Roberta Flack abeslari eta piano jolea hil da, 88 urte zituela

'Killing Me Softly with His Song' abestiarengatik egin zen ezaguna. 1970eko hamarkadan R&B eta soul doinuetako artistarik garrantzitsuenetako bat izan zen.

Roberta Flack, 2006an Tarragonan (Herrialde Katalanak) emandako kontzertu batean. JAUME SELLART
Roberta Flack, 2006an Tarragonan (Herrialde Katalanak) emandako kontzertu batean. JAUME SELLART
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko otsailaren 24a
17:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur goizean zendu da Roberta Flack abeslari eta musikaria, «bakean eta familiaren babesean», haren publizista zen Elaine Schockek zabaldutako oharrean aipatzen den moduan; 88 urte zituen. Alboko esklerosi amiotrofikoa zuen Flackek. 2022an eman zuen abeslariak gaixotasunaren berri. Horrek, besteak beste, abestea galarazten zion.

1937an jaio zen, Black Mountainen (Ipar Carolina). Flacken familia betidanik egon zen musikari lotua: elizako abesbatzako organo jotzailea zuen ama, eta horri esker hasi zen bera ere pianoa jotzen. 15 urte zituela, Howardko unibertsitatean (Washington) onartu zuten musika ikasketak egiteko; eskola horretan sekula onartutako ikaslerik gazteena izan zen. 19 urte zituela graduatu zen eskola hartan, eta opera abeslari izatea zuen amets.

Musika eskolak ematen aritu zen denbora batez, Less McCann piano jole eta abeslaria ezagutu zuen arte. Hark lortu zion kontratua Atlantik Records diskoetxearekin. Orduan kaleratu zuen bere lehen lana: First Take (1969) —egun bakar batean grabatutako diskoa izan zen; hortik izena—. Handik urtebetera bigarren albuma atera zuen, Chapter 2 izenekoa. Ez batak ez besteak ez zuten sona handirik lortu, harik eta Play Misty for Me filmeko soinu bandan —Clint Eastwoodek zuzendu zuen— bere lehen diskoko The First Time Ever I Saw Your Face abestiaren bertsio bat egin zuten arte.

Arrakastarako bidea

Orduan hasi zen Flacken ospearen aroa. Donny Hathawayrekin kolaboratzen hasi zen, eta hainbat album ondu zituzten elkarrekin. 1973an kaleratu zuen Killing Me Softly with His Song abesti ezaguna. Estatu Batuetakoabesti arrakastatsuenen zerrendan lehen postuan egon zen bost astez jarraian. Hurrengo urtean atera zuen Feel Like Makin' Love. Bi kanta horiengatik Grammy sari bana irabazi zuen 1973an eta 1974an. Garai hartan bi urtez jarraian Grammy sari bat irabazi zuen lehen musikaria izan zen.

Killing Me Softly with His Song.

Horren ondoren, geldialdi bat egitea erabaki zuen abeslariak. Hathawayk bere buruaz beste egin zuen, eta beste kide batekin hasi zen musika sortzen: Peabo Bryson musikariarekin. Abesti arrakastatsuak plazaratu zituen harekin ere, eta marka handiak gainditu. 1980tik aurrera, ordea, kontzertuak emateaz arduratu zen gehienbat. Zuzenekoak ematen aritu zen 2018ra bitarte, nahiz eta, urteen poderioz, gero eta gutxiago izan. Urte hartan bere agenteak jakinarazi zuen Flackek buruko isuri bat izan zuela eta kontzertuak emateari utziko ziola.

2020ko Grammy sarietan Ohorezko Saria eman zioten. Osasun arrazoiak zirela medio, ez zen sari banaketan izan, baina zera adierazi zuen: «Nire ibilbide guztian musikaren bitartez istorioak kontatzen saiatu naiz. Sari honek adierazten du nire kideek balioa eman diotela nik esandakoari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.