Artea

Richard Serra eskultorea hil da

Altzairuzko eskultura handien egilea izan zen. 85 urterekin hil da, New Yorken.

Richard Serra, 2011n, Bilboko Guggenheim museoan. ALFREDO ALDAI / EFE
Richard Serra, 2011n, Bilboko Guggenheim museoan. ALFREDO ALDAI / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2024ko martxoaren 27a
08:19
Entzun

Richard Serra artista estatubatuarra (San Frantzisko, 1938) atzo hil zen, New Yorkeko bere etxean, 85 urterekin, pneumonia baten ondorioz. Haren abokatu John Silbermanek baieztatu dio albistea The New York Times egunkariari.

Paisaian edo arkitekturan integratzen diren altzairuzko eskultura monumentalek egin zuten ezagun Serra mundu osoan, eta Bilboko Guggenheim museoan ikus daitezke haietako batzuk. Bilboko museoko lan ezagunenetakoak dira, hain zuzen ere.

Aita Mallorcakoa zuen (Balear uharteak, Herrialde Katalanak), eta ama, berriz, errusiarra. Serrak oso gaztetatik izan zuen artearekiko lotura, eta amak berak sustatu zion zaletasuna. «Richard artista» gisa aurkezten zuen lagunen artean, eta gerora eskultore ezaguna bihurtuko zenak bazekien sortzaile bat zuela bere barnean, nahiz eta garai hartan ez zekien nora bideratuko zuen bere talentua. Literatura ikasi zuen aurrenik, Berkeley eta Santa Barbarako unibertsitateetan (1957-1961). Aldi berean, lanean aritu zen altzairutegi batean, eta han ikusi eta ikasitakoak artea ikasteko grina piztu zioten.

Margoa izan zuen lehenengo tresna, baina Diego Velazquez pintore espainiarraren obra ezagutu zuenean, hura gainditzeko edo berdintzeko gai ez zela izango jakitun, pintura utzi, eta eskulturan zentratzea erabaki zuen.

Minimalismoa

Serraren lehen lanak erabat abstraktuak izan ziren, eta minimalismoaren ikur bihurtu zen 60ko hamarkadaren amaieran, Prop eta Belts serieei esker. Haren ospea zabaltzearekin batera handitu ziren haren obren neurriak ere, eta galerietatik kalera egin zuen jauzi.

Serraren lanik enblematikoenak altzairu herdoilduzko eskultura handiak dira, ikusteko eta miresteko ez ezik barnean mugitzeko eta galtzeko ere eraikiak. 2005az geroztik, Bilboko Guggenheim museoan dago molde horretako multzo inportanteetako bat, Denboraren materia deiturikoa. Forma esferikoa duten zazpi eskultura handik osatzen dute, eta museoko obra ezagunena da, Frank Gehryren eraikinarekin pare ia-ia.

Artearen funtzioa

Haren zenbait lanek polemika sortu izan dute. Esaterako, 1981ean New Yorkeko Plaza Federalean jarritako Tilted Arc lana —hiru metro eta erdiko garaiera, ia 40 metroko luzera eta zentimetro gutxi batzuetako lodiera ditu—. Biztanleek hala eskatuta, beste norabait aldatzea erabaki zuten agintariek, eta Serrak uko egin zion. Berak nahi zuen lekuan behar zuen eskulturak, edo bestela, suntsitu. 1989an txatar bihurtu zuten. Probokazio tonuan, halaxe esan zuen orduko hartan: «Artea ez da plazer iturri. Artea ez da demokratikoa, ez da herriarentzat».

Eskultura arkitekturan txertatzeko joerara ez zen inoiz lerratu. Japoniako Kyotoko Zen lorategiak ezagutu zituenetik izan zuen pentsamolde hori. Hain zuzen, hango espazioaren antolamenduak eta etorbide, eraikin eta inguruabarretan sortutako geometriek erakutsi zioten eskultura ezin zitekeela apaingarri izan. Serrak uste zuen eskulturek funtzio bat bete dezaketela, baldin eta ikusleengan hunkidura sortzeko gai baldin badira. Alberto Barandiaranek Serraren hitzok jaso zituen BERRIAn, 2009an, NUPeko honoris causa doktore egin zutenean: «Ez zait artelana interesatzen kontsumorako produktu gisa, artelanak sortzen duen transferentzia baizik; eragiten duena».

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oteiza katedrak haren idatzi eta elkarrizketak biltzen dituen liburua plazaratu zuen 2011n. Besteak beste, artista kaliforniarraren pentsamendu teoriko sorkuntzazkoa dakar liburuak. Halaxe definitu zuen katedraren zuzendari Francisco Calvo Serrallerrek: «Oso pertsona grinatsua da, konplexua, azkarra, sakona, eta, gainera, oso ausarta, polemikoa, erradikala eta apasionatua, inolako gairi muzin egiten ez dion sortzailea, eta, are, zenbaitetan muturreko egoerak sorrarazi dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.