Euskal Herriko eta Nazioarteko hainbat koru aritu dira kantuan joan den ostegunetik atzo bitarte Tolosan (Gipuzkoa), 55. Abesbatza Lehiaketan. Eta erabateko irabazlea izan du aurtengo aldiak: Rigako katedraleko koru eskola. Kutxa sari nagusia hari ematea erabaki du epaimahaiak, eta, horrenbestez, heldu den urteko Europako abesbatza txapelketan parte hartzeko aukera eskuratu du. Ganbera koruen polifoniaren eta folklorearen modalitateetan ere gailendu da taldea. Halaber, euskal kantu baten interpretaziorik onenaren saria ere lortu du Letoniako abesbatzak —David Azurzaren Dantzatik obra interpretatu dute—, eta baita ikus-entzuleen saria ere.
Josu Elberdin Badiola buru izan duen epaimahaia nazioarteko hainbat kidek osatu dute: Dario Tabbia italiarrak, Maria Guinand venezuelarrak, Gary Graden suediarrak, Miguel Angel Garcia Cañamero espainiarrak, Oleksi Xamritski ukrainarrak eta Nicole Corti frantziarrak.
Haur abesbatzak
Haurrek osatutako koruei dagokienez, Indonesiara eraman dute sari nagusia. Hain zuzen, The Resonanz haurren abesbatzak irabazi du kategoria horretako lehen saria. Bigarrena, berriz, Koreako World Vision haur abesbatzarentzat izan da, eta hirugarrena, Letoniako Lielvarde haur koruarentzat.