Rockaren historiako bi ertzen kronika

Bilboko itsasadarraren bi ertzetako musikari buruzko '160 metros' dokumentalaren lehen atala jarri dute sarean

160 metros dokumentalaren egileak, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Geografikoki gertu dira Bilboko itsasadarraren bi aldeak, baina historikoki nabarmena izan da bien arteko aldea, eta ezberdintasun hori agerikoa da baita musikan ere. Ezkerraldeko punka, alde batean, eta Getxo Sound deiturikoa, beste aldean. Eta errealitate hori da Alvaro Fierro kazetariak eta Joseba Gorordo dokumentalgileak 160 metros izeneko dokumentalean aztertu dutena. «160 metrok bereizten dituzte ibaiaren bi ertzak, baita rocka ulertzeko bi moduak ere. Eta, beraz, baita bizitza ulertzeko bi era ere». Bost atal izango ditu lanak, guztira; atzo egin zuten lehen alearen aurkezpena, eta sarean dago gaur ikusgai. Zinebi jaialdian estreinatuko dute osorik azaroan, Bilboko Guggenheim museoan.

Testuingurua azaltzen du lehen aleak, eta EHUko Historia Ekonomikoko irakasle bat da horregatik elkarrizketatzen duten lehen pertsona: Jesus Valdaliso. 1990eko hamarkadaren hasierako Bizkaiaz mintzo da, Guggenheim museoaren lehen harriaz, industriaren gainbeheraz eta langabezia datuez: ertzetik ertzerako aldeaz. Gotzon Hermosilla kazetariak borobiltzen du gogoeta dokumentalean: «Ez ziren bi mundu bakartu. Ez ziren erabat bereizitako bi mundu. Baina bi mundu ziren».

Hamargarren iraultza

Musika da dokumentalaren ardatz, ordea, eta musikariak ere mintzo dira. Zarama taldeko Roberto Moso, lehenik, eta Los Clavos taldeko Juan Carlos Parlange, ondoren. Eta esanguratsua da musika hautaketa ere. Santurtziko portuan ageri dira Zaramakoak; kontzertu batean Los Clavosekoak. Zorrotz biak. Euskaraz Santurtzikoak: «Loreak ezkutatzen dira arratoien herrialdean / eguzkiak ez du berotzen / fabrikak ez du produzitzen». Ingelesez Algortakoak: «This is revolution. Revolution number 10».

Crowdfunding bidez sortu dute lehen atala, eta enpresa pribatu batek lagundu ditu hurrengoekin. Atalka egin du aurkezpena Gorordok. Urratsez urrats: Ezkerraldeko eszenaz arituko da bigarrena; Getxo Sound izenekoaz hirugarrena; ertz bateko eta besteko taldeei buruzko aurreiritziez laugarrena; eta egungo errealitateari begira jarriko dira azkenik, bosgarren piezan. Garai bateko ezberdintasun sozioekonomikoek oraindik indarrean jarraitzen ote duten. Hori da erantzuten saiatuko direna. Ertzek aurrez aurre jarraitzen ote duten, alegia.

Dokumentalaz gainera argazkiak, kantak eta bestelakoak ere bilduko dituzte webgunean.

Informazio gehiago bildu, eta dokumentala ikusteko, bisitatu webgune hau: www.160metros.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.