Musika

Rockaren alde guztien aterpe

Gaurtik hasita, hiru egunez musikazaleen biltoki eta taldeen erakusleiho bihurtuko da Gasteizko Azkena Rock jaialdia. Queens Of The Stone Age, Jane’s Adicction, Sheryl Crow, Ty Segall, eta Band of Horses dira izen handiak. 56 kontzertu egongo dira.

Queens Of The Stone Age taldeko abeslari Josh Homme. JOSE SENA GOULAO / EFE
Queens Of The Stone Age taldeko abeslari Josh Homme. JOSE SENA GOULAO / EFE
edurne begiristain
2024ko ekainaren 20a
05:10
Entzun

Artean Iggy Popen eta Lucinda Williamsen ikuskizun gogoangarriak zaleen oroimenetik ezabatu gabeak zirela iragarri zituzten Gasteizko Azkena Rock jaialdiaren antolatzaileek 2024ko aldian parte hartuko zuten aurreneko bi taldeen izenak: Ezpalak eta Brigade Loco. Euritearen ondorioz, bi euskal taldeen kontzertuak bertan behera geratu ziren iazko jaialdiaren azken egunean, eta antolatzaileek egunean bertan zabaldu zuten haiek izango zirela 2024ko Azkena Rock jaialdiko lehen talde konfirmatuak. Handik bost hilabetera baieztatu zituzten hainbat kartelburu, tartean Queens Of The Stone Age, Sheryl Crow eta Arde Bogota. Eta tantaka iritsi ziren besteak ere handik gutxira: Jane's Addiction eta Band of Horses, besteak beste.

Gaur hasi eta larunbata bitarte, rock musikaren alde guztiei ateak irekitzeari beldurrik ez diola erakutsiko du beste behin ere Azkena Rock jaialdiak. Gasteizko Mendizabalako zelaiek jaialdiaren 22. aldia hartuko dute aurten, eta hainbat estilotako taldeak igoko dira oholtzara; abangoardista, eklektiko zein klasikoak. 56 kontzertu izango dira guztira, Mendizabalako hiru eszenatokietan —God, Respect eta Love—, Trashville izenekoan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eguerdian izango diren doako kontzertuak aintzat hartuta.

Ikusle kopuruari dagokionez, marka guztiak haustea espero dute antolatzaileek, eta 50.000 zale baino gehiago espero dituzte hiru egunetan. Biharko eguna izango da jendetsuena: egun horretarako sarrerak amaitzear direla ohartarazi dute.

Gaur, kultuko talde bat

Rock alternatiboaren talde ikoniko eta berritzaile batekin abiatuko dute gaur jaialdia: Jane’s Addiction Kaliforniako (AEB) taldea ariko da. Perry Farrell abeslari karismatikoak gidatutako laukotea lehenbizikoz arituko da Mendizabalan, Dave Navarrok (gitarra), Stephen Perkinsek (bateria) eta Eric Averyk (baxua) lagunduta. 1985ean sortu zuten taldea —tartean hainbatetan banatu dira—, eta, mende laurden baino gehiago pasatuta, jatorrizko kideak Azkena Rock jaialdian batuko dira. Berriki jakinarazi dute, gainera, album berri batean ari direla lanean: Ritual de lo Habitual disko mitikotik jatorrizko taldearekin argitaratuko duten lehena izango da.

JANE's Adicction
Jane's Adicction taldearen zuzeneko baten irudia. JANE'S ADICCTION

Garage rockarekin eta rock psikodelikoarekin lerratzen da Ty Segall AEBetako musikari, abeslari eta konpositorea, eta hura da aurtengo beste izen handietako bat. Segallek dozena bat disko baino gehiago kaleratu ditu bakarka, eta beste artista eta banda askorekin kolaboratu du. Three Bells azken lana aurkeztuko du gaur Mendizabalan, berezkoa duen energia gordinarekin.

Doinu gogorragoak eskainiko ditu Whispering Sons taldeak. Post-punk garaikidearen berezko etsipena eta gordintasuna transmititzen bereziki trebea den Fenne Kuppens abeslariaren gidaritzapean arituko dira belgikarrak. 2013an sortu zen taldea, eta haren musika bizi, ilun eta bereziak kritikaren laudorioak jaso ditu.

Beste molde bat hartuko du Azkenak ordu txikietan: Bonafide talde suediarrak blues elektrikoaren eta rhythm and bluesaren sustraiei helduta, hard-rock doinuak eskainiko ditu taula gainean. Suediako rock eszenako talde nabarmenetako bat bihurtu da Bonafide, eta Are You Listening bere azken diskoarekin rocka zer den erakutsi nahi du Mendizabalan.

QOTSA, hirugarrenez

Bihar beste jite bateko taldeak izango ditu jaialdiak. Eta guztien artean nabarmentzekoa, Queens Of The Stone Age. Josh Hommek gidatzen duen talde ezagunaren rock alternatiboak burua astinaraziko die milaka zaleri. Stoner, rock, punk eta metal elementuak nahasten dituen estilo eklektikoagatik da ezaguna QOTSA, eta In Times New Roman disko berriarekin dator Mendizabalara. Aurretik ere izana da Kaliforniako taldea jaialdian: 2011n, hain zuzen, Azkenaren historiaren «zuzeneko onentzat» jo zen, eta aurrez, 2005ean, jaialdiaren lehen aldian, kartelburu izan zen.

Biharko egitarauari erreparatuta, nabarmentzekoa da duela urte batzuk desagertu eta aldian-aldian elkartzen diren taldeen presentzia. Adibiderik argienetako bat da L7, rock independenteko laukotea, Azkenara itzuliko dela hamarkada baten ostean. Donita Sparks buru duen taldea berriro elkartuko da 1992an argitaratutako Bricks Are Heavy disko ospetsua zuzenekora eramateko.

Bihar, stoner eta rock doinuak oholtzara eramango ditu Queens Of The Stone Age taldeak. In Times New Roman disko berriarekin datoz Mendizabalara kaliforniarrak.

Iraganeko denbora berreskuratzeko aukera paregabea emango du, halaber, Demolition 23 taldeak. Bi urte baino ez dira igaro Michael Monroeren bandak Azkena bisitatu zuenetik, eta izen bereko albumeko kantez gozatzeko parada eman nahi die berriro zaleei.

Sentipen zaharrak berreskuratzeko bilaketa horretatik ere badu zerbait Redd Krossen bisitak. Jeff eta Steven McDonald anaiek 2006an ere jo zuten, eta aurten Mendizabalako zelaia izango dute hurrengo diskorako probaleku. Datorren astean argitaratzekoak diren izen bereko lan berriaren kantekin batera, beren ibilbidean ezinbestekoak diren harribitxi batzuk ere eramango dituzte zuzenekora, hala nola Lady in the Front Row eta Annette's Got the Hits.

Biharko egitarauan aipamen berezia merezi dute talde askok, baina bi dira azpimarratzekoak: Barry Adamson eta Arde Bogota. Barry Adamson Buzzcocks eta Nick Cave & The Bad Seeds taldeetako partaide izandakoa da, eta bakarka ere ibilbide sendoa egina du. Arde Bogota Espainiako taldeak, berriz, indie-pop doinuak eramango ditu oholtzara. Eskaintzen ari diren kontzertu guztietan sarrerak bukatu izanak erakusten du boladarik onenean daudela. Jaialdiko antolatzaileen arabera, gainera, sare sozialetan jendeak gehien eskatu dituen taldeetako bat da.

Bi kartelburu ezberdin

Musikazaleentzat eta bereziki rockaren jarraitzaileentzat aski ezagunak dira Azkena Rock jaialdiak aurten aukeratu dituen bi talde nagusiak. Nor bere estiloan, ospe eta ibilbide handikoak dira Band of Horses eta Sheryl Crow.

Ez dute lan berririk kaleratu Things Are Great seigarrendiskoa (2022) atera zutenetik, baina Band Of Horses taldeak geldialdi txiki bat egingo du Azkena Rocken jotzeko. Hau izango da Ben Bridwellen taldeak Europan egingo duen zuzeneko bakarra.

AEBetako musikaren ordezkari nagusietako bat da Sheryl Crow. Michael Jacksonen korista gisa hasi zen, baina ibilbide propioa jorratu zuen ondoren, country, rock, pop, folk, eta blues estiloekin jolasean, disko arrakastatsuak kaleratuz, kanta atenporalak sortuz eta rock munduan tokia eginez, non gizonak baitira nagusi.

Sheryl Crow
Sheryl Crow. AZKENA ROCK JAIALDIA

Rock-and-roll jaialdia da Azkena Rock, eta programazioa osatzen duten taldeek berretsi egingo dute hori, nahiz eta bestelako musika ahaire batzuk ere entzungo diren. Australiako rock psikodelikoko eszena indartsuaren talde adierazgarrienetako bat da Psychedelic Porn Crumpets taldea, King Gizzard & The Lizard Wizard eta Tame Impalarekin batera. Lan freskoarekin iritsiko dira oraingoan, duela aste gutxi argitaratu baitzuten Fronzoli, seigarren lana, kritika bikainekin.

Euskal Herriko taldeen ordezkaritza ez da faltako jaialdian: gaur ariko dira Brigade Loco eta Txopet; bihar Ezpalak; eta larunbatean PIL.T. eta Lendakaris Muertos, besteak beste.

Trahsvillen, estilo basatiena

Urtero legez, Trahsvile izeneko gunea izango da musika estilo basatienaren aterpe, garage, surf, rockabilly, hillbilly eta abiadura biziko rock & rollarekin. Dozenaka talde eta DJ ariko dira bertan.

Hiru kartelburu izango ditu Trashvillek: The Mummies 1990eko hamarkadako AEBetako garage punk taldea; Les Greene,1960ko hamarkadako soul eta rhythm and blues soinuekin; eta 1959an sortutako Los Sirex taldea.

The Kongsmen
The Kongsmen Bartzelonako taldea.

Horiez gain, bestelako doinu andana eskainiko ditu Trashvilleko karpa nagusiak: Jo Carley and The Old Dry Skulls, Ghalia Volt, The Bank Robbers, Tiburona... Gorila maskarak jantzita iritsiko dira The Kongsmen Bartzelonako taldea, eta ikuskizuna ziurtatuta egongo da Funtasmas eta Old Time Spooks taldeekin. Erritmo biziko punk-rock, garaje eta surf proposamena eskainiko dute, berriz, Ukelele Joe & Sus Hula Shakers taldekoek.

 

Egitaraua

OSTEGUNA

God gunea.19:05ean, Brigade Loco; 21:10ean, Ty Segall; 23:35ean, Jane's Addiction.
Respect gunea. 18:15ean, Txopet; 20:05ean, Whispering Sons; 22:30ean, Tarque & La asociacion del Riff; 01:00etan, Bonafide.
Trashville gunea. 20:15ean, Old time spooks; 22:30ean, Ukelele Joe & Sus Hula Shakers; 02:00etan, Eloy RB.

OSTIRALA

God gunea. 17:30ean, Bala; 19:20an, Barry Adamsom; 21:40an, L7 plays Bricks Are Heavy; 00:20ean, Queens Of The Stone Age.
Respect gunea. 18:25ean, Dea Matrona; 20:25ean, Redd Kross; 23:00ean, Arde Bogota; 01:55ean, Demolition 23.
Love gunea.18:00etan, Ezpalak; 19:20ean, La Perra Blanco; 20:50ean, The Rain Parade; 23:30ean, The Black Halos; 01:50ean, The Real Mckenzies.
Trashville gunea. 18:30ean, Ghalia Volt; 20:00etan, Jo Carley & The Old Dry Skulls; 22:20ean, The Kongsmen; 01:00etan, Les Greene; 02:30ean, Juan de Pablos y sus Alumnos Runaway; 04:30ean, Clara Lobo AKA WOLF-A.
Rat Hole gunea. 17:30-20:30, Txiki ARF; 02:00etan, La Guerrero; 04:00etan, SR. LOBO.

LARUNBATA

God gunea. 18:05ean, PIL.T.; 19:50ean, Warren Haynes Band; 22:00etan, Sheryl Crow; 0:30ean, Band oh Horses.
Respect gunea. 17:30ean, Etropia; 18:55ean, Glen Hansard; 20:55ean, Mavis Staples; 23:25ean, St. Paul & The Broken Bones; 01:55ean, All Them Witches.
Love gunea. 18:00etan, Moonshine Wagon; 19:20ean, The Detroit Cobras; 20:50ean, The Pleasure Fuckers; 23:15ean, Psychedelic Porn Crumpets; 01:50ean, Lendakaris Muertos.
Trashville gunea. 18:30ean, The Bank Robbers; 20:00etan, Funtasmas; 22:15ean, Tiburona; 01:00etan, The Mummies; 02:30ean, Pep Tones; 04:30ean, Foroazkenarock DJak.
Rat Hole gunea. 17:30-20:30, Txiki ARF; 02:00etan, Iker Diskografia; 04:00etan, Ak Pintxadiscos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.