«Gure errealitatea da gaurko gure Euskal Herri hau ez dela euskalduna, ez baitago euskaldunen mendean, ez baitago euskaldunen eskuetan. Eta alferrikakoa da gurasoei eskatzea bere semeei euskaraz erakustea; borondate onez ez da euskara salbatuko. Euskara salbatuko da Euskal Herriko zineak, Euskal Herriko legeak, Euskal Herriko gizartea euskaldunon eskuetan egongo den orduan. Gainontzekoak gezurrezkoak dira, ez dira benetako problemak. Horretara iristen ez garen bitartean, ez dezagun uste izan borondate hutsez, borondate onez bakarrik salbatuko dela euskara». 1966ko maiatzaren 22a zen. Juan Jose Alkain Udarregi bertsolariari omenaldia egiten ari zitzaizkion Usurbilen (Gipuzkoa), eta Rikardo Arregik (1942-1969) hitza hartu zuen, «euskal gazteriaren» eta euskal idazle berrien izenean: «Ez dugu tradizioari eta lege zaharrari begira egon behar. [...] Euskal Herria ez da berpiztu behar den gizarte bat: oraindik jasotzeko dagoen gizarte bat da».
Urteetan, hitzaldi haren grabazioa eduki du pentsalari, kulturgile eta ekintzaile zenaren anaia Mikel Arregik. Grabazio horren zatiak entzun daitezke Zutik film dokumental laburrean. Ainara Mendiolak (Errenteria, Gipuzkoa, 1978) zuzendu du; Maluta* Filmsek ekoitzi dio ordu laurdeneko lana. «Bi ideia biltzeko jarri diot izena Zutik», zioen atzo Mendiolak berak. Batetik, Rikardo Arregi bere etxeko txokoan edo bileretan soilik aritzen zen pertsona ez zela nabarmendu nahi zuen: «Usurbilgo hartan bezala, altxatu, bere ideiak jendaurrean azaldu, eta hainbat ekimen abian jartzeko gauza zela adierazi nahi nuen». Bigarren ideia: «Oraindik ere zutik daudela Rikardo Arregi bera eta hark egindako lana». Hura auto istripuz hil zenetik mende erdi joan da —1969ko uztailaren 10ean hil zen—. Eta istripu horrek ixten du dokumentalaren zirkulua.
Euskal prentsan idazten eta hitzaldiak ematen hasi osteko Rikardo Arregi agertzen da filmean, etxeko sukaldean familiakoekin hizketan, euskal herritarrak euskalduntzeko lanean, bileretan, gogoetan eta idazketan, Lur argitaletxea sortu berritan... Gaur egungo irudiekin eta datuekin tartekatuta. «Orain arte, Arregi ezagutu zutenekin hitz eginda eta haien ikuspegitik landu da, nolabait, haren jarduna. Nire helburua izan da haren barrurago sartzen ahalegintzea». Hura ezagutu zutenek esandakoa kontuan hartuta, bai, «baina, batez ere, haren idazlanak eta etxekoek esandakoa aztertuta».
Atzo aurkeztu zuten emaitza. Arregiren jaioterrian, Andoainen (Gipuzkoa). Mendiolaren ondoan, Ritxi Lizartza ekoizlea eta Mikel Arregi aktorea agertu ziren prentsaurrekoan. Azken horrek jokatzen du, hain zuzen ere, Rikardo Arregiren —bere osabaren— rola. «Nire osaba zenari buruz, bere ideietan pertsona oso-oso konbentzitua zela ikasi dut,euskara mailan batez ere, eta oso argi zeukala zer nahi zuen eta, batez ere, asko hausnartzen zuela». Hori guztia duela mende erdiko testuinguruan kokatzea garrantzitsutzat jo zuen Arregi aktoreak: «Ia dena debekatuta zegoen, eta dena egiteko».
Testuinguru horretan, Rikardo Arregirena bezalako figura bat«harrigarria» gertatzen da, Mendiola zuzendariaren ustez: «24 urte betetzeko zegoen Usurbilen hitzaldi hura eman zuenean, eta berak baino adin eta autoritate askoz gehiago zeukan jendearen aurrean esan zuen dena aldatu egin behar zela, ezin zela euskaldun fededun ereduarekin jarraitu, gizartea asko aldatua zelako eta, nazioartean bezala, hemen ere hizkuntza estandarizatu eta modernizatu egin behar zela, hilko ez bazen».
Euskal Herrian gertatzen ari ziren aldaketa sozioekonomiko eta kulturalez jabetuta zegoen Arregi, izan ere. «Fabriketara-eta etorritako etorkin asko zegoen hemen, eta garbi zeukan haiek ere euskaldundu egin behar zirela, denak zirela euskal gizartea eta denen artean egin behar zela aurrera». Ideia horrek badu baliorik gaur egunerako ere, Mendiolaren ustez. Baita beste honek ere: «Dena birpentsatu beharra dagoela. Beti ageri da ideia hori haren ibilbidean». Ikusleari bere ondorioak ateratzen uztea erabaki duela nabarmendu du, hala ere: «Ikusle bakoitzak erabaki behar du Arregik bere garaian egin zuen gogoeta eta aldarrikapen hura zein neurritan den gaurkoa».
Estreinaldia
Bihar estreinatuko dute jendaurrean Zutik filma, Andoaingo Bastero kulturgunean. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera doan izango da. Abenduaren 15ean, berriz, Usurbilen emango dute. Ritxi Lizartza ekoizleak atzo azaldu zuenez: «Usurbilgo Udalak auzokako emanaldiak antolatu nahi ditu, eta hala egitea espero dugu». Toki gehiagotan ere filma ematea dute helburu, nabarmendu zuenez: «Garai hartan eztabaidan edo pil-pilean zeuden gaiak landu eta haien fruitua zein izan den kontatzea ere nahi genuke, filmarekin batera, mahai-inguru bat-edo antolatuta».
Rikardo Arregi, 'Zutik'
Ainara Mendiolak zuzendu du kulturgileari buruzko lan laburra. Bihar emango dute, Andoainen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu