«Oh, Transmusicales jaialdira zoaz? Oso garrantzitsua da. Europako programatzaile asko doaz. Izena dauka. Gainera Rennes oso polita da».
Espektatibekin hasi dut Renneserako bidaia. Bilbora gidatu, hegazkin bat hartu Frankfurtera, gero Nantesera beste bat hartzeko. Bai, Alemaniara hegan egin Frantziara iristeko, zergatik ez. Ordu erdiko eskala jarri didate hegazkinen artean, hegaldiak aldatu dituztelako. Pistan lurreratzen garenean, estresatzen hasia naiz. Ondoko gizonak, ez dakit zer hizkuntzatan, behin eta berriro galderak egiten dizkit. Ez diodala ulertzen irribarretsu eta ingelesez hamaika aldiz errepikatu eta gero, gorrarena egiten hasten naiz. Azken batean, gizon bat da, eta ez dakit noraino galduta dagoen edo ez dakien ezezkorik onartzen.
Lurra zapaltzen dut, baina autobus horietako bat jarri digute aireportura iristeko. Badakit ez naizela iritsiko. Korrika maletarekin, terminala zeharkatzen dut, atera iritsi, eta mostradorean esaten didate ateak itxita daudela. Arnasestuka, mesedez lana daukadala esaten diot, eta hegazkinak horrela jarri dituztela konpainiatik. Baietz, ez dela nire errua eta, beraz, datorren egunean jarriko didatela hegaldia. Ni malkoei eusten nago jadanik, «mesedez, bihar kontzertu bat daukat, gaur iritsi behar dut». Mostradore atzetik aurpegi guztia okupatzen dion irribarre batekin, hegaldi-laguntzaileak ea musikaria naizen galdetzen dit. Begietara begiratzen diot; 25 urteko tipo bat izango da. «Zer jotzen duzu?», galdetzen dit. «Bihar jotzen dut», esaten diot. Bi hegaldi jartzen dizkit. Bat Lyonera, bestea handik Nantesera.
Nantesetik autoz ordu eta erdi egin eta goizeko ordu batean iristen naiz hotelera. Hurrengo goizean soinu-proba egiten dut; bi elkarrizketa ingelesez, pabiloi horretan bazkaldu, eta kontzertua ematen dut. Beteta dago. Areto txikia gau-club itxurako leku bat da. Jendea zutik dago, nigandik begiak apartatu gabe, eta oso gertu daude, isilik eta geldi. Beldurra eta guzti sentitzen dut. Dantzatu, abestu, eta denek berdin jarraitzen dute. Ez dakit ondo egoera irakurtzen, baina hori da daukadana. Txalotzen dute behintzat. Batek daki. Handik banoa beste bi elkarrizketatara. Eskolan dauden neska batzuek egiten didate bat. Erantzuten dudanean, haien artean oihu egiten dute: «Incroyable!». Barre egiten dut. Ez dakite, baina asko konpentsatzen dute bidaia hau.