«Batzuetan ematen du nire aurpegia ezaguna denez, neu naizela honen motorra, baina ez da horrela; dena egiten dugu modu kolektiboan». Batez ere, aktore lanetan egindako ibilbideagatik da ezagun Itziar Ituño, baina musikaren esparruan, aurkezpenaren lehenengo esalditik hasita urtu nahi izan du bere ahotsa taldearenean. Ingot izeneko taldeko abeslari eta kantu-hitzen egilea da Ituño, eta Juan Pedro Salvador Muñoz gitarra jotzaileak, Joseba Serna Hernansanz bateria jotzaileak, Roberto Giguero Sansebastian baxu jotzaileak eta Roberto Awanari teklistak osatzen dute boskotea. 2017an batu ziren lehenengoz, hurrengo urtean kaleratu zuten lehen maketa, Aita Mari erreskate ontziak egiten duen lanari buruzko abestia kaleratu zuten 2020an, eta Perun, Brasilen eta Italian hainbat kontzertu eskaini ostean, orain eman dute argitara beren lehen estudioko lan luzea Elkar diskoetxearen eskutik: Zeugaz.
«Rock disko bat da». Esaldi horrekin laburbildu dute euren proposamena taldekideek, baina aterki zabal horren pean dauden hainbat adar jotzen dituztela zehaztu dute gero. Guztira, rock klasiko, rock progresiboko zein rock psikodelikoko hamabost kanta biltzen ditu diskoak, guztiak ere euskaraz kantatutakoak, eta, zehazki, bizkaieraz. Baina aldatu egiten da kanta kopuru hori formatuaren arabera. Ezkutuan doalako hamabosgarren abestia CD formatuan, esaterako, eta, denak sartzen ez zirenez, bozketa bidez hautatu behar izan zituztelako zer bost kanta utzi binilotik kanpo.
«Ez dakigu rocka modan dagoen. Batzuetan badirudi ezetz, batez ere gazteen artean, baina guri berdin digu. Guk gustuko duguna egiten dugulako»
ITZIAR ITUÑOIngot taldeko abeslaria
«Ez dakigu rocka modan dagoen», zalantza azaldu du ituñok. «Batzuetan badirudi ezetz, batez ere gazteen artean, baina guri berdin digu. Guk gustuko duguna egiten dugulako». Zehaztu dutenez, gainera, kide bakoitzak bere eraginak daramatza taldera. Salvadorrek, esaterako, Led Zeppelin, Deep Purple eta 70eko rock klasikoa aipatu ditu nagusiki; «beatnik belaunaldia» du iturrietako bat Awanarik, eta «Su ta gar, Kashbad eta Latzen», Ituñok. Serna bateria jotzaileak, aldiz, «reggaetona ez den edozer» entzuten duela esan du lehenik, eta berehala gehitu zuzenketa. «Baina reggaetona ere bai, zergatik ez».
Azaldu dutenez, berez, 2022an hasi eta 2023an bukatu zituzten grabazioak, baina orain eman dute argitara. Pandemiak moteldu zuen lehenik lana, Ituñoren bestelako lanek ere bai gero, bai eta Salvadorrek izandako gaixoaldi batek ere ondoren. Edonola ere, indar betean daude orain, eta diskoa kaleratu berri duten arren, esan dute jadanik badituztela bost kanta gehiago.
Aiahuaskak irekitako atea
Joseba Sarrionandiak idatzitako poema bat du oinarri Begi urrunei bertsoa abestiak. Eta euskara ez ezik, kokama hizkuntzan kantatutako pasarteak ere baditu Wararu izeneko abestiak.
«Ni oso pertsona materialista zientifikoa nintzen, soziologia ikasitakoa, pentsatzen zuena dagoena dagoela eta puntu; eta aiahuaskarekin izandako bizipenak ikuspegia zabaldu zidan»
ITZIAR ITUÑOIngot taldeko abeslaria
Ama landara abestiaren sorrera ere azaldu dute musikariek. Normalean, musika sortzen dute lehenik, eta gero etorri ohi dira hitzak. Kanta horren kasuan, Ituñok zehaztu duenez, denbora zeraman musikak sortuta, eta, bat-batean, «berez» bezala etorri zitzaizkion hitzak, halako batean. «Oihanean izandako bizipen batean oinarritutako hitzak izan ziren. Aiahuaska probatu nuen xaman bategaz, eta horrek beste ikuspegi bat eman zidan, bizitzarena, unibertsoarena... Ni oso pertsona materialista zientifikoa nintzen, soziologia ikasitakoa, pentsatzen zuena dagoena dagoela eta puntu, eta horrek ikuspegia zabaldu zidan, eta konturatu nintzen nik ez nekiela dena, gauza gehiago badaudela azaldu ezinak, eta berez lehenengoan irten zen kanta».
Taldearen musika ez ezik, taldearen «militantzia» ere nabarmendu du Andres Kamio Jitu Elkar diskoetxeko ordezkariak. Haren hitzetan, Ingot taldekoak «mundu justuago baten bila» ere badabiltzalako musikaren bidez. Eta, besteak beste, petrolio isurketa batzuk salatzeko Perun eskainitako kontzertua aipatu du horren frogatzat, bai eta Aita Mari erreskate ontziko kideei eskainitako kanta ere.
Zuzeneko saioak
Hainbat kontzertu emango dituzte hurrengo egunetan, eta 2025ean oraindik iragarri ezin dituzten bi emanaldi handi ere izango dituztela esan dute taldekideek. Oñatiko Gaztetxean izango dira domeka honetan, eta lagunentzako kontzertu txiki bat eskainiko dute urriaren 15ean gero. Leioan (Bizkaia) izango dira azaroaren 23an, Sahararen aldeko kontzertu batean; Frankfurten (Alemania) egongo dira azaroaren 30ean; Durangoko Plateruena antzokian (Bizkaia) abenduaren 7an, Durangoko Azokan; eta, azkenik, abenduaren 13an egingo dute diskoaren aurkezpen ofizialtzat dutena. Portugaleten (Bizkaia) izango da hori, Groove aretoan.