Marino Goñi. Musika ikertzailea

«Rocka ez zen gauzak esateko tresnatzat hartzen orduan»

Erretiroa hartuta, baina musikaren eta Gor diskoetxearen orbitatik irten gabe, 'Córtate el pelo' zuzendu du. Nafarroan duela mende erdi lur hartu zuen rockaren historia egiteko.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Erretiroa hartu berritan, bihotza «benetan» ukituko zion zerbait egitea erabaki zuen Marino Goñik (Burlata, Nafarroa, 1951). «1960ko hamarkadan nerabea nintzen, eta nerabezaroko gertakizunek, entzundako musikek, goitik behera markatzen zaituzte. Horrek ukitzen ninduen». Ukidura horretatik, gidoia idatzi eta 88 minutuko dokumental bat zuzendu du. Xabier Unanua izan du izatezko bikotekide dokumentala burutzeko behar izan dituen bi urteetan. Unanua arduratu da filmaketaz eta edizioaz. Finantzaketa kolektiboz ordaindu zuten proiektua, eta abenduan estreinatu emaitza, Golem zinemetan. Gaur emango dute Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), 22:00etan.

1960ko hamarkadako gizarte frankistan, rocker txima luzeak gaizki ikusiak zeuden. Zure dokumentalaren Córtate el pelo (Moztu ezazu ilea) izenak hori dakar gogora. Askotan moztu al zenuen ilea zerorrek?

Batzuetan bai; erdi derrigortuta, ia beti. Nigatik, tximak askoz luzeago utziko nituzke. Ile luzea edukitzeagatik egurra jaso zenezakeen. Eta hori ez da hemengo fenomenoa bakarrik. Duela gutxi ikusi dut Argentinako 70etako rockari buruzko dokumental bat, eta han ere gauza bera agertzen zen: Poliziak atxilotu, jo eta ilea mozten ziela indarka hangoei ere.

Dokumentala egitean, zure nerabezaroko oroitzapenak berretsi ala ezetsi egin dituzu?

Erabat berretsi dizkit. Eta sumatu besterik egiten ez nituen eta kondairatzat nituen zenbait gauza ere egia zirela ikasi dut. Topiko bat da esatea, baina dokumentalean elkarrizketatuetako askok esaten dute zuri-beltzeko gizarte bat zela gurea. Giroa oso tristea, oso urdina, oso aspergarria zen hiriburuan eta Iruñerrian. Eta bitxia da,

Bitxia da, baina bilurra jarri ziguten berek eskaini zizkiguten bilurrok askatzeko giltzak: rock eta musika modernoko lehen jaialdiak apaiz eskoletan egin ziren, beste inon ezin zelako egin. Beatlesen Urpeko horia filma aipatzen dut beti, pelikula hartan Beatlesek kolorez betetzen baitute zuri-beltzeko mundu bat. Guri gauza bera gertatu zitzaigun.

«Guri» horretan neska-mutilak batera zeundeten, ala bereizita?

Oholtzan ez zen ia neskarik, bakarra ere ez zegoela ez esatearren, baina entzuleen artean bai. Are gehiago: kuadrillak neska-mutilenak ziren. Belaunaldi eten argi bat dago 60ko hamarkada erdialdean nerabe ginenen eta gure senide nagusiagoen artean. Aldaketa estetikoa nabaria zen, janzkeran eta orrazkeran. Beste musika batekin dantzatzen ginen; harremanetan sartzeko era ere desberdina zen. Ez ginen gure belaunaldiko denak, baina asko ginen. Belaunaldiari erabat lotutako mugimendua zen. Eta urbanoa.

Eta nola sartu zen musika berri hura?

Toki gehienetan bezala, lehen sarbide indartsua zinematik egin zuen. Disko eta aldizkariren batzuk ere baziren, eta, gure kasuan, Pirinioetako mugatik eta irrati uhin piratetatik barrena ere sartu zen.

Hamarkada hartan iraultza bat gertatu zela esan izan da. Hainbesterainokoa izan al zen?

Bai, bai, bai. Nafarroan, behintzat, bai. Hamarkada hasierako giroari eta bukaerakoari erreparatzen badiozu, rockaren etorrerarekin aldaketa argia nabari da kanon moral, estetiko eta politikoetan. 60ko urteetako taldeen musikak ere badauka zerikusia politikoarekin.

Madrilgo movida-k ere izan zuen eragin politikoa.

Bai horixe. Kasu honetan, 60ko urteetako Nafarroan rock musikak izan zuen eragina justu alderantzizko norabidean izan zela esango nuke.

Hitzetan, gaitegian nabari da gutxien iraultza, ezta?

Zegoen zentsura estuarekin, beharko! Hamarkada amaiera arte, ohiko maitasun kantuak nagusi izan ziren. Rocka ez zen ulertzen gauzak esateko tresna gisa, baina hamarkada erdialdetik, hasi ziren esplizituak ez ziren mezuak ere agertzen. Bada beste kontu bat ere: hamarkada erdialdedik aurrera, 1967tik aurrera, kantautorea azaltzen da. Kantautoreek hitz zorrotzagoak zerabiltzaten, zentsuraren zama bertan izanik ere.

Zeintzuk ziren talde arrakastatsuenak garai hartan?

Talde ugari zegoen. Iruñean zortzi-hamar talde zeuden, eta batzuk puntakoak. Los Condes, Los Junior's, Los Totem, Los Brek's, Los Rebeldes, Los Anakos... ia astero jotzen zuten haiek. Eta haiez gain, piramideari eusten, beste berrogei-berrogeita hamar bat talde bazeuden.

Gehienak Iruñekoak izango ziren, ala?

Bueno, bazeuden rara avis batzuk ere. Tuterako Los Flyers taldea martxan zegoen 1964an, eta Iruñera joaten ziren jotzera, baina beraien eragina Erriberan zegoen batez ere. Gero, Tafallako The Zara's dago. Talde horrena oso bitxia da: bost senidek osatzen zuten; Nafarroan 1950eko hamarkadan hasi ziren, umetan, eta gero Frantziara, Alemaniara eta Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren.

Zein hizkuntzatan kantatzen zuten? Euskaraz ez, behintzat.

Ez, ez, ez, euskara hiltzen ari zen eta hiltzen utzi behar zen hizkuntza gisa agertzen da garai hartan. Gaztelaniaz kantatzen zen batez ere, baina ingelesez, frantsesez eta italianoz ere bai.

Zein iturritatik edan duzu dokumentala egiteko?

Garaiko protagonistei egindako elkarrizketak daude batetik; eta prentsa bestetik. Prentsan, El Pensamiento Navarro eta Diario de Navarra erabili ditut batez ere, eta sorpresa hartu ere bai. Integristetan integristena izandako Pensamiento Navarro aurrerakoi agertu zait, hamarkadako bigarren erdian batez ere. Zuzendari aldaketagatik izan zen. Tokiko irakurleek astero jasotzen zuten nazioarteko musikaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.