1973ko ekainaren 1a zen. Robert Wyatt Soft Machine taldeko bateria jole izandakoa urtebetetze festa batean zegoen beste hainbat musikarirekin, eta, berak aitortu zuenez, mozkortuta zegoela, hirugarren pisuko leiho batetik amildu zen. Bi zangoak apurtu zituen, eta baita hamabigarren ornoa ere. Ia urtebete igaro zuen erietxean, lehenengo sei hilabeteak lasaigarrien laguntzarekin, eta handik atera zenean bazekien ez zuela berriro bateria jotzeko aukerarik izango, ezta ibiltzeko ere. Ordudanik gurpil aulkian mugitzen da. Baina tragedia hark bestelako ondorioak ere izan zituen. Istripuarekin beste Robert Wyatt bat jaio baitzen, 28 urterekin. Eta Wyatt jaioberri hark hurrengo urtean kaleratuko zuen gaur egun ere haren gailurtzat jotzen den lana, Rock Bottom, lan tristea eta bortitza, malenkonia bezainbeste amorrua transmititzen duena. 1974ko uztailaren 26an iritsi zen dendetara: gaur mende erdia.
Ordurako, Wyatt bazen nor Ingalaterrako rock mugimendurik bizienean. Soft Machine taldearekin, Canterburyko eszena jarri zuen mapan, jazza, rocka eta pop psikodelikoa modu bereizgarrian uztartuz. Buru askoko talde hartan, ordea, Wyatten lekua —konposatzeko orduan batik bat— murriztuz joan zen, eta hirugarren diskoa grabatu ostean bota egin zuten, edo berak alde egin zuen. «Ez dut gogoan nola izan zen kontua, baina ‘joan hadi pikutara’, edo halako zerbait esan zidaten, eta kito». Taldea utzita, bakarkako lehenengo diskoa kaleratu zuen, The End of an Ear, zeinetan free-jazza eta musika esperimentala uztartu zituen, eta Matching Mole taldea ere jarri zuen abian. Eta halako batean, erorikoa. Eta horrekin batera, berriro jaio behar.
Rock Bottom bilakatuko zen diskoko kantuak istripuaren aurretik konposatzen hasia zen Wyatt, baina gertakari latz hark modu erabatekoan eragin zuen diskoaren oinarrian, zeren, bateria jotzeko ezgai, ahotsean eta pieza bakoitza kantatzeko moduan ezohiko arreta jarri baitzuen musikariak. Bozetik abiatutako diskoa baita Rock Bottom; edo, bestela esanda, ahotsa bera beste musika tresna bat bilakatzen da une askotan bertan. Ryuichi Sakamoto konpositore japoniarrak «munduko soinurik tristeena» esan zion ahots horrek, adibidez, tronpeta hauskor bat ematen du Last Straw-n, edo beste tresnen artean nahasten da, erdi borrokan, erdi jolasean, Little Red Riding Hood Hit The Road-en.
Baina Rock Bottom maitasun disko bat ere bada. Garai hartan Alfreda Benge Alfie-rekin ezkondu zen Wyatt, eta, aipatu izan duenez, diskoko hitz guztien subjektua emaztea da —Alfiek berak diskoaren azala egin zuen—. Paradoxikoa bada ere, hamarkada batzuk geroago Benge arduratuko zen Wyatten kantu ia guztien hitzez, eta kantaria musikak sortzera mugatzen zen.
Berriz bizitzea
Rock Bottom-ek transmititzen dituen sentimenduetako bat tristezia izan badaiteke ere, Wyattek uko egiten dio ideiari. «Inoiz ez dut kantu triste bat egiteko asmorik izan. Ezta Rock Bottom-en garaian ere. Disko hori, ustez, elbarri gelditu izanak eragindako traumatik sortu zen. Baina sentitzen dut, ez da egia», adierazi zion El País egunkariari orain dela ia hogei urte.
Ezin da ukatu, ordea, Rock Bottom-ek musika konposatzen segitzeko indarra eman ziola Wyatti. Diskoa irten baino pixka bat lehenago, 1974ko ekainaren 1ean, Kevin Ayersek, John Calek, Brian Enok eta Nicok Londresen eman zuten kontzertu historikoan parte hartu zuen, eta irailean Rock Bottom aurkeztu zuen zuzenean, grabazioan parte hartu zuten musikariekin: Fred Fith, Hugh Hopper, Nick Mason, Mike Oldfield eta beste.
Hortik aurrerakoa beste istorio bat da. Edo segida bat. Azken mende erdian garatu duen diskografiak utzi baitu obra bat zeinetan nahasten diren besteen kantuen bertsio oso pertsonalak egiteko gaitasuna —Neil Diamond, Chic, Elvis Costello, Pablo Milanes, Antonio Carlos Jobim, Victor Jara eta besterenak egin ditu—, soinuetan arakatzeko gogoa, eta haren lan guztia blaitzen duten kezka politikoak. Horren guztiaren adibide dira grabatu dituen disko luze apurrak —Ruth Is Stranger Than Richard (1975), Old Rottenhat (1985), Dondestan (1988), Shleep (1997), Cuckooland (2003) eta Comicopera (2007)— eta EPak.
2014an, 69 urterekin, erretiroa hartzeko erabakia hartu zuen. Haren obrak, ordea, beti bezain bizi eta sailkaezin segitzen du. Horren isla da Rock Bottom.