RODEO
'X'
Diskoetxea: Bonberenea Ekintzak.
Lokalean kantuak oso prestatuta joan da Rodeo, berriz ere, Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudiora. Ez ditugu stonerraren jarraitzaileak izutu nahi, estiloak bere horretan jarraitzen du, baina melodien tratamenduan aldaketa batzuk egon dira. Ahotsek goxotasun berri bat daukate, adibidez Distantzia kantuan, eta melodiekiko atxikimendu handiagoa Santagrazi edota Zauriak-en. Gitarra oldarkorrak maite dituztenentzat, Malkoak egokia eta bizkorra da, eta sei soken soinu mardula desio dutenentzat egina dago Distantzia. Kontrastea egiteko, gitarra soinu garbia dakar Sion mendia-k. Psikodelia ere ez dute atzean utzi Banator kantuan, eta batez ere hamar minututik gorako Dialektika-k oso eta zoragarrian. Berrikuntzak egitea maite duen stoner talde baten eboluzioa dugu hau; estiloaren jarraitzaileak, haatik, guztiz asebeteko dituena.