Ravelen 'Bolero' obra interpretatu du Euskadiko Orkestrak, Kursaalean

Lau kontzertu egin ditu denera Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken bi egunetan, Gipuzkoako milaka ikasleren aurrean

Euskadiko Orkestrak hainbat ikasleren aurrean emandako kontzertua, atzo, Kursaalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Azken bi egunetan goraino bete da Donostiako Kursaal auditoriuma. Izan ere, Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako 5.000 ikasle baino gehiago izan dira bertan. Hain zuzen ere, Maurice Ravelen omenaldi gisara, hark 1928ko udan konposatutako Bolero obra entzun dute ikasle horiek, eta konpositorearen beste lan ezagunenetako bat joz amaitu dute kontzertua, Ma me?re l'Oye obra.

Euskadiko Orkestraren Musika Gela zikloak garatutako ikuskizuna izan da, eta modu parte hartzaile batean interpretatu dute lana ikasleen aurrean. Gorputzaren bidezko perkusioa erabili dute horretarako, Kanboko College Saint Michel de Garicoits ikastetxeko (Lapurdi) Choeur des Colibris abesbatzaren jatorrizko ideia bat oinarri hartuta.

Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzaile Mikel Can?adarena da gidoia, eta Colle?ge Saint Michel de Garicoitseko musika irakasle eta jatorrizko proiektuaren egile Nelly Guilhemsansena, berriz, koregrafia.

Ravel ere Kursaalean

Duela ehun urte, Kursaal Kasino Handiko Orkestrak Enrique Fernandez Arbosen zuzendaritzapean ematen zituen kontzertuak, eta horietara sarritan joan ohi zen Ravel bera. Horregatik, hain zuzen ere, azken bi egunetan egin berri dituen kontzertuen bitartez, Kursaalera itzul zedila nahi izan du orkestrak. Detailerik txikienak ere zaindu dituzte, bada: konpositorearen itxurako lau metroko txotxongilo bat jarri dute agertokian dantzan, eta txotxongilo horrek musika jarri dio koreografiari. Kontzertuaren ondotik, txotxongiloarekin batera, Donostiako kaleetan paseoan ibili dira haurrak.

Kursaal Eszenak eta Euskadiko Orkestrak elkarlanean antolatutako egitasmoaren helburua zera da, Euskal Herriko ikasleei musika klasikoa zuzenean entzuteko aukera eskura jartzea, eta Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa izan du horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.