Oriol Roch Euskadiko Orkestrako egungo zuzendari nagusiak joan den astean agurtu zituen orkestrako musikari eta bestelako langileak, eta Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du zein izango den haren ordezkoa: Roberto Ugarte Alvarado. Orkestraren administrazio kontseiluak proposatu du Ugarte Alvarado, eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak baieztatu beharko du bihar egingo duen bileran.
Roberto Ugarte Alvarado (Gasteiz, 1962) musikaria da gitarra espezialitatean. Piano interprete, gitarra jotzaile, laguntzaile eta abeslari gisa lan egin du Errenazimentuko eta Barrokoko hainbat musika taldetan, eta irakasle eta koru zuzendari ere izan da. Azken hogei urteetan, musika erakunde ugariren kudeaketan eta zuzendaritza artistikoan egin izan du lan.
Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan hasi zuen bidea, han egin baitzituen piano eta gitarra ikasketak. 1995ean, Gasteizko Luis Aranburu Udal Musika Eskola sortu berriko zuzendari izendatu zuten. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide ere izan zen 1998tik 2001era.
Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoko koordinatzaile artistikoa izan zen, eta Madrilgo Orkestra eta Abesbatza Fundazioko gerente ere bai. Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteko (AEOS) zuzendaritza batzordeko kide izan da, eta idazkari, bokal eta lehendakariorde karguak bete ditu (2015-2018).
2020ko otsailean Scherzo fundazioko zuzendari artistiko eta gerente izendatu zuten, eta Scherzo fundazioko Interprete Handien Ziklo entzutetsua antolatzeko arduraduna izan zen. Ziklo horrek nazioarteko piano jotzaile garrantzitsuenak biltzen ditu Madrilgo musika auditorium nazionalean. 2020tik, Granada Hiria orkestrako gerente izan da.
Ziklo aldaketa
Zuzendari nagusia aldatuta, orkestran ziklo berri bat abiatu nahi du Euskadiko Orkestraren administrazio kontseiluak. «Kargu berrikuntza hau norabidea aldaketako prozesu baten parte da; ziklo baten amaieran eta musika etapa berri baten hasieran kokatzen da, Euskadiko Orkestrak hazten eta bere ibilbide profesionala zabaltzen jarrai dezan», azaldu du, ohar baten bitartez.
Urtarrilean hartu zuen erabakia administrazio kontseiluak. Batetik, Robert Treviño zuzendari artistikoa kargugabetu zuen, eta, bestetik, Rochek jakinarazi zuen hilabete batzuen buruan orkestra utziko zuela.