Rapa, (auto)kritika eta ironia

'Anaia Nagusia' diskoa argitaratu dute Goienetxe Anaiek, oinarri elektronikoekin eta azkarrekin

Euskal rap eszenako talde ia bakarra da Goienetxe Anaiak, Norte Apacherekin eta 2ziorekin batera. Z / BESTEAK.
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gisa askotako hitzak bildu dituzte Goienetxe Anaiek Anaia Nagusia beren lehendabiziko diskoan: zirikatzaileak, ironiaz josiak, kritikoak eta autokritikoak, denak elkarrekin nahasian. Hamar abestik ematen du horretarako eta gehiagorako ere; izan ere, orain bi urte argitaratutako maketarekin alderatuta, kantu bakoitzean hainbat gai landu dituzte, bakarrean zentratu beharrean. Hala, batzuetan gainerako taldeak izan dituzte jo puntuan («espero dut euskal musikak hondoratzea / hondoratu zuen bezala Pitermanek Alaves»), baina aurretik beren buruen autokritika zorrotza eginda («ezkertiartzat dut nire burua / baina ez dut doktrina / edandako coca colaz beteko nituzke hiru piszina»).

«Hitz freskoak dira oro har», dio Ekaitz Astiz taldeko kideak, «nahiz eta denborarekin entzutean hutsune pila dituztela iruditu sarri». Taldeko bik idazten dituzte, eta ondoren bakoitzak berak papereratua kantatzen du. Hirugarren partaidea gehiago arduratzen da oinarriak konposatzeaz. Lan berrian, inoiz baino doinu elektronikoago eta azkarragoak sartu dituzte, eta aurrerantzean ere ildo beretik jarraitzeko asmoa dute.

Astizen irudiko, sortze prozesuaren nolakotasuna emaitzaren araberakoa izan ohi da gehienetan. «Mezua interesatzen bazaizu bereziki, errimak lantzen dituzu, eta hitzetan jartzen duzu arreta berezia. Aldiz, flow-a bada benetan landu nahi duzuna, lehenik musika konposatzen duzu, horren gainean doinu batzuk marmarian abestu, eta, azkenik, hitzak gehitu».

Diskoaren izenaz (Anaia Nagusia) galdetuta, ostera,joko baten emaitza dela azaldu du. Alde batetik, anaia-ren kontzeptua sartu nahi zuten; bestetik, George Orwellen 1984 eleberriari egindako keinu bat da. «Hala ere, ez gara konspirazio horrekin hain paranoikoak, nahiz eta, errealista izanda, gauza jakina den kameraz josirik gaudela eta kontrol sozial handia dagoela».

Batez ere, rap espainiarrean ditu erreferenteak Astizek, eta Doble V (Violadores del Verso) eta Tote King aipatu ditu, besteak beste. Abeslari amerikarrak ere gustuko ditu. «Euskaraz, tamalez, ez dut gauza handirik entzuten. Garai batean, Selektah Kolektiboa bai, dezente entzun nuen, baina ez nituzke erreferentetzat hartuko». Gaineratu duenez, euskara hutsean kantatzen duten hiru rap talde besterik ez dago egun: Norte Apache, 2zio, eta haiek. «Beste bi taldeak gu baino zuzenagoak dira hitzetan, eta doinuetan hardcore aldera jotzen dute gehiago».

Goienetxe Anaiak zuzenean ikusi nahi dituenak abuztuaren 21ean izango du aukera, Bilbon eskainiko duten kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.