Rekalde aretoa ateak zabaltzeko prest da berriro ere. Datorren astelehenean egingo da berritutako eremuaren inaugurazioa, eta, asteartetik aurrera, hamabi eguneko «programazio berezia» izango dute, eta hainbat jarduera egin. Kulturaren arloarekin lotutako hainbat eragilerekin ia hiru urteko hausnarketa egin ondoren, «ikuspegia berrituta eta instalazioa hobetuta» ekingo dio aretoak aro berriari. «Egungo praktika artistikoak gizartera hurbiltzeko konpromisoa» izango dutela adierazi dute arduradunek. Jarduera bereziak antolatu dituzte, eta, gero, Juan Carlos Egillor artistari eskainitako erakusketarekin berrekingo diote ohiko programazioari. Otsailaren 28an izango da hori.
Rekalde aretoa euskal arte garaikidearen inguruan «elkartzeko eta hausnartzeko» eremu publikoa da, eta egungo arte jarduera askoren «ezagutzan, harreran eta hedapenean sakontzeko» helburua dauka. 1991n sortu zen, eta Bizkaiko Aldundiak kudeatzen du. 30 urteko ibilbidearen ostean, iazko apirilean itxi zituen ateak, eraldaketa bati ekiteko asmoz. Eta, aurrerantzean, Rekalde kaletik beharrean, Iparragirre kaletik izango du sarrera nagusia.
Rekalde aretoaren espazio berritura bisita egin dute asteon Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Alicia Fernandez Rekalde aretoko zuzendariak. Bertan azaldu dutenez, azken xehetasunak amaitzen ari dira oraindik ere, baina datorren astelehenetik aurrera ateak berriro irekitzeko bidean da erakustokia. Etapa berri horrek aldaketa bat dakarrela nabarmendu du Arrizabalagak, «toki fisikoari zein Bilborako, Bizkairako eta euskal arterako duen garrantziari» dagokionez. Haren arabera, eraldaketa honen bitartez, artea «guztiongana» hurbiltzea lortu nahi dute, «artearen formatu eta lengoaia guztietan».
Hainbat berritasun
Aurrerantzean ere, 1.000 metro koadro baino gehiago hartuko ditu aretoak, eta gehien-gehienak —800, zehazki— erakusketetarako erabiliko dituzte. Eta aro berriari «ikuspegi berriarekin» ekingo diotela nabarmendu dute arduradunek.
Hemendik aurrera, «euskal arte garaikidearen erakusleiho izatea» izango du xede; baita «errealitate artistiko eta kultural desberdinetara egokitzea» ere. Horretarako, edozein artistarentzako erakusleiho izan nahi du Rekaldek, arduradunek hedabideei helarazitako prentsa oharrean azaldutakoaren arabera: «Erreferente izango da artista berrientzat, eta haien hazkundea eta ikusgarritasuna bultzatuko du. Era berean, jada nolabaiteko ibilbidea duten artisten lana erakusteko eremua izango da».
Aldaketa ugari egin arren, aretoaren izaera ez da aldatuko. Eremu «publikoa, irisgarria, doakoa eta pertsona guztiei irekia» izango dela nabarmendu dute arduradunek.
Hamabi eguneko programazioa
Gune berrituari ongietorria emateko asmoz, inaugurazio programa berezia antolatu dute arduradunek. Hainbat jarduera izango dira urtarrilaren 28tik otsailaren 9ra bitartean. Guztira, hogei ekitaldi inguru antolatu dituzte. Besteak beste, talde itunduentzako bitartekaritza jarduerak, familian egiteko tailerrak —lau eta hamabi urte bitarteko haurrentzat—, Recalde en obras lanaren proiekzioa edota tokiko sortzaileen topaketa artistikoak.