuen garaiko kritikaren oniritzia, nahiz eta gerora haren zinemagintzaren gaineko iritzi kritikoa aldatu den. Nolanahi ere, 1960ko hamarkadaren hasieran eta Hammer ekoiztetxe ingelesak beldurrezko pertsonaia klasikoekin egindako pelikulekin izandako arrakastak akuilatuta —Terence Fisherren The Curse of Frankenstein (1957) eta Dracula (1958)—, zinemagile estatubatuarrak prestigiozko operazio bati ekin zion, Edgar Allan Poeren ipuinak zinemara eramateari hain zuzen ere. House of Usher (1960) izan zen sail horretako lehenengo lana, eta gerora iritsi ziren The Pit and the Pendulum (1961), Premature Burial (1962), Tales of Terror (1962), The Raven (1963), The Masque of The Red Death (1963) eta The Tomb of Ligeia (1964); baita Poeren lan baten izenburua izan arren, H.P. Lovecraften obra batean oinarritutako beste bat ere: The Haunted Palace (1963).

'House of Usher' filma
'House of Usher' filma.

Poe zikloak nolabaiteko ospea eman zion Cormani, baina segitu zuen bestelako filmak ere zuzentzen, horietako asko gazte belaunaldientzakoak: The Wild Angels (1966), The Trip (1967), zeina Jack Nicholson aktoreak idatzi zuen.

1970eko hamarkadan asko murriztu zituen zuzendaritza lanak, eta ekoizpenean zentratu zen, eta, ia bi hamarkadako etenaren ostean, 1990ean bere azken pelikula estreinatu zuen: Frankenstein Unbound, Brian Aldissen eleberrian oinarritutako lana.

Joan den urtean, Quentin Tarantinok —bere jarraitzaile handienetako batek— lagunduta, Cannesko zinemaldiaren omenaldia jaso zuen Cormanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.