Rock amerikarraren izanetik

Hira taldeak bosgarren diskoa kaleratu du, 'V' izenburupean.Hamabost urteko ibilbidearen ostean, orain arteko «osatuena» iruditzen zaie

Alex Lobato (bateria), Ibai Marin (ahotsa) eta Manex Etxeberria (baxua). JON URBE / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Eboluzio bat egon behar da disko batetik bestera. Bosgarren hau inoiz baino ilusio handiagoarekin egin dugu, intentzio sendoarekin, eta ahalik eta hobekien». Lan txukunaren emaitza da V diskoa, taldeko abeslari Ibai Marinen aburuz. Hamabost urteko ibilbidearen ondorioa. Autoekoitzi ostean, Elkar argitaletxearen laguntza izan dute plazaratzeko, eta pozik azaldu dira taldekideak emaitzarekin.

Zaindutako produktua dela nabarmendu nahi izan du, ildo beretik, Marinek. «Asko pentsatu dugu zeinekin, nora joan grabatzera...». Hausnarketa horren emaitza: rock amerikarraren aztarna duten 11 kantu. Ez da soilik musika izan zaindutakoa, ordea. Diskoaren beraren maketazioa eta estetika ere txeraz eta gertutik segitu dituzte. «Konposizioa asko zaindu dugu. Gaur egun merkatua zaila da, eta ahalik eta disko zainduena egin dugu. Garrantzitsua da barrukoak eta kanpokoak konexio ona izatea». Hain zuzen ere, Ekaitz Iziar diseinatzailearen sorkuntza izan da diskoaren azken diseinua.

Lau taldekidek osatzen dute Hira, Marinez gain: Alex Lobato bateria jotzaileak, Manex Etxeberria baxu jotzaileak eta Mikel Lazkano gitarra jotzaileak. Dena dela, abestietako letrak sortzea Marinen ardura izan da. Gai anitzjorratu dituzte: esperientzia pertsonalak, familia, erronka berriak, amodioa, taldearen ibilbidea... Agerikoa denez, atzera begira jarri dira.

Aurrekoetan ez bezala, Mutrikuko (Gipuzkoa) AME estudioetan grabatu eta nahastu dute diskoa, Axular Arizmendiren gidaritzapean. Masterizazio lanei dagokienez, berriz, Estanislao Elorzak egi ditu Donostiako Doctor Master-ren. Toki batetik bestera ibili dira: izan ere, aurreekoizpena Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) River Rock Studios-en egin dute eta. Horrez gain, laguntzaileen babesa izan dute hainbat abestitan. Esaterako, teklatuak, pianoak eta hamondak Nacho Ferrerekgrabatu ditu, eta Printze urdina abestian Jare eta Idi Bihotzeko partaide Mikel Bizarrek ere ahotsa sartu du.

«Arizmendirekin grabatu dugu, eta bera izan da guztia gidatu duena, freskotasun hori lortu duena». Eboluzioa. Horixe nabarmendu du Marinek. Aldaketa horren izpiritua izenburutik bertatik antzeman daiteke. V aukeratu dute lelotzat, orain arteko lanari gorazarre egiteko asmoz. Aldi berean, baina, zenbaki erromatarraren polisemiari egin nahi izan diote erreferentzia: «garaipenaren eta bakearen zeinua ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.