'Rewind & Play' eta 'Blue Giant' filmak estreinatuko dituzte Jazzinema zikloan

Euskadiko Filmategiak jazzari buruzko filmen emanaldiak antolatu ditu udarako Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen

Yuzuru Tachikawaren Blue Giant filmeko irudi bat. SELECTA VISION.
Andoni Imaz
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Urdina eta beltza elkartuko dira Jazzinema zikloan; bi kolore «jazzistiko, baita zinematografiko ere». Izan ere, kolore horiek dira nagusi Euskadiko Filmategiak udarako antolatu duen zinema programazioan. Jazza eta zinema lotuko dituzte, lau filmen bidez: Pete Docterren eta Kemp Powersen Soul (2020), Alain Gomisen Rewind & Play (2022), Michael Curtizen Young Man with a Horn (1950) eta Yuzuru Tachiwakaren Blue Giant (2023). Rewind & Play eta Blue Giant lehenengoz emango dituzte Euskal Herriko zinemetan.

Laurak emango dituzte Gasteizko Artium museoan, Donostiako Tabakalera zentroan eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan. Rewind & Play, euskarazko azpidatziekin; gainontzekoak, gaztelaniazkoekin. Gomisen eta Curtizen filmak Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select zineman ere pantailaratuko dituzte, Bertrand Tavernierren Autour de minuit (1986) eta Clint Eastwooden Bird (1988) lanekin batera, frantsesezko azpidatziekin.

Filmategiaren kolorekako sailkapenean, film urdinetako bat da Pixarren Soul animaziozko pelikula —2020an plataformetan estreinatu zuten, eta areto gutxitan erakutsi dute—. Jazz pianista ospetsu izan nahi duen musika irakasle bat da filmeko protagonista. Tristura itxaropentsu batek biltzen du haren istorioa.

Gaur emango dute Gasteizen, bihar Donostian eta hilaren 20an Iruñean. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztuko ditu hiru saioak; bihar, Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariarekin.

Rewind & Play, berriz, beltza da, hau delako filmeko irudi nagusia: «XX. mendeko musikaririk garrantzitsuenetako baten aurpegi beltz, izerditu, urduri eta tinkoa». Thelonious Monki buruzko dokumental bat da. Zinemagile frantses batzuek musikariari 1969an egindako elkarrizketa bat aurkitu zuten, inoiz eman gabekoa, eta hortik abiatu dira pelikula osatzeko. Uztailaren 13an emango dute Gasteizen, 14an Donostian eta 27an Iruñean.

Beltza bakarrik ez, zuri-beltzekoa da Young Man with a Horn. Melodia ezinezko baten bila dabilen musikari gazte baten istorioa kontatzen du (Kirk Douglas). Galbidean barrena dabilela, emakume batekin (Lauren Bacall) topo egingo du, alkoholak bustitako drama beltz batean. Uztailaren 20an emango dute Gasteizen, 21ean Donostian eta abuztuaren 3an Iruñean.

Blue Giant-ek izenean bertan darama kolorea. Shinichi Ishizukaren manga arrakastatsua animaziozko film batera egokitu dute. Jazz kontzertu bat ikusi ondoren, protagonistak erabakiko du saxofoi jotzailea izan nahi duela. Ikasketa bide hori kontatzen du pelikulak. «Amaiera izugarria izango da, halakoxea delako Hiromi Uehararen musika», zikloaren programatzaileen hitzetan. Uztailaren 27an emango dute Gasteizen, 28an Donostian eta abuztuaren 10ean Iruñean.

Zikloarekin batera amaituko da Euskadiko Filmategiaren udako programazioa, eta urrian ekingo dio datorren ikasturtekoari: euskal emakume zinemagileek zuzendutako filmen ziklo bat antolatu dute, hirugarrenez. Zinemagile aitzindarien zein garaikideen lanak erakutsi ohi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.