Nik uste dut bizitza zerbait serioa dela eta gisa horretan hartu beharko litzatekeela. Rock-and-rollean, berriz, edo dibertitzen zara, edo, bestela, hobe da beste zerbait egitea». Chrissie Hynderen hitzak dira, The Pretenders taldeko abeslari eta liderrarenak. Badira bost urte talde ingelesak azken diskoa atera zuenetik, eta Hyndek bakarkako lehendabiziko lana kaleratuko du orain, 62 urte dituela. Oso argi du zein den musikan jarraitzearen arrazoia, hamarkadak pasatuta ere. «Rolling Stonesek, Bruce Springsteenek eta nik rocka egiten dugu oraindik ere, funtsean oso ondo pasatzen delako talde batekin oholtza baten gainean jotzen». Bihar jarriko dute salgai Stockholm izeneko lana. CDan, biniloan eta sarean egongo da entzungai.
Duela 36 urtetik dabil Hynde The Pretenders talde historikoarekin oholtza gainean, eta adiskide berriekin lan egiteko beharra sentitu du oraingoan. Hyndek adierazi duenez, Bjorn Yttling (Peter, Bjorn eta John) eta Joakim Ahlund musikariekin izandako elkarlanetik sortu da diskoa. «Ez zidaten haiek egin talde bat osatzeko proposamena; alderantziz, nik esan nien biei: 'Sor dezagun talde bat, jar diezaiogun izen bat, eta joan gaitezen biran'». Ordea, abeslariak gaineratu du egoera konplikatu xamarra dela, bi musikariek proiektu propioak baitituzte, eta Londrestik urrun, Stockholmen bizi baitira (Suedia). «Azkenean nik itzuli behar izan nuen haiengana, umil-umil».
Hain zuzen, Suediako hiriburuko Ingrid estudioan grabatu dute diskoa; Bjorn Yttling bera izan da ekoizlea, eta hainbat kolaborazio izan dituzte. Neil Young izan da gonbidatu izarra. Down the Wrong Way abestian, gitarra jo du kanadarrak. Hasieran, kantuari Neil Young Song izena jarri zioten, lortutako soinuarengatik eta Hyndek gitarristari dion mirespenaren adierazle.
BBCn duela gutxi egindako elkarrizketa batean, honela definitu zuen Hyndek Young: «Neil mundu guztiak atsegin duen marihuana erretzaile eta hippy maitagarria da. Eta espero nuen bezalakoa da... Baina jainkoa ere bada. Ez nuen inoiz pentsatuko mesede bat egiteko eskatuko nionik, errespetuarengatik bakarrik».
Errespetu horren eraginez, ez da izan berehalakoan hartutako erabakia Harvest-en egileak diskoan parte hartzea. Sei hilabete pasatu zituzten Young estudiora gonbidatu ala ez pentsatzen, eta, azkenean ausartu, eta kanadarrak baiezkoa eman zien.
Estudioan denbora gutxi egon zen Young, pare bat saiotan grabatu baitzuen bere zatia, baina haren bisitak utzi zuen bitxikeriarik. «Alde egitean, pua bat ahaztu zitzaion, eta guztiok borrokatu ginen hartzeko. Negarrez ari ziren gizon helduei buruz hitz egiten ari gara», azaldu du Hyndek. John McEnroe tenis jokalari historikoak ere parte hartu du lanean.
Musikari dagokionez, Hyndek nabarmendu du «power pop» estiloko disko bat egin nahi izan duela, ukitu dantzagarri batekin betiere. Hamaika abestiz osatutako diskoa osatu du, hala. Dark Sunglasses kantua da diskoko singlea. Musikariak adierazi duenez, titulu arin xamarra du, sakontasunik gabea eta sinplea. «Britainia Handiko klase sozialen inguruko istorio bat izan liteke, baina ez da. Eguzkitako betaurrekoak daramatzaten bi gizonezkori buruz hitz egiten du azkenean, besterik gabe».
Gaur egungo rockaren alderdi batekin kritiko ere agertu da Hynde: «Rockaren zati bat Glory Rock-ean bihurtu da. Familiaren balioak sartzen dira hor. Baina rocka errespetugabetasunetik sortu beharko litzateke, nire ustetan».
Taldea nola edo hala
Chrissie Hyndek intentsitate handiko bizimodua izan du. 1949an jaio zen, Akronen (AEB), eta bi obsesio izan zituen gaztarotik: musika eta Britainia Handia. Herrialde horretan bizi ziren haren heroiak —The Beatles, The Kinks, The Rolling Stones, Jeff Beck—. Hala, Londresera alde egin zuen, 1973an, rock musikari arrakastatsu bat izateko ametsarekin.
Musika kazetari gisa eta SEX saltokian lanean ibili zen hasieran—Sex Pistols taldea sortu zen denda horretan, handik gutxira—. Bi lanetatik bota egin zuten, ordea. Hark rock talde bat sortzeko desio bizia zuen artean ere, eta hainbat saio egin zituen. Lehendabizi Mick Jonesekin —The Clasheko gitarrista bihurtu zen gerora Jones—; geroago Masters of the Backsidekin, eta, azkenik, Johnny Mopeden taldearekin. Mick Jonesek The Clashen bira batera ere gonbidatu zuen, eta honela oroitzen ditu egun haiek: «Oso esperientzia ederra izan zen, baina bihotza apurtzen zitzaidan. Gertutik ezagutu nuen musikaren mundua, eta ni talderik gabe egotea oso gogorra egiten zitzaidan».
Behin eta berriz tupust egin zuen, pertsona egokiarekin aurkitu zen arte: Dave Hill managerrarekin. Musikariak bilatzen lagundu zion Hillek, eta orduan sortu zuen The Pretenders, 1978an. Brass in pocket,Talk of the Town, Message in love... Rock abesti handiak egin zituzten lehen urteetan, eta hiru milioi disko baino gehiago saldu zituzten. Drogaz betetako urteak ere izan ziren. James Honeyman-Scott gitarrista kokaina gaindosi batekin hilda agertu zen, 1982an. Pete Farndon baxu jotzailea taldetik bota zuten, heroinarekin zituen arazoengatik, eta, handik gutxira, hura ere hilda azaldu zen, heroina hartu eta bainuontzian zorabiatu ondoren. Femme fatale ezizena hartu zuen Hyndek.
Baina taldeak aurrera jarraitu zuen. Britainia Handiko rock musikaren erreferentzia bilakatu dira urte hauetan guztietan. Hamalau disko, eta klasiko bihurtu diren hainbat abesti egin dituzte: Don't Get Me Wrong, I'll Stand By You, Night in my Veins... Hynde begetarianoa da gaur egun, eta animalien aldeko ekintzaile gisa aritzen da, PETA erakundean. Rockak bizi du, eta rocka behar du bizitzeko.
Rock musika dibertsio
Chrissie Hynde The Pretenderseko lider eta abeslariak bakarkako lehen diskoa kaleratuko du bihar, 62 urte dituela. 'Stockholm' izeneko lanean hainbat kolaborazio izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu