Elektronikarekin errimatu dute rapa Revolta Permanent taldekoek. Rap talde klasiko gisa hasi zuten bidea Iker Villa eta Iker Aginagak, orain urte batzuk; musika oinarri bat jarri eta haren gainean abesten. Mikel Becerra gitarra jotzailea (Herri oihua) eta Aitor Abio piano jotzaile eta konpositorea (PiLT, Matxura) batu zaizkie taldera, ordea, eta uztartuz joan dira hitza eta musika. Zortzi abesti batzen dituen disko bat kaleratu dute orain, Gaua ekoizpen etxekoekin: Genesis. Batera doaz giro ilun eta gordineko oinarriak eta Villa eta Aginagaren ahotsak.
Elkar adituz sortu dituzte kantak taldekideek, eta paretsu doaz horregatik musika oinarriak eta ahotsak diskoan, batak besteari gainik hartu gabe. Hasieratik zuten garbi hori Villak eta Aginagak. «Ez genuen hip hop hutsa egin nahi. Abio taldean egonik, elektronika kutsu hori eta kantek duten zama hori aprobetxatzen saiatu gara. Etengabe rapean aritu ibili beharrean, arnasa hartzeko momentuak eta musikarekin disfrutatzeko tarteak ere nahi genituen. Musikalki indarra bazuten kantek, eta ahotsak ez ditugu sartu abestia betetzeko, baizik eta abestiak laguntzeko». Eta horregatik aritu dira isilago kantariak, musikari ere hitz egiten uzteko. Kantaren alde Abio: «Nire ustez, disko batean kantak dira garrantzitsuena, eta ahotsa behar badute, ahotsa sartzen zaie, eta ez badu ahotsik edo hitzik behar, bada, ez zaio sartzen. Kanta bakoitzak eskatzen du zer behar duen».
Ukitu iluna dute kanta guztiek. Abeslariek deskribatu dute diskoaren kantuz kantuko garapena. «Oso elektroniko hasten da, oso hip hop, baina badoa degradatuz, eta oso pisutsuak dira azken kantak». Ados beste taldekideak ere, baina, diotenez, ez da nahita bilatutako zerbait. Erritmo klasikoagoekin atera zaizkie batzuk, eta erritmo elektronikoagoekin besteak. Guztiekin sentitzen dira eroso, diotenez, eta ez dira geldi geratu. Zortzi kanta sartu dituzte kaleratu berri duten diskoan, baina, diotenez, beste disko bat grabatzeko beste abesti badituzte jadanik. Abiok maite du ziurgabetasunaren akuilu hori. «Azken batean, rocka da hau, zuzenekoa; gustatzenzait erabat bukatu gabe dauden kantak kontzertuetarako prestatzeko proposatzea». Joseba Sarrionandiaren testu batekin sortu dute kanta berri horietariko bat.
Berehala atera du taldekideen arteko adin tartearen gaia Abiok. «Niretzat ilusio, energia eta adrenalina txerto bat dira». Eta Villa, Aginaga eta Becerrak deskribatu dute taldeko giroa. «Furgonetan sei pertsona joaten gara; 20 urtekoak gara hiru, eta 40 urteren bueltan dabiltza beste hiruak. Hiru eta hiru, beraz, baina denok dugu adin bera. Lan egiteko momentuan, denok ditugu 40 urte, eta furgonetan, guztiok 20 urte».
Ilun doaz hitzak ere. «Mezuak ez dira ebidenteak», diote abeslariek. «Hitzak musikak iradokitzen duen giroarekin bat egin dezaten saiatu gara. Horregatik gorantz egiten duen Zoro eta aske abestian, adibidez, kanta ilunago eta introspektiboetan baino argiagoak dira hitzak ere. Abesti bakoitzari letrarekin ere ekarpen bat egiten saiatu gara. Hitzek ere abestiarekin joan behar dute. Osotasunaren alde aritu gara abestietan».
Biziberritu eta moldatu
Hauts artetik biziberritu dute Iker Villa eta Iker Aginagak orain urte batzuk hasitako proiektua. Rap abeslari modura hasi baziren ere, Herri oihua taldea abian jarri eta izen horrekin aritu dira sorkuntzan eta zuzenekoetan azken urteetan. Taldearen agenda moteldu denean, baina, berriz piztu dute hasierako izena. Becerra batu zen taldera lehenik, eta, berpizteaz gainera, moldatu ere egin zen taldea. Bi kideko proiektutik hiru kideko proiektura pasatu eta gutxira, lau kideko proiektura pasatu baita taldea. Abiok egin ditu diskoko musika oinarri guztiak, eta haren estudioan grabatu zituzten kantak ere. Horretan geratzekoa zen hasieran kolaborazioa, baina azkenean animatu, eta taldeko kide bihurtu da orain bera ere. «Entzun nituen taldearen lehen abestiak, eta asko gustatu zitzaizkidan. Oinarri musikalak Internetetik jaisten zituztela esan zidaten, eta hori ongi dago, baina zirikatu ninduen kontuak. Ez nien ezer esan, baina egun batean jarri nizkien nik sortutako oinarri batzuk; gustatu zitzaizkien, eta naturala izan da dena». Eta horixe, beraz, Genesis lanaren genesia.
Rapa eta elektronika errimatzen
Rapa eta elektronika uztartu ditu Revolta Permanent taldeak 'Genesis' diskoan.Aitor Abio musikariak ere bat egin du taldearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu