Beraien bakarkako ibilbidea tarte baterako albo batera utzi eta elkarlanean kaleratu dute Señor No taldeko Xabik eta Pettik Xabi ta Petti diskoa (Gaztelupeko Hotsak), CD nahiz binilo formatuan. Lan hori labetik atera berri iritsiko da Durangoko Azokara. Xabik azaldu duenez, «diskoak ukitu ganberroa dauka. Musika eginez ondo pasatzea, bizitzaz gozatzea dugu helburu».
Señor No taldeko abeslari eta gitarrista da Xabi, eta horren aurretik La Perrerako partaide ere izan zen. Talde hori funtsezkoa izan zen Buenawistakomugimendua loratu zedin. Petti, berriz, ahots sakoneko blues, folk eta rock bakarlaria da, eta dagoeneko dozena erdi diskok osatutako ibilbide oparoa du. Beti azaldu da beste musikariekin kolaboratzeko prest. Horren lekuko dira: Barrence Whitfield, Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin grabatutako diskoak, Terry Lee Hale kantariarekin egindako bira, Xabier Leteren omenezko kontzertuetan izandako parte hartzea eta abar.
Xabi ta Petti diskoa grabatu aurretik, Xabik eta Pettik kontzertu ugari eman dituzte taberna eta areto txikietan. Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak-eko kideak azaldu du haiekin lan egitea plazer bat dela. «Etorrera handiko sortzaileak dira, edozeri oratzen diotenak». «Bi bakarrik izanik, edozein tokitan dago guretzat lekua, estadioetan zein leku txikietan jo dezakegu», dio umorez Xabik. «Chris Casello hemendik zebilela jakin bezain pronto hor sortu zen biok batera disko bat grabatzeko aitzakia perfektua». Izan ere, ekainean Andoaingo laugarren Rock Jaialdian kontzertu erraldoian jotzeko aukera izan zuen bikoteak.Chris Casello Trio, Johnny Powers, The New Christs, Davila 666 eta Sue Morenorekin aritu ziren. Diskoan dagoen kantu berri bakarrean hartu du parte Casellok.
Bertsioz jositako diskoa
Freddie Kingen Hideaway blues klasiko instrumentalak irekitzen du diskoa. Ondoren, I Never Cared for You dator. «Willie Nelsonen kantua runba berezi bilakatu dugu, eta kutsu latinoa eman», azaldu du Pettik. Beatlesek famatu zuen Baby it's You Burt Bacharachen abestia era akustikoan grabatu dute Xabiren ahotsean. Laugarrena diskoko kantu berri bakarra Satorrak da. Pettik egin du, eta Xabik lehen aldiz euskaraz abesten du bertan. Soul-blues balada beroa da, eta Chris Casello gitarristak hartu du parte grabazioan. Ray Charlesen I Got a Woman rhythm and blues klasikoan Rafa Aceves pianistak hartzen du protagonismoa. Andre Williamsen kantu baten bertsio dibertigarria da Diselo. Rock-and-roll doinuan jo dute John D. Loudermilken Mr. Jones. Diskoko azken abestia Amaren seme da. Small Facesen Every Mother's Son euskarara ekarri dute. Urtea bukatu bitartean hiru kontzertu emango ditu bikoteak: hilaren 6an, Durangoko Azokan, Ahotsenean; 8an, Oñatin; eta 30ean, Markinan.
Xabi eta Pettiren disko berria aurkezteko kontzertuak betiko ildotik jarraituko dutela nabarmendu du Uzinek: «Akustiko eta gordinak izateaz gain, biziak, beroak eta elektrizitatez beterikoak izango dira». Gustuko kantarien abestiak joko dituzte.
Rock-and-rollaren sustraietan
Country eta blues kantuen bertsioak moldatu dituzte Xabik eta Pettik elkarrekin egindako lehen diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu