Requiem bat konbustioari

Norman Foster arkitektoak hautatutako 38 auto bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak 'Motion. Autos. Art. Architecture' bilduman, eta hainbat artelanekin batera jarri ditu ikusgai

Norman Foster arkitektoa, atzo, Bilboko erakusketan. LUIS TEJIDO / EFE.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Oso aldaketa handi baten ertzean gaude, eta, horregatik, konbustioari eskainitako requiem moduko bat da erakusketa». Autoak dira Norman Foster arkitektoaren pasio handietako bat, eta zaletasun horren ondorio da Bilboko Guggenheim museorako antolatu duen Motion. Autos. Art. Architecture izeneko erakusketa. Eraikinaren bigarren solairu osoa hartzen du ibilbideak, eta, zazpi aretotan antolatuta, autogintzaren historian esanguratsuak eta bakanak diren 38 auto bildu ditu: Fosterren bilduma partikularrekoak dira haietako 11. Ibilgailuak daude gelen erdigunean, idulki gainean, eta, haiekin batera, besteak beste, Andy Warholen, Sonia Delaunayren, Henry Mooren, Umberto Boccioniren, Antonio de Gezalaren, Maider Lopezen eta Constantin Brancusiren artelanak ere ikusi daitezke hormetan. Irailaren 18ra arte egongo da zabalik.

Fosterrek gutxi gorabehera kronologikoki antolatu du ibilbidea. Zaldirik gabeko lehen ibilgailuekin hasi, eta munduko hainbat unibertsitatek irudikatutako etorkizuneko ibilgailu prototipoekin amaitu, tartean hamaika auto distiratsu ikusteko aukera ere eskainiz. «Autoa halako zaldun zuri moduko bat da erakusketaren hasieran», azaldu du Fosterrek. Haren hitzetan, ibilgailu motordun haiek «garbiagoak» baitziren sorrera une hartan, hirietan nagusi ziren zaldizko gurdiak baino. Ibilbidean aurrera egin ahala, ordea, argi geratzen dira autogintza masiboak ingurumenean eragindako kalteak, eta, horregatik, azkenean, ibilgailu elektrikoaren atarietaraino eraman nahi izan du kontaketa arkitektoak. «Benetan uste dut etorkizuna beti dela hobea».

Hasi, 1886. urteko Benz ibilgailu batekin hasten da erakusketa, autogintzaren hastapenei eskainitako aretoarekin. Brancusiren Txoria espazioan eskultura estilizatua ere topatuko du bisitariak bertan, inguruan XX. mende hasierako beste zazpi auto dituela. Alexander Calder artistaren Urtarrilak 31 eskultura mugikor erraldoiak gobernatzen du bigarren aretoa, sabaitik zintzilik, eta, besteak beste, Bugatti etxeko 1936ko auto bat, Pegaso modeloko ibilgailu bat eta 1953ko Bentley R-Type Continental bat topatuko ditu bisitariak haren azpian. Auto buxadura bat irudikatu dute hirugarren aretoan, Maider Lopez artistaren Ataskoa lanarekin horman. Eta futurismoa sustatu zuten artisten lanekin batera kokatu dituzte lasterketa autoak erakusketako aretorik handienean.

Apenas aritu den arteaz Foster, erakusketaren aurkezpen ekitaldian, eta nagusiki autoak, energia krisia eta hirigintza izan ditu mintzagai. Etorkizunaren atarian irudikatu du mundua. Kale edo bale. Hirien defentsa irmoa egin du, esaterako, koronabirusak hirietako bizimodua aldatuko ote duen galdetuta. «Historiaren soka luzean koronabirusak ez du ezer aldatuko, baina indartu egingo ditu jadanik hor dauden joerak. Hiria suntsituko duela? Ahaztu hori! Hiria indartu egingo da. Hiria da gure etorkizuna: hirigintza. Gustuko izan edo ez, finean, hiriek ondasuna sortzen dute, aukerak eskaini, askatasuna, heriotza tasa jaisten dute, bizi itxaropena luzatu... Horregatik ari da jendea hirietara migratzen. Hori da gure bizitza, gustatu ala ez».

1999ko motoak gogoan

New Yorkeko Guggenheim museoari egin zion erakusketa antolatzeko lehen proposamena Fosterrek. Autoak ardatz izango zituen diziplinarteko erakusketa bat zerabilen buruan, eta, azkenean, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak eman zion baiezkoa, duela hiru urte. Zuzendariaren hitzetan, geroztik «epikoa» izan da antolaketa, eta «mugarria» izango da aurtengo denboraldian. Bidarte: «Ez da kasualitatea erakusketa hau museo honetan egotea, automobilgintza herri honen DNAren parte delako».

Ez da museoak antolatzen duen mota horretako lehen erakusketa. Bidartek gogoratu duenez, 1999an ere erakusketa zabala eskaini zieten motoei. Autoei eskainitakoak «anbizio handiagoa» duela azaldu du zuzendariak, halere: tamainagatik, zabalik emango duen denbora tarteagatik, ikusgai dauden ibilgailuen bakantasunagatik, eta diziplinarteko mugak gainditzeko duen moduagatik.

Edonola ere, zeharkako aipamen bat baino ez dira izan artelanak erakusketaren aurkezpenean. Ordubetez, ekonomiaren, trantsizio energetikoaren, geopolitikaren, industriaren zein hirigintzaren bilakaeraren artean joan-etorrian ibili da aurkezleen jarduna. Izan ere, Iberdrola energia enpresa eta Volkswagen autogintza enpresa dira erakusketaren bi babesle nagusiak, eta, horregatik, Bidarte eta Foster ez ezik, Jose Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak eta Herbert Diess Volkswagen taldeko zuzendari exekutiboak ere hartu dute parte prentsaurrekoan. Erronka energetikoak eta etorkizunari buruzko gogoetek hartu dute haien solasaldiaren parterik handiena ere.

Jasangarritasunaz eta autogintzaren bilakaeraz pare bat galdera egin dizkie Bidartek bi enpresaburuei aurkezpenean, eta energia fosiletatik aldendu eta jasangarritasunerantz jotzeko beharra nabarmendu dute biek. Eta, hain justu, urrats hori orain egin behar dela iritzi diote bai Sanchez Galanek, bai eta Diessek ere. «Garai egokia da erakusketa honentzat, automobilaren mundua orain aldatuko baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.