Reset plataformak kultura laguntzen jarraitzeko eskatu dio Madrilgo gobernuari. Euskal Herriko zuzeneko arteen esparruko profesionalak biltzen dituzten hainbat elkartek osatzen dute erakundea, eta ohar bidez baloratu dute kulturguneak urratsez urrats irekitzen joateko Espainiako Gobernuak aurkeztutako plana. Plataformaren hitzetan, Pedro Sanchezen gobernuak ezarritako itzulera neurriek «ekonomikoki ezinezko» bilakatzen dute hainbat kultur eragileren lana, eta egoera hori konpentsatzeko diru laguntzak eskatu dituzte. Izan ere, Madrilek diseinatutako lehen faseetan, eserlekuen %30 eta %50 soilik bete ahal izango dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aretoek, eta, Resetek adierazi duenez, kopuru horiekin profesional askok ezingo dute aurrera egin.
Enplegua galdu duten profesionalentzako laguntzei eusteko ere eskatu diote Madrili. Plataformak kezka azaldu du zer gertatuko ote den koronabirusari aurre egiteko neurriek iraun bitarterako gobernuak martxan jarritako aldi baterako enplegu erregulazioekin. Zehazki, pandemiaren ondorioz lanik gabe gelditu diren kultur langileentzako laguntza neurriei eusteko eskatu diote Madrili, alarma egoeran egoteari utzi ostean ere bai, harik eta, behintzat, «jardueraren osotasuna berreskuratu arte».
Lankidetza eskaria
Reseten iritziz, Madrilek aurkeztutako plana ez da txarra, eta «ontzat» jo du, alde batetik, osasuna eta segurtasuna zaintzea lehenesten dituelako, eta, bestetik, kultura aktibatzen hasteko baliagarri izan daitekeelako. Baina, zehaztu dutenez, neurri horiek ez dira aski sektoreari eutsi ahal izateko, eta, emanaldiak egin ahal izateko ezarritako mugez gainera, emanaldi horiek egin ahal izateko laguntza eta lankidetza ere eskatu dituzte.
Hitzordua eskatu diote horregatik Madrili. Plataformaren ustez, lankidetzan egin behar bailiokete aurre egoera eta baldintza berrietan ere emanaldiak bideragarri egiteko erronkari. Egitasmo pribatuek, erakunde publikoek eta ikuskizunak eskaintzen dituzten guneek elkarrekin aritu behar lukete.
Reset plataformak kultura laguntzeko galdegin dio Madrili
Kultur aretoak irekitzeko ezarritako mugak konpentsatuko dituzten neurriak eskatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu