HILBERRIA. Javier Hernandez 'Boni'

Rockari emandako bizitza bat

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
mikel lizarralde
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Barricadaren parte izatea, nire bakarkako ibilbidearekin jarraitzea, diskoak grabatzea eta 36 urte hauek oholtza gainean igaro izana nire bizitzako obra dira». 2018an laringeko minbizi bat diagnostikatu ziotenean eta agertokietatik alde egin behar izan zuenean, mahai gainean jarri zuen Javier Hernandez Bonik zein zuen bizimodua. Orduan utzi behar izan zuen musika; izan ere, tumorea erauzi bazioten ere, ahotsa galdu zuen Barricada taldeko gitarrista eta abeslari izandakoak. Azkenean, ordea, ezin izan dio gaitzari aurre egin, eta atzo hil zen. 58 urte zituen.

Barricadaren sortzaileetako bat izan zen Boni, Enrique Villarreal Drogas-ekin batera. 1982an eratu zuten taldea, eta urte hartako apirilaren 18an eman zuten lehenengo kontzertua, euren auzoan, Txantreako plazan. Orduan hasi zen Euskal Herriko azken lau hamarkadetako rockaren ikur nagusietakoa izan den taldearen ibilbidea. Hain zuzen ere, Boni izan zen hasieratik amaierara arte Barricadan egon zen kide bakarra.

1983an, eta Mikel Astrain bateria jotzailea eta Sergio Oses gitarrista gehituta, lehenengo diskoa argitaratu zuten, Soñua diskoetxearekin: Noche de Rock and Roll. Lan harekin, eta zuzenean ematen zituzten kontzertu ikusgarriekin—antzerkitik gertu zeuden pasarteekin—, Barricada berehala bihurtu zen Euskal Herrian sortzen ari zen musika olde berri baten ordezkari nagusietakoa, nahiz eta artean inork ez zuen RRVaz (Euskal Rock Erradikala) hitz egiten. Nolanahi ere, mugimendu hartan sailkatu zituzten beste talde gehienek ez bezala, Barricadak ez zuen punkean oinarritzen bere musika, eta gertuago zegoen hard-rocketik eta kaleko rock gisa ezagutzen zenetik. Sistemarekiko eta boterearekiko jarrera kritikoak batzen zituen, ordea.

80ko hamarkadan bizi izan zituen Barricadak bere garairik gozoenak, nahiz eta gazitik ere izan zuen taldearen ibilbideak. 1984an Astrainek aneurisma bat izan zuen Artaxoan (Nafarroa), jotzen ari ziren bitartean, eta handik astebetera hil zen. Fernando Coronadok ordezkatu zuen baterian, eta Alfredo Piedrafita sartu zen, bestalde, Osesen ordez. Hain zuzen ere, formazio horrekin grabatu zituen Barricadak hurrengo diskoak, Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere erreferentziazko talde bilakatzera eramango zutenak: Barrio conflictivo (1984), No hay tregua (1986), No sé qué hacer contigo (1987), Rojo (1988), Pasión por el ruido (1989), Por instinto (1991), Balas blancas (1992) eta La araña (1994).

Kide aldaketaren batekin bada ere —Coronadoren ordez, Ibon Sagarna sartu zen—, taldeak diskoak grabatzen segitu zuen, harik eta 2011n Drogasek iragarri zuen arte gainerako taldekideek bandatik bota zutela. Bonik eta Piedrafitak arrazoitu zuten Barricadarekin segitzeko eta diskoak grabatzeko gogoz zirela, eta Drogasen gainerako proiektuek (Txarrena) oztopatu egiten zutela taldeak behar zuen martxa. Hala, Drogas taldetik kanpo zegoela grabatu zuten Barricadaren azken diskoa izango zena: Flechas cardinales (2012).

2013an Barricada desegin ondoren, bi disko argitaratu zituen Bonik: Incandescente eta Requiem por el mundo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.