'Riot girl', istorio labur baten testigantza

Fermin Muguruza Zuloak musika taldearen inguruko dokumentala prestatzen hasi da

gorka erostarbe leunda
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Sortzaile gazte baten ametsa, Andy Warhol eta The Velvet Underground, riot girl talde efimero bat, Fermin Muguruza eta beste hainbat osagarri batzen ditu Zuloak proiektuak.

Arrate Rodriguez da artista gaztea; batez ere, ilustraziogintzan diharduena. Musikazale porrokatua, baina musikarik egiten ez duena. Eta, hala izanik, bere musikarekiko apeta beste modu batera betetzea erabaki zuena:«Andy Warholek bere Velvet Underground sortu zuen modu berean, nik nire musika taldea moldatuko dut, Zuloak, eta, modu berean, ñabardura estetikoak zainduz, musika zuzendaritza eta abarrak», zehaztu du Rodriguezek.

Osatu zuen taldea, 70etako riot girl taldeen eran. Emanaldi gutxi batzuk eskaini zituzten: Hendaiako Kanttu ostatuan, Donostiako Le Bukowskin, Hondarribiko Psylocibenean, Bilboko Kafe Antzokian, Iruñeko Akelarren, Gasteizko Hell Doradon... Taldeak gorabehera eta aldaketa ugari izan zituen aste gutxiren buruan, eta Rodriguezek berak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen. Ordurako taldearen ibilbidearen zati handi bat bideoz filmatua zuen, eta filmaturiko material hori bere ahizpa Eider Rodriguez idazleari pasatu zion. Eta hark berriz Fermin Muguruza musikari eta dokumental egileari. Nobela beltzetako trama bat balitz bezala, Muguruzari material guztia iritsi zitzaion Arrate Rodriguezek San Frantziskon (AEBetako hirian zegoen orduan) filmaturiko bideo bidezko mezu batekin batera. Muguruza segituan konturatu zen musika talde berezi baten inguruko dokumentala egiteko nahikoa material bazegoela hor. Proiektuak hasieratik piztu zuen musikari eta dokumentalistaren interesa. «Erakarri ninduen gaiak, musikarekin loturik dagoelako. Erakarri ninduten talde barruan sortutako eztabaidek, sorkuntzarekin eta beste hainbat gauzarekin zerikusia dutenek... Euskal Herriko musikari zenbaitekin egindako elkarrizketak ere badira. Beraz, osagai erakargarri asko ditu proiektuak».

Irailerako prest egotea nahi

70eko hamarkadatik aurrera ugalduz joan ziren riot girl taldeen moduan eratu zen Zuloak. Hirukoa izan da hasieratik, nahiz eta aldaketa handiak izan dituen. Gitarra, baxua eta bateria. Begiratu feminista, jarrera probokatzailea eta Black Keys edo White Stripesen soinu moldea. Hasieratik amaierara egon zen bakarra Ainhoa Unzueta gitarra jotzailea izan zen, 19 urtekoa, hiru kideetan gazteena,hain zuzen ere.

Filmaturik dagoen guztia arakatzen eta sailkatzen ari da Muguruza. Eider Rodriguez idazlea ari zaio laguntzen gidoia lantzen. Proiektua bururatu ahal izateko, kanpaina bat jarri dute martxan, taldearena den eta argitaratu gabe dagoen materiala biltzeko asmoz. Ediziorako, postprodukziorako eta ekoizpenerako finantzaketa iturriak ere aurkitu nahi dituzte. Materiala erakutsiz joango dira www.zuloak.com helbidean. Gara egunkariaren babesa du egitasmoak. Lehen zirriborro bat prestaturik dute, eta ekainerako prest eduki nahiko lukete azken gidoia. «Ekainean buru-belarri sartuko naiz editatze lanean. Irailerako prest izan nahi genuke». Donostiako Zinemaldian erakusteko «ilusioa» du Muguruzak.

Izan liteke musika talde baten istorio etsiaren inguruko dokumentala Zuloak, edo Muguruzak berak dioen moduan, «esperimentu musikal baten bilakaera». Edonola den, bazuen Euskal Herrian giroturiko musika dokumental bat egiteko gogoa Muguruzak.Azken urteetan musikaren inguruko dokumentaletan aurkitu du adierazpiderik gustukoena. Euskal Herria Jamaica Clash diskoa plazaratzeaz batera, disko hura grabatzeko Jamaikako musikariekin izandako harremana bildu zuen film dokumental batean 2006an. Palestinako musikari zenbaitetan bizipenak jasotzen zituen Checkpoint Rock-ek (2009) eta hainbat arabiar herrialdetako errealitate musikala, aldiz, Next Music Station dokumental sortan (2010). Asthmatic Lion Sound System da Muguruzak orain artean argitaratu duen azken diskoa, 2008an. Hala ere, oholtza batera berriro igotzeko aukera ez du inondik inora baztertzen. «2004an esan nuen ez nuela bira gehiago egingo, eta gero beste bat egin nuen», dio irribarrez. Etorriko dela berriro musika egiteko parada, baina, «unean unekoa», eta orain Zuloak dokumentalean jarri du begi-mira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.