Ramon Saizarbitoria: «Euskara ez da salbatuko jatorkeriaren bidetik»

Saizarbitoriaren 'Martutene'-ren irakurraldi publikoa egingo dute hurrengo asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian, eta euskarari buruzko bere kezken berri eman du idazleak saioaren aurkezpenean

Bilboko Arriaga antzokian asteazkenean egingo duten Martutene liburuaren irakurketa jarraituaren aurkezpena; irudian, Ramon Saizarbitoria. OSKAR MATXIN EDESA /FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Estatistikek diotenez, sekula ez da hainbeste jende izan euskara jakin eta erabiltzen ez duena». Itxuraz aurkezpen formal eta instituzionala izatekoa zena, euskararen eta euskal literaturaren erronkei buruzko 11 minutuko konpendio bilakatu du Ramon Saizarbitoria idazleak (1944, Donostia). Bilbo Zaharra euskaltegiak euskal literaturako klasiko baten irakurraldi publikoa antolatzen du urtero, 2008az geroztik, eta Martutene eleberria hautatu dute aurtengo saiorako. Guztira, 200 pertsona baino gehiago bilduko dira hurrengo asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian, bakoitza liburuko pasarte txiki bat irakurtzera, eta digitalki hartuko dute parte beste 300 pertsona inguruk. Eta, hain justu, saio hori aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan eman du Saizarbitoriak bere kezken berri. «Euskaldunen artean gazteleraz aritzeko tabua erortzen ari da, ustez normalak garelako, kontzientzia linguistikoa galtzen ari garelako, errazago zaigulako, geure burua erreprimitzeaz nekatuta gaudelako».

Lotsa eta errua hartu ditu mintzagai hasieran. «Nobela guztietan izaten da beti nobelagileak bereziki maite duen pasarteren bat, lortzen duelako sentipen edo esperientzia bat biltzea». Eta, Martutene-ren kasuan, Martin izeneko pertsonaiak idatzitako kontakizunarena da Saizarbitoriarentzat berezia den pasarte hori. Faustino Iturbe da kontakizun horren protagonista; euskara eta euskal literatura irakaslea da bera, eta ikasleen artean badu ETAk hilko duen polizia baten alaba bat, bereziki maite duena. Saizarbitoriak azalpena: «Lotsatzeko zerbait sentitzen du, gogoratzerakoan neskaren etxera doluminak ematera joan zenean —sala poliziaz beteta zegoen, batzuk penatuta eta biraoka— gizona ez zela gauza izan bere burua euskara irakasle modura agertzeko, alegia, euskara ukatu zuelako Pedrok, oilarra kukurruka jo baino lehen Jesus hiru aldiz ukatu zuen moduan. Zaila izan baita batzuentzat euskaldun izatea».

Lehen latina bezala

Idazleak dioenez, bere euskalduntasuna nola bizi asmatu ezinik dabil euskalduna. «Une oro zaude zalantzan, zeure umorearen, gogoaren eta militantismoaren arabera, aurrean daukazun pertsonari, dendari, funtzionario edo dena delakoari zer hizkuntzatan hitz egin behar diozun, adibidez». Eta, hain zuzen ere, euskararen normaltasun eza dago egoera horren muinean, Saizarbitoriaren hitzetan. Baina nekea eragiten du militantziak, idazleak dioenez. «Nekatu egiten da jendea umeei behin eta berriz demanda egiten ibili beharra euskaraz egin dezaten».

Erdarara joz gero, beren aitak mahaian ukabilkada jo eta «euskaraz!» oihu egiten ziela gogoratu du idazleak, eta susmoa du egoera irauli ote den.: «Horrela, eskolak ukatzen zigun etxeko hizkuntzari eutsi genion. Orain, berriz, modu neurritsuagoan egindako agindu berari, 'Que no estamos en la ikastola' erantzun bide dio umeren batek. Nekea nabari dut nire inguruan».

Euskararen estatusa ere aldatu dela dio idazleak. «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena, ez euskaldun guztientzat behintzat. Askorentzat, oposizioetan puntuak ematen dituen ikasi beharreko hizkuntza da. Nire denboran latina bezala, azterketa gainditzeko ikasi beharrekoa, eta asasinoen hizkuntza ere jarraitzen du izaten norbaitentzat».

Kontzientzia linguistikoaren beheraldiarekin lotu du Saizarbitoriak Martutene-rekin gertatutakoa. «Aurrez sekula gertatua ez zitzaidan zerbait gertatu zait: euskara maila oso oneko batek baino gehiagok aitortu dit gazteleraz irakurri duela. Duela hogei urte ez ziren ausartuko halako aitorpenik egiten; ezinezkoa ere bazen, orduan euskal nobelak ez zirelako, orain bezala, ia aldi berean bi hizkuntzatan argitaratzen».

Zahartzaroak ematen dion perspektibatik «sinestezin» zaizkion bi gauza aipatu ditu idazleak. «Bata, nire lehendabiziko nobelan erabili nuen gaiak, abortuak alegia, mende erdi ondoren gai eztabaidagarria izaten jarraituko zuela; bestea, mende erdi ondoren, euskara batua mespretxatuko zuen jende gaztea egongo zela. Zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala besterik gabe nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako euskerie aldarrikatzen dutenak baino».

Sakon deitoratu du bide hori. «Beti uste izan dut euskara salbatzekotan, desagertzeko arriskuan baitago, bikaintasunari eta prestigioari lotuta izan daitekeela bakarrik, ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik».

Asteazkenean, Ramon Saizarbitoriak berak hasiko du liburuaren irakurketa, 08:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.