Rockero zaharren modura, euskaldun berri zaharrak ez dira inoiz hiltzen. Oraindik ere euskaldun berri dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak, eta segitzen dute euskararekin umorea egiten ere. Rockeroek egin ohi duten modura, lan arrakastatsuenekin bilduma bat osatu dute: Desentxufatuak. Duela hamar urte estreinatu zituzten Euskara sencilloaren manifiestoa eta Larru haizetara lanen zati onenen bilduma egin dute. Unplugged. «Argindar handiegia behar ez den antzokietarako. Atrezzo konplikaturik gabe, eta agertoki txikietarako», zehaztu du Telleriak. Gaur estreinatuko dute, Abadiñoko Txanporta kultur etxean (Bizkaia).
Martinezek eta Telleriak publikoarengana iristen jakin dute. Ez Dok Hiru Bikoteatroaren izenean egindako obrak arrakastaz estreinatu izan baitituzte Euskal Herri osoan. Lan berriagoak ere taularatzen ari diren arren, Telleriak adierazi du zenbaitek zaharragoak ikusteko gogoa duela. «Konturatzerako hamar urte igaro dira Euskara sencilloaren manifiestoa estreinatu genuenetik, Larru haizetara-k ere laster beteko ditu beste horrenbeste, eta etorri zaigu jendea esanez ikusiko lituzkeela obra horiek berriz». Obra bakoitza oso-osorik berriro taularatzeari, ordea, ez zioten zentzu handirik ikusten Telleriak eta Martinezek. Bi obretako pasarte arrakastatsuenekin antzezlan bakarra osatzea otu zitzaien orduan. Jendeari gehien gustatu zaizkien zatiak bildu dituzte obran.
Antzezlanak badu bizkarrezurra, baina moldaketak egingo dituztela azaldu du Telleriak. Rockeroek kontzertuetan egiten duten moduan, emanaldi batean antzeztutako zati batzuk kendu, eta beste batzuk interpretatuko dituzte. «Publikoaren nahien eta gure nahien arabera aldatu egingo dugu gure errepertorioa». Horiek horrela, ez dute baztertzen Euskarazetamol antzezlaneko zatiren bat edo beste antzeztea. «Giroak esango digu hori».
Gidoiaren bizkarrezurra osatzea beste edozein lan osatzea bezainbeste kostatu zaiela dio Telleriak. «Beti kostatzen da testua erabakitzea, baita agertokiaren itxura ere». Badute hala ere, aldeko faktore bat: herri askotan egin dituzte antzezpenak. «Hainbeste herritan, eta hainbeste lekutan antzeztu ondoren, badakigu gutxi gorabehera zer-nolako publikoa izango den».
Naturaltasunez oholtzan
Arrakasta handiko antzezlanen atzean, «natural» agertzen diren bi aktore daudela uste du Telleriak. «Taldea sortu zenetik mantentzen dugun ezaugarria da, publikoarentzat Mikel eta Patxo gara, baita agertoki gainean gaudenean ere». Martinez eta Telleria. Euskararekin jolastu, eta euskaldunekin umorea egiten duten bi euskaldun berri. Publiko zabala joan izan da antzezlanetara. Gogoratu du, gainera, duela hamar urteko ikuslea eta oraingoa aldatu dela. «Zenbait obra estreinatutakoan gaztetxo zirenak orain helduak izango dira; haiengandik jaso dugu alboratuak genituen bi obrekin berriz ere zerbait egiteko eskaria. Gustatu egiten zaio jendeari berriro gogoratzea antzezlanetako pasarteak». Antzezlan gehiago ere badituzte esku artean; hemendik gutxira estreinatzekoak dira, esaterako, Pancreas lana. Euskararen historia eroa azaltzen duten Lingua Navajorum lana, berriz, herririk herri antzezten ari dira Martinez eta Telleria.
Rockero ospetsuen modura
'Desentxufatuak' antzezlanean bildu ditu Ez dok Hiru Bikoteatroak bere bi obra arrakastatsuenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu