Rock dantza

Elektronika eta dance kutsuko erritmoak gehitu dizkio Enkorek bere rockari, eta inoizko diskorik dantzagarriena kaleratu dute: 'E'

Enkore taldeko kideak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Lehenengo ideia da beti onena». Esaldi hori izan du gidari Enkore taldeak bere ibilbideko hirugarren diskoa sortzeko orduan, eta bulkada horrek eraman ditu orain arte ibili gabeko bideak ezagutzera. Beren diskorik dantzagarriena egin dutela diote taldeko kideek, eta esperimentatzeko gogoz aritu direla. «Igual arriskua dagoela disko honetan? Ba, bai», onartu du Xabi Hoo abeslariak. «Eta beti izan ditugun jarraitzaile batzuk uxatuko ditugula? Ez dakigu, baina ziur gaude gure publikoa ez den beste entzuleria batera heldu garela. Bihotz ezkutua singleagaz hori ikusi dugu». Moldaketak moldaketa, arimari eusten diotela diote, halere, eta horregatik titulua: E (Baga Biga).

Laburtu du sakoneko asmoa abeslariak: «Saiatu gara Enkoreren arima mantentzen, baina baita arimatik haragoko gauzekin esperimentatzen ere». Hamar kanta ditu diskoak, orotara, eta guztiak dabiltza rockaren bueltan. Elektronika ukituak ere gehitu dituzte, ordea, hainbat abestitan, eta inoizko diskorik dantzagarriena atera dutela diote taldekideek. Horregatik Hook aipatutako esperimentazioarena.

Azkarra izan da sorkuntza prozesua, Urtzi Iza gitarra eta teklatu jotzaileak azaldu duenez, eta baita interesgarria ere. «Oso dibertigarria izan da dena. Urtarrilean hasi ginen horrekin, eta hamar kanta bildu ditugu azkenean diskoan». Azkar ibili direla onartu du Izak, baina zehaztapena egin du gero: «Azkar bai, baina ez presaka». Kanta asko kanpoan utzi behar izan dituztela zehaztu du, gainera, Hook. «Oso oparoa izan da sorkuntza prozesua, eta ezinbestekoak diren hamar abestiekin geratu gara azkenean». Kanta hautaketan ikuspegi orokorraren alde egin dutela dio Izak. «Kohesioa dago». Igartzen da zer osagai erabili duten diskoa sortzerakoan. Gaur egungo garage kutsuko rock alternatiboaren itzala igar daiteke, adibidez, gitarra riff askotan, eta diskoa ixten duen Hegan kanta da horren erakuslerik argiena. Abestirik gehienetan nahasian doa, ordea, rock ildo hori elektronika ukituko lelo dantzagarriekin. Eta, hain zuzen ere, uztarketa hori da diskoaren bereizgarri nagusia. Alde dantzagarri horretarantz lerratzen dira nabarmen Zerua eta Gure gaua kantak, esaterako, eta rockeroagoak dira Ortzadarra, V,Bihotz ezkutua eta Isiltasun oihu bat. Eta lelo melodikoetan jartzen dute indarra gehienek.

Ekain eta uztailean grabatu dituzte kantak, Tio Pete eta Beard estudioetan. Jose Lastra izan dute gidari lehenengoan, eta estudiora lan asko aurreratuta joan baziren ere, harekin izandako harremana nabarmen dute taldekideek. «Bera bere mundu analogikotik zetorren, eta gu geure mundu digital komertzialagotik, baina desberdintasun zena onuragarri bihurtu da azkenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.