Konpositorea eta irakaslea

Ramon Lazkano: «Ravel osorik da goresgarria: gizonaren izaera eta musikariaren gaitasuna neurri berean»

Aurten 'Ezker eskua' estreinatuko du, Maurice Ravelen izen bereko pianorako piezan inspiratutako opera. Liburuxka Jean Echenoz idazlearen 'Ravel' eleberrian oinarrituta dago; musikariaren azken hamar urteak fikzionaturik daude bertan.

Ramon Lazkano, Donostian. JON URBE / FOKU
Ramon Lazkano, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko martxoaren 9a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun Parisen bizi da, baina Ramon Lazkano konpositore eta Musikeneko orkestrakuntza irakasleak (Donostia, 1968) ez ditu ahaztekoak bere erroak. Horren froga dira Oskorriz, Hondar, Ilunkor, Hauskor, Ortzi Isilak, Mare Marginis eta berak sortutako beste pieza ugari. Musika konposizioan daramatzan hiru hamarraldietan alboan izan du beti Ravelen lana. 

Zerk egiten ditu berezi Ravelen konposizioak?

Nik bi alde aipatuko nituzke gogotik: batetik, idazkeraren eta artisautzaren perfekzioa, zeharo eredugarria, eta, bestetik, inspirazioaren kalitatea, musikaren perfekzioak berekin daraman afektu itsasketa. Ravelen obra «ale bakanez» egina dagoela diote batzuek: saio bakoitzak bere baitan agortzen omen ditu espresio baldintzak. Bada dialektika antzeko bat ere haren lanean, partituren perfekzio hotzaren eta haurtzaroaren oroimen gozoaren artekoa, gaztetatik haren nortasun musikala zeharkatzen duena.

Zein da haren dohainen artean gehien estimatzen duzuna?

Ravel, niretzat, osorik da goresgarria: gizonaren izaera eta musikariaren gaitasuna neurri berean. Artean bat aukeratu beharko banu, zintzotasuna izango litzateke: bai bere obrarekikoa, bai bere garaiko munduarekikoa.

Haren lanen artean ospetsuena Bolero da. Zure ustez, zergatik?

Bolero lan bitxia da tradizioarekin lotzeko: Louis Andriessen konpositore nederlandarrak lehenengo obra kontzeptuala dela esan zuen. Ravelek berak, Bolero-az, musikarik gabeko musika ariketa bat dela esaten zuen. Beste batzuek, obraren berezitasunen eta konbentzioen arteko loturaren bila, polifoniarik gabeko fuga bat dela ere esan izan dute. Baina, azkenean, zer da? Hasieran Fandango izena eraman behar zuen konpromisozko balleta, bere anaiaren Asnieres-ko  [Frantzia] etxebizitzatik ikusten zen fabrikak inspiratua, futurismoz blaitua, garai hartako musika mekanikoei emaniko erantzunik originalena beharbada. Melodiaren kalitateak eta errepikapenek buruz azkar ikastea ahalbidetzen dute, beste musika askotan bezala. Baina azken zarrastaraino orkestraren dilatazioarekin pausoka eraikitzen duen halabeharrezko denbora metafora existentzial bat da, eta suntsiketa horretan guztiok geure buruaren amaitzea antzematen dugula uste dut.

«Azken zarrastaraino orkestraren dilatazioarekin pausoka eraikitzen duen halabeharrezko denbora metafora existentzial bat da 'Bolero', eta suntsiketa horretan guztiok geure buruaren amaitzea antzematen dugu»

Haren lanik gustukoena zein duzu?

Ezinezko erantzuna eskatzen duen galdera bat da hori, baina, beharbada, guztien artean Ezker eskurako piano kontzertua aipatuko nuke lehenik. Hain zuzen ere, aurten estreinatuko den nire operaren izena La main gauche da, ezker eskua, Jean Echenozen Ravel liburuan oinarrituta; musika pieza hori hartu dut ardatz eta oinarri bezala, bai emozioen esanahiagatik, bai eta euskal musikarekin aurkezten dituen ezaugarriak esanguratsuak iruditzen zaizkidalako ere. Hala ere, ezin ahaztu beste guztia, Biolin eta txelo sonata, Trio, Balsa, Ispiluak, Madagaskarko abestiak...eta haurrarena, noski: Haurra eta aztikeriak.

Zer toki du Ravelek goi mailako ikasketetan? Eta gaur egun egiten den musikan? 

Ravelen tokia garaienetakoa da bai errepertorioan, hala akademian nola kontzertuetan, bai eta musikagileen erreferentzietan ere, zalantzarik gabe. Nire kezka hau litzateke: haren obrari buruzko literatura gehiena frantsesa edo anglo-saxoia da, eta haren musikan nabarmen ageri diren euskal musiken arrastoei buruzko ikerketa sakonik ez da egin oraino. Eta horrek pena handia ematen dit, haren musikaren dimentsio nagusietako bat galtzen delako. Anekdotarako, Ravelek behin esku programa baten eskaintzan Gernikako arbola-renlehenengo notak idatzi zituen, eta ospe handiko musikologo britainiar batek ez zuen identifikatu. Trio-rako gai baten zirriborroa izango zela dio bere biografia famatuan…

Anekdota gisa, nola eta noiz deskubritu zenuen zuk Maurice Ravel?

Betidanik izan dut alboan, materialki: bere eskuz idatzitako lau gutunen jabe izateko pribilegioa dut! Baina, batik bat, nire irakasleei zor diet oso gaztetandik: Francisco Escuderori, Parisko esperientzia klasean kontatzen zidalako; eta Juan Padrosari, zeina Parisen Yves Nat pianistarekin aritua baita, pianoko errepertorio guztia eman zidalako aditzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.