Robert Cray, Eric Sardinas eta Tail Dragger ariko dira Hondarribian

Nazioarteko blues jaialdiak 20 kontzertu inguru eskainiko ditu gaur hasi eta igandera arte

mikel lizarralde
Donostia
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Hondarribia (Gipuzkoa) musika beltzaren topagune bihurtu ohi da uztailaren erdialdean bertan egiten den blues jaialdiaren bitartez. Aurten ere ez dio huts egin hitzorduari eta nazioarteko izen handiz osatutako programazioa eskainiko du gaur hasi eta igandera arte. Besteak beste, Robert Cray, Eric Sardinas eta Tail Draggerrek joko dute Hondarribian, baina izarrekin batera izango dira maila apalagoko ekitaldi garrantzitsuak; hala nola haurrentzako kontzertu pedagogikoak. Blues jaialdiak segituko du izaten izaera herrikoia, eta kontzertu guztiak kalean egingo dira, doan.

Jaialdia gaur hasiko da La Bentan Huckleberry Finn Bartzelonako taldeak, JW Jones gitarrista kanadar gazteak eta Eric Sardinasek emango duten kontzertuarekin. Sardinasek (AEB, 1970), gitarraren birtuosoa eta ezkerra izan arren, eskuinarekin jotzen ikasi zuen. Horrek bereziki ikusgarria bihurtzen du bere jotzeko era. 6 urterekin hartu zuen aurrenekoz gitarra bat eta nerabezaroan ezagutu zuen bluesa.

Biharko eguna Robert Cray gitarrista handiarena (AEB, 1953) izango da. Cray 1980an estreinatu zen, baina Strong Persuader (1986) diskoak bihurtu zuen bere belaunaldiko gitarristarik laudatuena. Bluesaren oinarriekin egin du lan beti, baina rockari, soulari eta jazzari bizkarra eman gabe, eta gaur egun oraindik ere erreferentzia garrantzitsua da bluesaren munduan. Crayren aurretik Virginia Labuat gitarrista espainiarra eta Sharrie Williams, gospel ahotsen eskolako kantari estatubatuarra, ariko dira. Bestalde, bihar bertan Eric Claptonek duela 20 urte grabatutako Unplugged diskoa joko du goitik behera Claps for Clapton proiektuak.

Larunbatean ekitaldi eta kontzertu ugari izango dira egun osoan, eta besteak beste, Belceblues Bergarako taldeak kontzertu pedagogikoa emango du Gipuzkoa plazan. Gauean, berriz, Chicagoko bluesari eskainitako saioa egingo dute Zora Young, Eddie Shaw eta Tail Draggerrekin. Zora Young (AEB, 1948) gospela kantatzen hazi zen jaioterrian, Mississippin, eta 7 urterekin Chicagora bizitzera joan zenean ere segitu zuen musika espirituala kantatzen. Gerora, baina, rhythm and bluesa ezagutu azkeneko 30 urteotan esparruko abeslari indartsuenetakoa izan da. Besteak beste, Albert King, B.B. King, Bobby Rush eta Jimmy Dawkisekin abestu du, hala zuzenean nola estudioan.

Eddie Shaw saxofoi jotzailea ere (AEB, 1937) esperientzia handiko musikaria da. Howlin' Wolf mitikoaren taldeko kide izan zen, eta azkeneko urteotan bere talde propioa gidatu du. Shawren taldeak klubetan nahiz estadio handietan jo izan du, eta Chicagon instituzio bat da.

Tail Dragger, azkenik, abeslari ikusgarria da, showman-a, hitzaren zentzurik zabalenean. Sonny Boy Williamson, Muddy Waters eta Howlin' Wolfen seme artistiko, berak idatzitako kantuekin osatzen ditu emanaldiak, eta pasadizoekin nahiz kontakizunekin tartekatzen ditu piezak. Hain zuzen ere, Tail Draggerrek Hondarribiko Blues Jaialdiaren saria jasoko du igandean. Aurretik, Bob Margolinek, Hubert Sumlinek, James Cottonek, John Mayallek, Pinetop Perkinsek eta Johnny Winterrek jaso dute sari hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.