Richen, Storniren eta Thomasen poesia laginak, euskarara ekarrita

Maialen Berasategik, Uxue Alberdik eta Iker Alvarezek poema antologia bana ondu dute Munduko Poesia Kaierak bildumarako. Hiru aleokin, 21 liburuki atera ditu Susa argitaletxeak sailaren barruan

Berasategi, Alvarez eta Alberdi, atzo, Munduko Poesia Kaieren azken itzulpen sortaren aurkezpenean. JON URBE / ARP.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Bai pertsonalki, eta bai argitaletxearen aldetik, egun gogorrak dira. Baina uste dugu liburuak ateratzen eta aurkezten jarraitzea dela hari egin diezaiokegun gorazarrerik onena». Hasier Etxeberria lankide eta laguna gogoan hartuz hasi du Beñat Sarasolak Munduko Poesia Kaieren sorta berriaren aurkezpena. Ohi bezala, hiru ale argitaratu ditu, aldi berean, Susa argitaletxeak, eta Sarasola bera da bildumaren zuzendaria. Maialen Berasategik ekarri du euskarara Adrienne Richen poemen txatal bat, Uxue Alberdik Alfonsina Stornirena eta Iker Alvarezek Dylan Thomasena.

Poeta «oso diferenteak» dira, tradizio diferenteetatik edan dutenak; alde horretatik, poesia kaieren bilduma zer den ikusteko «neurri polita ematen dute». Susak poeta gazte askoren lanak argitaratu izan dituela gogoratu du, eta esan itzultzaile gazteek «kalitatezko obrak» itzultzeko bilduma ere izan nahi lukeela Munduko Poesia Kaierak. Era berean, hiru autoreen kalitatea eta utzi duten arrastoa nabarmendu ditu.

ADRIENNE RICH (Maryland, AEB, 1929 - Kalifornia, AEB, 2012)

Historiak ezkutatutakoei ahotsa eta izena jartzea



AEBetako familia zuri eta erdiko klaseko batean jaio zen Adrienne Rich, Maialen Berasategik azaldu duenez. Ibilbide poetiko luzean bi aldi bereizi ditu. Hasieratan, «poesia formalista» egin zuen, miresten zituen poeten bideari jarraikiz —«gizonak eta tradizionalak»—. 1970 ingurutik aurrera, ordea, «estilo zorrotz eta pertsonalago bat» hartu zuen, «askoz ere salatzaileagoa, libreagoa bai azal eta bai mami, interpelatiboagoa eta erradikalagoa». Jauzia plano «politiko-pertsonalean» ere egin zuen: «Senarra utzi, familia nuklearrean zuen rola baztertu, eta lesbianismoari azaleratzen utzi zion». Bigarren aldiko poemak bildu ditu, batik bat, hainbat antologiatan egin bezala.

«'Idaztea berriz izendatzea da; berriz izena jartzea gauzei, edo beste izen bat jartzea, edo lehen aldiz izen bat jartzea'. Sekula hotsik egin ez omen duten gauzei, eta sekula ahotsik izan ez duten gizakiei hitzaren babesa eta indarra eman nahi zien». Hala, historiak ezkutatutako hainbat andreri buruz idatzi zuen. Isiltasunaren kartografiak poema sorta jarri du adibide: «Bere asmoa ez zen soilik isiltasuna haustea, baizik eta isiltasunaren presentziaz eta haren zergatiez ohartaraztea. Alegia, zergatik egon dira isilik isilik egon diren horiek?».

Berasategiren esanetan, ahots propio baten bila jo zuen, literaturan ohikoa den bezala, eta «sakon-sakonera egin zuen, ez bertan goxo egoteko, baizik eta haren bidez borroka egin ahal izateko». Hala, «zibilizazioari desleial zitzaizkion gizakientzat» idatzi zuen Richek: «Etsaitasun horizontalari uko eginez, munduaren sendagarri eta munduaren ukendu diren horien alde egin zuen». Berasategiren arabera, boterea edo ahala eta amorrua dira Richen poemak mamitzen dituzten bi kontzeptu nagusiak.

ALFONSINA STORNI (Capriasca, Suitza, 1892 - Mar del Plata, Argentina, 1938)

Itsasoa, heriotza etabide propioaren bilaketa



Bi gaik zeharkatu dute Alfonsina Storniren obra osoa, Uxue Alberdiren esanetan. Batetik, itsasoa dago: «Hasieratik aitortzen du itsasoari dion inbidia: bere poesia ere hor dabil, indarraren eta ahuleziaren artean; dantza hori agertzen da bere poesian. Baina bere ahotsak beti indarraren alde egiten du apustu». Itsasoan hil zen Storni, bere buruaz beste eginda, eta horrek «indar handiagoa» ematen dio irudiari. Bestetik, heriotza oso presente dago. 26 urterekin idatzi zuen Bihozkada poema, eta bizitza laburra izango zuen sentipena agertu zuen. Heriotzak nahi balu edo Nire hilarrirako epitafioa dira horren beste bi adibide.

«Emakume egokiaren kontra» egin zuen etengabe: «Sumatzen da askatasun nahi bat, ezarritako bidetik ez joatearen kontzientzia». Etengabe marrazten du bere buruaren jabe den emakumea. «Behin baino gehiagotan andre burutsutzat aurkeztu du bere burua, eta horrek sortzen dizkion lanak ere aletzen ditu: argi ikusten da emakume librea izateak duen prezioa». Storni kontziente zen gizonak maite eta haien maitasuna nahi arren, berak hartutako aukerek ez zutela errazten gizonekiko maitasun hori. Stornik «oso barneratua» zuen idazle kontzientzia, eta ariketa bera armatzat zuen, Lapitza poeman adierazi zuenez. «Askaminez ari den emakume amorratu eta bere buruaren kontziente den baten poesia da».

DYLAN THOMAS (Gales, 1914 - New York, AEB, 1953)

Ezustekoen eta harriduraren poeta



Azalpen askorik behar ez duen poeta da Dylan Thomas, Iker Alvarezen ustez; ezaguna zen bizirik zela, eta hil ondoren ere haren poema batzuk pop kulturaren parte izan dira. Dena den, «poesiarentzako harresiak garaiagoak izaten ohi direnez», ez da prosazko «izarrak» bezainbeste atera mundu anglosaxoietik kanpo.

«Askotan esan da Thomasen poesia oso iluna dela, edo, are,hermetikoa. Sinbolo eta korapilo ikaragarriak erabiltzen dituela, oso nahasgarria dela, eta hitzak elkarren ondoan zentzugabe jartzen dituela», azaldu du Alvarezek. Artelanei eskatzen ez zaiena poesiari exijitzen zaiola dio, «agian, hizkuntza delako»; hau da, ulergarria izan dadila. «Thomasen lagun batek gutun bidez galdetu ei zion nola irakurtzen ahal zituen bere poemak, ulertzeko», gogoratu du Alvarezek. «Literalki» irakurtzeko esan zion hark. «Adarjotze bat dirudi ez? Ezohiko zerbaiten aurrean gaude, ez da ohiko esanahiaren poema: irudia bihurtzen da poema, eta iruditik zerbait jasotzen ahal dugu». Alvarezen ustez, ezustekoek gehiago komunikatzen dute, eta Thomasek ere ezohiko irudiak sortzen zituen, harridura eraginez: «Harriduraren poeta da, bere poema etengabeko harridura bat da; estilo bat sortu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.