Rockaren iraunkortasuna

Hamaika urteren ostean, estudioko disko berria kaleratu du EH Sukarrak, taldearen ibilbideko zazpigarrena

Mikel Gorosabel EH Sukarrako abeslari eta gitarra jotzailea eta Asier Serrano letragilea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ereserki hotsa zuen abestiak, baina aurkezpen txartel bat ere bazen: «Borroka ezazu, gurekin batera / gu gara eta EH Sukarra». Eibarko taldeak orain 21 urte kaleratu zuenlehen diskoko lelo ezagunenetariko bat da hori. Bilbon egin zuten lan haren aurkezpena orduan, eta hiri berean egin dute orain beren estudioko zazpigarren diskoaren aurkezpena ere. Beren estudioko aurreko lana kaleratu eta hamaika urtera. «Erditze natural bat izan da», dio Mikel Gorosabel Norton abeslari eta gitarra jotzaileak. «Banuen kantu bilduma bat, eta kaleratu beharra sentitzen nuen». Bera da jatorrizko talde hartako kideetatik jarraitzen duen bakarra, baina, azaltzen duenez, bada urteak joan eta urteak etorri irmo iraun duen zerbait: rocka. Rocka eta kantuak sortzerakoan sentitzen duen askatasuna.

Uhinak izendatu dute lana, eta badu lehen diskoko lelo ezagun hari egindako keinu bat ere. Badago orain arte egindakoa aldarrikatzeko asmo bat. Single gisa hautatu duten Hemen gaude kantua da horren adibide: beren ibilbide osoa errepasatzen du abestiak, eta orain arte kaleratutako disko guztien izenak aipatzen ditu letrak. Kronologikoki: EH Sukarra (1992), Irtenbide bakarra (1993), Garaien laberintoan (1994), Ura sutan (1996), Sua urtzen (1999) eta Gatzailearen egunak (2002). Aurrera jarraitzearen aldeko oihu bat da, halere, kantua. Ereserki bat berriz ere, baina aurkezpen beharrik gabekoa oraingoan: «Hemen gaude berriro ere, gu gara EH Sukarra».

Hirukote gisa grabatutako lehen lana izango da, eta, Nortonek dioenez, kantak «garbiagoak» dira horregatik. Punk-rock melodikoa da nagusi diskoan, taldeak propio duen estiloan. Baina ez da enbor bakarreko lana. Hamar kantu borobil sortzea izan da helburua, Nortonek dioenez. Aske aritu omen da, eta abestika deskribatzen du diskoa: «Rockaren inguruan egindako disko bat da. Hori da ardatza, baina badira pop kutsuko bi kanta ere, baita balada eder bat ere. Beste zazpi kantak rock kantak dira. Azkarrak edo motelak, baina rock kantak». Hardcoretik gertu dabil, adibidez, Gorde abestia, eta pausatuagoa da Azken biztanleak. Eta hain zuzen ere, abesti bizi horiek dira Nortonek kontzertuetarako gehien maite dituenak: «Energia ematen dizute».

Malko baten eragina itsasoan

Asier Serrano idazleak egin ditu hitz guztiak, eta kontzeptu bakar baten inguruan sortu ditu guztiak. Ideia horri eskaini diote diskoaren izenburua ere: Uhinak. «Hitz horrek lan honetan esanahi bakar bat dauka», dio Serranok. «Ekintza baten ostean, agertzen den ondorio ikusezin hori adierazten du. Malko batek itsasoan uzten duen marka hori. Tanta hori, eta horrek uzten duen ondorioa. Bandera zuri bat haizeak dantzatzen duenean sortzen den uhina. Eta denborak sortzen dituen zimurrak ere bai, uhin horiek». Mezu bat da nagusi, letragileak dioenez. «Iraganak etorkizunean bizia izango duela orain esateko beharra geneukan».

Mikel Artieda baxu jotzailea eta Heloy Galan bateria jotzailearekin grabatu du diskoa Nortonek, eta hirukote gisa emango dituzte kontzertuak; baina Loiola Madera ariko da Galanen ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.