Maitasun istorioa izan zen, urte luzez, Donostiako Zinemaldiaren eta Arturo Ripstein zinemagile mexikarraren artekoa. 1978an, Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen, El lugar sin límites filmarekin, baina batik bat 1990eko hamarkadan sendotu zen harreman hori. 1993an Urrezko Maskorra irabazi zuen, Principio y Fin filmarekin, eta handik zazpi urtera, 2000. urtean, bigarrenez eskuratu zuen sari preziatua, La perdición de los hombres-ekin. Gainera, lau urte lehenago, Zabaltegi-Perlak sail sortu berrian eman zuten haren beste pelikula bat, Profundo carmesí. Harremanak, baina, izan zuen amaiera, eta, une labur batez bada ere, eztanda ere egin zuen. 2011n, Las razones del corazón filmarekin lehiatu zen Ripstein Donostian, baina, orduko hartan, Frances McDormand aktorea buru zuen epaimahaiak saririk gabe utzi zuen zinemagile mexikarra, eta horrek haren haserrea piztu zuen. Gara egunkariari emandako elkarrizketa batean, epaimahaiaren eta Jose Luis Rebordinos zuzendariaren kontrako hitz gogorrak esan zituen; besteak beste, Donostiakoa jaialdi «serioa» izatetik «subnormala» izatera pasatu zela, McDormand Pennsylvaniatik inoiz atera gabea zela, eta «gringoek» ez dakikitela azpidatziak irakurtzen. Handik egun batzuetara barkamen gutun bat idatzi zuen Ripsteinek,eta «porrotak eragindako haserreari» egotzi zion bere erreakzioa.
2000. urtean, ordea, oso bestelakoa zen Ripsteinen eta Zinemaldiaren arteko harremana. Haren filmari Urrezko Maskorra eman zion Stephen Frears, Jorge Arriagada, Andrea Ferreol, Angela Molina, Jim McBride, Juan Ruiz-Antxia eta Stephane Tchal Gadjeffek osatutako epaimahaiak.
Zuzendaririk onenari emandako Zilarrezko Maskorra Reza Parsarentzat izan zen, Före Stormenekoizpen suediarrarengatik, eta aktore onenak, berriz, Carmen Maura (La comunidad) eta Gianfranco Brero (Tinta roja). Epaimahaiaren Sari Berezia Nicolas Klatzen Paria filmak irabazi zuen, eta epaimahaiak beste bi sari ere banatu zituen urte hartan: Argazki onenaren saria Nicola Pecorinik jaso zuen, Harrison's Flowers filmagatik, eta gidoirik onenarena, Paz Alicia Garciadiegok, La perdición de los hombres-en egindako lanagatik.
Sail Ofizialean gaur egun ospe handia duten beste zuzendari batzuk ere lehiatu ziren. Horien artean nabarmentzekoa da, ezinbestean, François Ozon. Zuzendari frantziarra ohikoa bilakatu da azken urteetan Donostian:8 Femmes eta Swimming Poolzinemaldiko sail banatan eman zituzten; 2012an, Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison filmarekin; 2014an, Une nouvelle amie aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta aurten ere film bat du Urrezko Maskorra lortzeko lehian (Ètè 85). 2000. urtean, ordea, Sous le sable-rekin lehiatu zenean, oharkabean igaro eta saririk gabe gelditu zen.
'Parasite'-ren aurretik
Ozon ez zen Donostiatik esku hutsik joan zen zinemagile bakarra. Gauza bera gertatu zitzaion Kathryn Bigelow zinemagile estatubatuarrari The Weight of Water filmarekin. Ordurako itzala lortua zuen Bigelowk akziozko filmekin, baina molde intimistago batean egindako filmak ez zuen harrera ona izan Donostian. Mathieu Kassovitz aktore eta zuzendari frantziarra Les rivières pourpres filmarekin lehiatu zen, eta hura ere saririk gabe gelditu zen. Eta Donostiako 48. Zinemaldi hartako Sail Ofizialean lehiatu zen, aurrenekoz, Bong Joon-Ho ere. Parasite laudatu eta sarituaren zuzendariak bere opera prima ekarri zuen Donostiara: Barking Dogs Never Bite. Saririk gabe gelditu zen, baina handik hiru urtera itzuli zen, Memories of Murder-ekin, eta orduan bai, zuzendari onenari dagokion Zilarrezko Maskorra irabazi zuen.
2000. urtekoZinemaldian bi Donostia sarieman zituzten; bata Michael Caineri, eta bestea Robert De Nirori.
Donostiako 68. Zinemaldia
Ripsteinen urrezko aroa
Zuzendari gutxik jaso dituzte Arturo Ripsteinek adina sari Donostiako Zinemaldian. 2000. urteko edizioan, Urrezko Maskorra irabazi zuen 'La perdición de los hombres' filmarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu