Hilberria. Lou Olangua

Rock-and-rolla bihotzean

mikel lizarralde
2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Aitzindari hitza sarritan erabiltzen bada ere, gutxik merezi dute halako merezimendu bat Lou Olanguak bezainbeste. Rock-and-rolla abestea eta sentitzea gizonezkoen munduari erabat lotuta zegoenean, O.K. Corral taldearekin euskaraz abesten oholtza gainera igo zen aurreneko emakumeetako bat izan zelako, baina baita lurralde eta garai ez oso aproposean —RRVaren unerik gorenean—, rockabillya, countrya eta erritmo yankiak defenditu zituelako ere. Aitzindaria izan zen. Aitorpena gerora iritsi zaion arren. Lourdes Olangua, izen artistikoz Lou, atzo hil zen gaixotasun larri bati ezin aurre eginda. Haren errautsak itsasora botako dituzte gaur arratsaldean, 18:30ean, Zarauztik Getariarako bidean.

O.K Corral Humedecidos taldearen errautsetatik sortu zen 1985ean. Ordura arte gaztelaniaz abestutako kantuak osatzen zituzten, baina musika ildoa zehaztu —rock-and-rolla, countrya, rockabillya— eta euskaraz abesten hastea erabaki zuten Lou Olanguak eta taldekideek. 1986an lehenengo diskoa grabatzeko aukera sortu zitzaien (O.K. Corral, Elkar), eta han bildutako kantuetako askorekin oihartzun dezentekoa izan zuten (Baserriko neskatilak, Mendi gainean...).

Taldekide aldaketak izanda, O.K. Corralek bigarren diskoa grabatu zuen 1989an (Begi gogor beti mozkor), eta aurrenekoan bezala, hainbat bertsio sartu zituen, guztiak taldearen erreferentzien isla (Link Wray, The Stranglers,, Ronald Blackwell). Lan hark, ordea, ez zuen horren ondo funtzionatu, kontzertuak ere apenas eman zituzten, eta taldekideen arteko tirabira batzuk medio, O.K. Corral desegin egin zen hurrengo urtean.

Lou Olangua ez zen erretiratu, baina ordutik aurrera bere agerpenak urriagoak izan ziren. The Covers taldearekin koruak egin zituen Cover Girl diskoan, eta gerora Lusty Men-ekin single bat kaleratu zuen. Las Lagartasen ere ibili zen.

2005ean O.K. Corral berriro batu zen kontzertu bakarra emateko. Azkena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.