Egun «zoroak» izaten ari dira azken asteetakoak Kamikaz kolektibokoentzat. «Hari pila bat ditugu josteko», adierazi du bertako kide Iraia Elias aktoreak. Lan berri bat taularatzear daude, Renata, eta jo eta su dabiltza entseguekin. Lan luzearen ostean, bihar izango da estreinaldia, 19:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia).
Nekez eta urduritasunez gainezka dauden arren, kolektibokoak gogotsu daude estreinaldirako: «Sorkuntzaren fasea ixteko unea izango da. Bestalde, momentu zaurgarria ere izango da, lehen aldiz publiko aurrean emateak segurtasun falta apur bat ere ematen digu eta». Elias bera Amancay Gaztañagarekin, Erika Olaizolarekin eta Xanti Agirrezabalarekin egongo da oholtza gainean.
Komedia «jostalari» bat da Renata. Eliasen esanetan, protagonistak —obraren izen bera du— gizarte ero bat salbatzeko ardura izango du. Horretarako, «lurtarrak ez diren» gizaki batzuek helarazi zioten mezua zabaldu beharko du Renatak. Distopia batean girotutako antzezlana da: «Mina bizi nahi ez duen gizarte bat da. Eta mina bezala, ez negarra, edo beste edozein emozio. Beraz, heriotza bera ere ez da mahai gainean jarri nahi, eta heriotzaren mina ere ez». Ikusleak Renataren bidaia ikusi ahal izango du antzezlanean, baita bere helburua betetzerik duen edo ez.
Umorea bidelagun
Aktoreak kontatu duenez, heriotzaz hitz egiten den unean «ezinbestekoa» da bizitzaz ere hitz egitea. «Baita bizitzari zerk eusten gaituen azaltzea ere». Antzezlanak gai oso mamitsuak jorratzen ditu, baina lantaldeko kideek badute horiek lantzeko erreminta egokia: umorea. Oholtzara igotzen direnean, jolasen bitartez egiten dituzte lanketak kolektiboko kideek, eta ezinbestean sortzen dute umorea. Elias: «Guk sormen prozesuan barre pila bat egin dugu, eta irudipena dugu ondo egindako proposamen ganberroa daukagula; fina baina ganberroa».
«Guk sormen prozesuan barre pila bat egin dugu, eta irudipena dugu ondo egindako proposamen ganberroa daukagula; fina baina ganberroa»IRAIA ELIASAktorea
Renata, ordea, ez da emanaldian taula gainean egongo den pertsonaia bakarra. 30 pertsonaiatik gora egongo dira kontakizunean, lau aktoreen artean antzeztuak. «Iruditzen zitzaigun gizarte ero bat irudikatzeko behar-beharrezkoa zela gizarte azkar bat izatea», kontatu du kolektiboko kideak; hortik hainbeste pertsonaia izatea.
Pertsonaia guztiek ez dute pisu bera istorioan. «Gutxi agertzen direnek ez dute hainbesteko pisurik, baina agertzen dira, eta beste informazio mota bat ematen dute».
Jantzi bereziak
Hainbeste pertsonaia lantzea «erokeria» gisa definitu du Eliasek. Gainera, adierazi du ez direla pertsonaia psikologikoak, fisikoak baizik, eta gorputza ere prestatu behar dutela batetik bestera salto egiteko.
Antzezteko erronka ez da bakarra, ordea. Jantzi bereziak prestatu dituzte, besteak beste, aldaketak azkar egiteko. Barbara Rassok prestatu ditu. «Nola antzezlanean distopia bat irudikatzen dugun, ez genuen nahi gaur egungo arroparik edo arropa arruntik erabili. Dena oso mugara eramanda dago, eta estetikoki ere ildo berari jarraitzen dio», gaineratu du aktoreak. Haren hitzetan, ikusleei atentzioa emango diete Rassoren jantziek.
«Nola antzezlanean distopia bat irudikatzen dugun, ez genuen nahi gaur egungo arroparik edo arropa arruntik erabili nahi. Dena oso mugara eramanda dago, eta estetikoki ere ildo berari jarraitzen dio»
IRAIA ELIASAktorea
Taldean lan egitea da Kamikaz kolektiboaren ikurretako bat, eta Renata sortzeko ere, bide berari jarraitu diote. Lau kideak —Elias, Gaztañaga, Olaizola eta Agirrezabala— inprobisazioetatik abiatu ziren antzezlana sortzeko. Behin inprobisazio dezente eginda, eta proiektuaren bidea zehaztuta, idazketari ekiten diote. «Idazketa lau eskutara doa, eta ematen du erraza dela, baina oso konplexua da. Ados jartzea, kode komun bat ezartzea, denak ados egongo garen testu bat sortzea...», aitortu du Eliasek. Hala ere, inprobisazioetan «oso material ona» lortzen dutela gaineratu du, eta horrek lana apur bat errazten diela.
Kolaborazioak
Sorkuntza prozesua pasatuta, antzezlana muntatzean izaten duten laguntzari ere eman nahi izan dio garrantzia aktoreak: «Konfiantzazko jendea izatea oso garrantzitsua da, eta guk sostengatzen gaituen lantalde aparta dugu». Espe Lopez arduratu da zuzendaritzan kanpo begirada eskaintzeaz, Eñaut Gaztañaga musika sortzeaz, Imanol Garcia argiteria diseinatzeaz, eta Holyfire Studioko Alain Martinez diseinu grafikoaz.
Obra berrirako, gainera, bi kolaborazio izan dituzte: Odei Barroso eta Xabier Euzkitze. Ez da lehen aldia Barrosok Kamikazerekin kolaboratzen duena: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (2021) antzezlanean ere parte hartu zuen rap bat sortzen. Oraingoan ere testu batzuk sortzeko jo dute harengana. Euzkitzeren kasuan, Eliasek ez du spoiler-ik egin nahi izan.
Iaz hamar urte bete zituen Kamikazek. Elias ez zen kolektiboaren hastapenetan egon, baina, hala ere, izan duen bilakaeraz jabetu ahal izan da: «Asko egonkortu da euskal eszenan». Gaineratu duenez, antzoki asko lan berriren bat noiz aterako zain egoten dira. «Gogotsu hartzen gaituzte». Gainera, publiko bat irabaztea lortu dutela ere uste du; publiko gaztea, hain zuzen.
Biharko estreinaldiaz gain beste hemeretzi saio dituzte programatuak jada. Euskal Herriko hainbat herritan egongo da antzezlana ikusgai, otsailetik hasi eta urrira bitarte. Guztira hogei saio lotuta edukitzea «luxu hutsa» da aktorearentzat. Saio guztien zerrenda www.kamikazkolektiboa.com webgunean dago eskuragarri.
datozen emanaldiak
- Otsailak 7. Zarautz, Modelo aretoa (Gipuzkoa).
- Otsailak 14. Getxo, Muxikebarri aretoa (Bizkaia).
- Otsailak 22-23. Donostia, Gazteszena.
- Otsailak 27. Santurtzi, Serantes aretoa (Bizkaia).